Txikitatik erakarri izan du Oihane Larrañaga (Azpeitia, 1980) artearen munduak. Sormenari bide eman dio afizio zuena ogibide bilakatuta; barne diseinuaren arloan ari da jo eta su lanean.
Zergatik erabaki zenuen arlo horretako ikasketak egitea?
Garbi neukan arlo artistikoari lotutako zerbait ikastea nahi nuela. Azkenean, Diseinua hasi nintzen ikasten, bi urte egin nituen horretan, eta, gero, Barne Diseinuan espezializatu nintzen.
Etchola Atelier proiektuaren sortzailea zara. Noiz jarri zenuen martxan, eta zergatik?
Etchola Atelier proiektua 2013an sortu zen, eta ordutik gaur arte forma hartzen eta garatzen joan da. Ideia batetik sortu zen egitasmoa, eta 2013an martxan jarri nuen arren, hainbat arrazoi tarteko, egitasmo hori alboratu eta beste lan batzuetan aritu izan naiz, beti barne diseinuaren arloan. Orain dela urte batzuk, 2021ean, berrartu nuen proiektua, eta ordutik buru-belarri ari naiz horretan. Donostiako estudio batean ari nintzen lanean, eta bukatzean, sentitu nuen orduantxe zela momentua. Orduan heldu nion berriro nire proiektuari, eta autonomo gisa hasi nintzen lanean. Baina beti hor egon da Etchola Atelier, beti presente izan dudan gauza bat izan da.
Ekintzailea zara. Erraza al da emakumea eta ekintzailea izatea? Zer oztopo topatu dituzu bidean?
Emakume izatea eta ekintzaile izatea bi gauza desberdin dira niretzako, bakoitzak bere pisua du. Ekintzaile izatea zaila da denontzako, bakarrik hasteak beti eragiten baititu beldurrak eta abar. Erronka handi bat izan da, apustu handi bat. Ilusio guztiarekin hasi nintzen, dena emanda, baina egia da kudeaketa lan handiak ekartzen dituela autonomo aritzeak, burokrazia handia, eta askotan energia asko kentzen duela. Ardura handia da. Aldi berean, esango nuke, behar besteko babesik ez dagoela erakundeen aldetik.
Emakume izateari dagokionez, esatea nahiko nuke gure mundua oro har gizonezkoena dela; eraikuntzaren munduan, obra zuzendaritza batean, gremio guztietako ia langile denak gizonak izaten dira. Obra bat koordinatzerakoan, normalean ni izaten naiz emakume bakarra. Sentitu izan dut emakumea naizelako oztoporen bat edo beste izan dudala bidean, baina ez naiz gauza horiekin korapilatzen. Hori nabaritu arren, aurrera egin dut, eta lana ondo egiten saiatu naiz. Esan behar dut talde onak izan ditudala lanerako, baina, bai, emakume izatea bada oztopo bat. Batzuetan eman izan didate min entzundako gauzek, baina saiatu izan naiz inportantea den horretan zentratzen: lana ondo egiten eta emaitza txukuna lortzen.
Barne diseinuan asko aldatzen al dira joerak?
Beti egon ohi dira estilo ezberdinak denbora berean elkarbizitzen. Nik neureari egiten diot kasu; ez naiz modak asko jarraitzen dituen horietakoa. Neuri interesatzen zaizkidan joerak hartzen ditut kontuan, baliagarriak iruditzen zaizkidanak. Espazio atenporalak sortzen saiatzen naiz; izan ere, gaur kolore bat modan dagoen arren, datorren urtean beste bat egongo da, eta oso azkarra izan ohi da aldaketa. Orduan, saiatzen naiz denboran iraungo duen emaitza bilatzen.
Orain zer dago modan?
Une honetan zerbait nabarmentzearren, esango nuke modan daudela espazio naturalak; karea, egurra, zementua, igeltsua eta horrelako materialak. Wabi-sabi estiloa deitzen zaion japoniar estetika tradizionalean oinarritzen dena, hain zuzen ere, iraunkortasunean oinarritzen dena. Bestalde, estilo eklektiko-barrokoa ere asko ikusten da, joera pixka bat kargatuagoa da hori. Bi joera horiek aipatuko nituzke.
Etxebizitza bat janzterakoan, jendeak zer eskatzen du?
Bezero batek, normalean, erosotasuna eskatzen du. Bezero bakoitzak bere beharren arabera egokitu nahi izaten du etxea. Batzuek etxe berria erosten dute, baina ez dute horrela nahi izaten beraientzat, eta erreforma bat egitea eskatzen dute. Beste batzuek denbora bat ematen dute etxe horretan bizitzen, baina beren bizimodua aldatu delako, aldaketa bat egin nahi izaten dute eta abar. Erosotasuna eta ongizatea bilatzen ditu jendeak.
Jendea ez al da askotan, zerbait erosoa eskatu beharrean, polita jartzeko tranpa horretan erortzen?
