Ia mende laurdeneko lan ibilbidea du telebistan Jon Larrañagak (Azpeitia, 1976). Hitz biziko pertsona da eta jakin-min handikoa. Kamera atzeko lana gehiago maite du aurrekoa baino. Kazetaritza eta Komunikazio Zientziak ikasi zituen EHUn, eta 1999. urtean, ikasketak bukatu orduko, ETBn hasi zen lanean bekadun gisa. "Aurrez, unibertsitatean nenbilenean, aldizkari batean jardun nuen, eta gero, Euskadi Gaztean kolaborazio txiki bat egin nuen urtebetez, goizeko programan. Itziar Alduntzinek aurkezten zuen irratiko saio hura; hark nirekin ikasi zuen unibertsitatean, eta astero zerbait egitea proposatu zidan. Garai hartan, ia sakelako telefonorik ere ez zegoen", dio hasierako urteez kazetari azpeitiarrak. Formatu askotako telebista saioetan egin du lana, ia guztietan kameraren atzean. Erreportari, gidoilari, saioaren zuzendariorde, zuzendari... postuetan aritu da.
Gaur egun, Elhuyarrek eta ETBk ekoizten dutenTeknopolis telebistako saioan ari da erreportari lanetan. Orain dela bi hilabete, bi sari irabazi zituen programa horretarako egindako bi lan tarteko: Almeriako Prentsa eta Kazetari Elkarteak banatzen dituen Colombine nazioarteko kazetaritza sarietako bat Adimen artifizialaren generoa lanagatik; eta Madrilgo Industria Ingeniarien Elkargoak banatzen duen Luca de Tena saria Metalak, material preziatua lanagatik.
Komunikazioan ibilbide luzea duzu, baina beti telebistan aritu zara.
Txiki-txikitatik gustatu izan zait telebista, betidanik. Gauzak telebistan ikustea, gauzak nola kontatzen zituzten... beti gustatu izan zait hori dena. Gaur egun ere, telebista asko ikusten dut, baita irratia entzun ere. Ez naiz hainbeste idaztekoa, baina bai ikustekoa. Telebistan zerbait ikusten dudanean, lanbidearen ajeagatik edo, nik nola egingo nukeen edo ez nukeen egingo pentsatzen aritzen naiz beti. Beraz, ez naiz asko erlaxatzen telebista ikusten dudanean. Azken urteetan mundu lasaiagoan ari naiz lanean, baina oraindik ere asko erreparatzen diot telebistan ikusten dudanari.
Elhuyarrek eta ETBk ekoizten duten Teknopolis saioan egiten duzu lana. Noiztik?
2019ko irailean hasi nintzen, COVIDak eragindako izurria baino sei hilabete lehenago. Ni Elhuyarren hasi eta sei-zazpi hilabetera denok etxeratu egin gintuzten, zientziarekin lotura zuen eta Elhuyarrekooi asko interesatzen zitzaigun gai bat tarteko. Garai haietan asko ikasi nuen.
Telelanerako hainbat teknologia eta erreminta ere erabilgarri egin ziren sasoi hartan.
Lana egin dudan toki ia guztietan telelana egitea nahiko zaila izan zait, eta pixka bat horren aurkakoa izandakoa naiz. Niri taldean lan egitea gustatzen zait, iruditzen zaidalako denok batera lan eginda produktuek eta gauzek hobeto irteten dutela. Gainera, nik parte hartu izan dudan proiektuak ez dira egunero lan bera egitekoak izan. Elhuyarren sartu eta hilabete gutxira etxera bidali gintuzten, baina gure programak ez zuen etenik izan. Konfinamendu garaian, telebista programa batzuk eten edota beste era batera egin zituzten, eta langile batzuek kalean bukatu zuten. Guk, berriz, saioarekin aurrera egin genuen, gure gaia ere bazelako: zientzia, mikrobiologia eta horren atzean zer zegoen. Niretzako oso mundu arrotza eta berria zen, baina oso interesgarria ere bai.
Lanean ikastea ere egokitu zaizu, ezta hala?
Kazetaritzak badu gauza on bat: beti gauza berriak ikasten ari gara. Beti galdezka ari gara, istorioak kontatzen ditugu, eta istorioak kontatzen ditugun heinean, gauza piloa ikasten ditugu. Kazetarioi une batean politika lantzea egokituko zaigu, eta hurrengoan, igoal, gai sozialak. Niri orain zientziaren munduari lotuta lan egitea egokitu zait, adibidez. Lehen gora begiratuta eguzkia, izarrak... bakarrik ikusten nituen; orain, aldiz, badakit konstelazioak daudela, beste planeta batzuk daudela, Euskal Herrian punta-puntako teknologia egiten dela ilargira gauzak bidaltzeko... Gauza interesgarri asko ikasi ditut.
Teknopolis saioak euskara, teknologia eta zientzia uztartzen ditu. Hain zuzen, zientziaren dibulgazio arloan euskaraz egiten den programa bakarra da.
Hasieran arrotza egin zitzaidan terminologia jakin bat euskaraz ikastea eta erabiltzea. Azpeitiarra, euskalduna eta ama hizkuntza euskara izan arren, gai serioak edota intelektualak jorratzerakoan erraz jo izan dut gaztelaniara edota gaztelaniako terminologiara. Elhuyarren ikusi dut langileak euskaraz hezita daudela, eta arreta jartzen diotela termino batzuen euskarazko hitz baliokideak bilatzeari: "Hau nola esango dugu euskaraz? Zein termino da egokia hau adierazteko?", esaten dute. Asko ikasi dut zentzu horretan ere.
Horrez gain, konturatu naiz Euskal Herrian euskaraz dakien zenbat jende inteligente daukagun, zientziaren munduan lan egiten duena eta egiten dituen gauzak oso ondo azaltzen dituena. Ez nuen uste gurea bezalako komunitate txiki batean zientzian goi mailan zebilen hainbeste euskaldun zegoenik.
Bi sari jaso zenituen azaroan Teknopolis saiorako egindako bi lan tarteko: Almeriako Prentsa eta Kazetaritza Elkarteak Adimen artifizialaren generoa lanagatik emandako Colombine nazioarteko saria; eta Madrilgo Industria Ingeniarien Elkargoak Metalak, material preziatua lanagatik emandako Luca de Tena saria.
Teknopolis saioak eta zientziaren munduak irakatsi didate zientzia zabala dela eta esparru ugari jorratzen dituztela zientziak eta teknologiak. Teknopolis-en horiek guztiak lantzen ditugu, eta horren emaitza da beren artean oso desberdinak diren bi gairekin sariak lortzea. Eta esan beharra dago, bi sari horiek lantalde oso baten lanaren emaitza direla.
Gai batzuk oso teknologikoak izanda ere, jakin egin behar da astuna izan gabe horiek modu dibulgatiboan azaltzen. Horretarako, bi lan egin behar dira: lehenengo, norberak ulertu behar du gaia; eta gero, kazetariak saiatu behar du jendeak ulertzeko moduan azaltzen, ikusleengan gogo edo gutxieneko interes bat sortzeko. Pertsonalki, niri gehiago interesatzen zait ukitu soziala duten zientzia eta teknologia gaiak jorratzea; alegia, gizarte moduan edo gizaki bezala eragiten diguten gaiak. Behin exoeskeletoei buruzko erreportaje bat egin nuen; horiek mekanismo teknologikoak dituzte, baina atzean osagai sozial garrantzitsua dago. Horrelako gaiak erakargarriagoak egiten zaizkit lantzeko.
Zertarako balio dute horrelako sariek?
Zientzia dibulgazioko saioei oihartzuna emateko balio dute sari horiek. Inportantea da zientzia gaiek tokia eta presentzia izatea. Esaterako, telebistan entretenimenduak eta eguneroko albisteek askoz oihartzun edota toki gehiago izaten dute, baina telebista publiko batean zientziari lotutako dibulgazio saioak ere egon egin behar du. Gainera, Teknopolis-ek audientzia nahiko fidela dauka.
Sariok ondo egindako lanaren emaitza dira, bi esparru desberdinetan lana egiten duen jendeak emandakoak direlako: batetik, kazetari batzuek ikusi dute zientzia eta teknologia gaiak zer modu onean jorratu ditugun; eta bestetik, ingeniari batzuek ikusi dute zer ondo erakutsi edo adierazi dugun haien esparruko gai bat. Esan beharra dago, Teknopolis saioak denera sei sari jaso dituela 2024an, eta denak oso arlo desberdinetakoak izan direla. Gurea lantalde oso txikia da, baina gaiak mimoz aukeratzen ditugu.
Beti telebistarako, baina era askotako formatuetan aritu zara. Zertan?
Kazetaritza ikasi eta albistegietan hasi nintzen bekadun. Sasoi hartan batzuetan irteten genuen kameraren aurrean, baina kamera aurrean ez zen jarduten gaur egun bezainbeste. Gero, urte oso bat egin nuen erreportari lanetan Bertatik Bertara saioan, eta Sorginen Laratza programan hiruzpalau urtez jardun nuen kazetari lanetan, batzuetan aurpegia emanez; gerora, gidoilari postuan jarri ninduten saio hartan. Telebistan era askotako lanak egitea egokitu zait: erreportari, kazetari, gidoilari, gidoilari umoregile, zuzendariorde, zuzendari... Gidoilari aritzea oso esperientzia polita izan zen, asko ikasi nuen. Mihiluze saioan, berriz, zazpi urte egin nituen; Kike Amonarriz zen zuzendaria eta ni zuzendariordea. Burubero saioan, bestalde, bi urte egin nituen, zuzendari eta zuzendariorde lanetan. Ez naiz lehiaketa zalea, baina Mihiluze-n asko ikasi nuen, eta gainera, euskararen eta euskal kulturaren aldeko lana egin genuen entretenimendutik, modu dibertigarrian.
Beti kamera atzean egin al duzu lana?
Oro har, bai. Konturatu naiz askoz gehiago gustatzen zaidala telebistako kamera atzeko saltsa hori edo gauzak antolatze hori. Agian, arrastoa aurkezle batek uzten du, baina 'boterea' edota saioaren gidaritza kameraren atzean dagoela iruditzen zait.
Badaude kameraren aurrean lan egitea gustatzen zaien oso profesional onak, eta eskerrak. Izan ere, horrelako jendea dagoelako gaude beste batzuk atzean lanean. Niri ikus-entzunezkoen mundua asko gustatzen zait, baina kamera aurrean ez naiz eroso sentitzen. Kamera aurrean jarri beharko banu, jarri egingo nintzateke, ordea. Adibidez, orain Teknopolis saioan erreportariok ere kamera aurrean azaldu behar dugula erabakiko balitz, hala egingo nuke; ez nintzateke asaldatuko, hori ere beti izan delako nire lanaren zati bat.
Zientzia eta teknologia nola, hala aldatzen ari da komunikazioaren eta hedabideen mundua ere. Aurrera begirako zer erronka ikusten dituzu?
Dena da adimen artifiziala, eta zientzia dibulgazioko saio batean lana egiten dudan neurrian, adimen artifizialaren mundua ere interesekoa zait. Gauza on piloa ditu, eta erreminta baliagarria izan daiteke. Batzuetan zera esaten dugu: "Jendeak adimen artifizialaren bitartez gezurrak esaten ditu". Igoal, baina, gezur batzuk atzemateko ere erreminta egokia izan daiteke. Gertatzen dena da, kanpotik ikusita, gauzak hain azkar eta hain ondo egiten dituztenez, gu ere –pertsona, langile, kazetari...– dena azkar eta ondo egitera bultzatzen gaituztela; izan ere, korrika doan mundu batean goaz aurrera. Niri, ordea, batzuetan zaila iruditzen zait kazetaritza lana azkar eta ondo egitea. Zorionez, Teknopolis-ek asko laguntzen dit horri aurre egiten: beste era bateko programak egiten ditugu, pentsatzeko denbora egoten da, gaiak jorratzeko denbora izaten dugu, eta nik hori guztia asko eskertzen dut. Lasaiago egiten dugu lana, baina askoz zehatzago eta zorrotzago, eta hori ikasketa bat izan da niretzako. Aurrez egindako lan gehienetan ez genuen sakontzen hainbeste, eta falta hori sumatzen nuen; orain asti gehiago izaten dugu. Askotan, ordea, gaur egungo gizarteak eta teknologiak ez dute ahalbidetzen lana lasai eta ondo egitea. Beraz, adimen artifiziala eta aldaketa teknologiko berri guztiak gure lana hobeto egiteko balioko diguten neurrian erabili eta txertatu behar ditugu. Aurrerapen teknologiko denak onak direla iruditzen zait, baina tamaina hartu behar diegu, horiek ez gaituzte jan behar, gure lanera eta gure errealitatera egokitu behar ditugu.
Telebista kontsumitzeko modua ere asko aldatu da. Horrek zertan eragiten du?
Telebistak erronka handiak ditu etorkizunari begira, ikusleak nahi dutena ikustera joaten direlako eta nahi dutena kontsumitzen dutelako. Gauzak horrela, ez dakit telebista ireki publiko batek, zerbitzu publikoa eskaini behar duenak, zer bide edukiko duen. Telebista kontsumitzeko egungo joerak alde onak eta txarrak ditu; izan ere, nahi duzun horren bila joanda, ezustean gauza interesgarri piloa ikusteko aukera galtzen duzu. Telebista bakarra genuenean, zegoena jaten genuen, botatzen zigutena ikusten genuen, eta gauza batzuk gustatzen zitzaizkigun eta beste batzuk ez.
Era askotako lanak eginda, zerbait probatzea falta al zaizu?
Beti esaten dut irratian lan egitea falta zaidala. Telebistarekin ez dauka zerikusirik, baina asko gustatzen zait irratia. Telebistan ere seguru badaudela gauza berriak egiteko; orain, gainera, formatu berriak sortzen ari dira. Telebistako lanak erakutsi dit beti etortzen direla formatu eta gauza berriak egiteko aukerak, eta horrek ez nau kezkatzen. Gehiago arduratzen naute kazetaritzaren eta telebistaren munduan dauden lan baldintza eskasek. Segurtasun gabezia eta ezegonkortasun izugarria dago horietan. Egonkortasunaren eta gustuko lanaren arteko oreka bilatzea gustatuko litzaidake. Gaur egun oso gustura nago Elhuyarren. Niri era askotako gauzak egitea gustatzen zait, eta intentsitate handiarekin bizi dut guztia, onerako eta txarrerako. Kazetarion lana hori da: gauzak kontatzea eta ulergarri egitea, eta galderak egitea.