Nik uste dut jende askok gaur egun joera duela dena azkar egiteko; dena ja nahi du. Askotan, azkar egin nahi horretan, gauzak erosten ditugu nondik erosten ari garen jakin gabe, zer den, non egin den, nola... Askotan ez dugu baloratzen produktu bakoitza non egindakoa den, bertakoa al den, horren atzean zer lan dagoen... Horri garrantzia ematen saiatzen naiz; nire filosofiaren barruan, hori kontuan hartzen dut. Askotan, bertako produktua garestia izatearekin erlazionatzen dugu, baina produktu horiek iraun egiten dute, atenporalak dira... Beti ez da garestia soluzioa, aurrekontu guztietako irtenbideak daude.
Jendea ari al da txip aldaketa egiten?
Uste dut batzuek baloratzen dutela, baina ez dakit jendea zenbateraino den kontziente. Kontzientzia pixka bat hartu beharko genuke. Arroparekin ere bai, jatekoarekin... Bizimodua ulertzeko modua aldatu beharko genuke, oro har. Askoz hobe da gutxi eta ona erostea, asko eta txarra baino.
Norberaren izaera, energia... halakoak gero eta gehiago hartzen dira kontuan barne diseinuan. Halakoak kontuan izaten al dituzu?
Bezero bakoitzaren izaera hartzen dut kontuan. Azkenean, pertsona batek zugana jotzen duenean, ezagutu egin behar duzu, gertuko harremana izaten dugu, bere beharrak ezagutzen dituzu... Ez dut filosofia bat jarraitzen zehazki; intuizioz lan egiten dut, nire ustez bezeroarentzat egokiena dena lortzeko. Emaitzak ezberdinak izan daitezke etortzen den pertsonaren arabera.
Ondo atondutako etxe batek zer ezaugarri izan behar ditu?
Gure etxea gure babeslekua da. Kontzeptu hori izaten dut beti kontuan; gure etxean goxo sentitu behar dugu, gustura. Kanpoko buila edo zarata horretatik babestuta sentitu behar dugun espazio bat da etxea. Ondo sentitzeko, hainbat ezaugarri eduki beharko lituzke. Batetik, etxe ordenatu batek laguntzen dizu burua ere ordenatuago izaten; garrantzitsua da gauzak gordeta egotea eta kanpoan gauza gehiegi ez pilatzea. Bestetik, argi naturala izateak ere laguntzen digu ondo sentitzen. Eta, azkenik, etxea ondo akondizionatuta egotea ere garrantzitsua da; berogailua izatea, isolatuta egotea, zaratak saihestea, hezetasunik ez egotea...
Zuretzako zeintzuk dira etxola idealak ezinbestean izan behar dituen ezaugarriak?
Etxola gizakiak egindako lehenengo eraikuntzetakoa da. Etxolak inguruko materialarekin osatutako eraikuntzak ziren, eta nik horrela egiten dut lan. Material naturalak erabiltzea gustatzen zait eraikitzerakoan: egurra, harria, zeramika... eta bertako altzariekin atontzen ditugu etxeak. Euskal Herrian kalitate oso ona dago, eta horren alde egiten dut apustu. Garrantzi handia ematen diot tradizioari, nortasunari, kokapenari... Baina badauzkat hemengoak ez diren marka erreferente batzuk ere, asko gustatzen zaizkidanak, eta horien produktuak ere baliatu ohi ditut proiektuetan. Hala ere, lehen aipatu dudan filosofia jarraitzen duten markak dira.
Etxolaz edo etcholaz hitz egin duzu. Baina zer da Atelier?
Etchola da proiektuaren parte bat, eta beste bat Atelier. Etchola barne diseinuari dagokion atala da, eta atelier tailerra litzateke euskaraz; piezak sortzen ditut. Tailerrean, sormena landu eta pieza propioak sortzen ditugu: lanparak, altzariak... Ni piezen diseinuaz arduratzen naiz, eta kolaborazio bidez garatzen ditugu; zeramistekin, ebanistekin... aritzen naiz elkarlanean.
Diseinu arloarekin lotutako pertsona guztiek izaten dute estilo propioa. Zurea zein da?
Erosotasuna, ongizatea, goxotasuna eta arimadun espazioak; horiek dira nire lanerako ardatza. Inperfekzioarekiko eta soiltasunarekiko sentiberatasuna lantzen ditut; material naturalak eta bertakoak baliatuz. Nonbait sailkatu beharko banu nire estiloa, warm minimalism deitzen zaionean sailkatuko nuke. Minimalismo goxoa izango litzateke euskaraz. Minimalismoa da forma soilak baliatzea, espazio garbiak eta goxoak sortzea; ez daitezela izan oso kargatuak. Dena den, nire sormen prozesua etengabea da, eta norbaitek beste zerbait eskatuz gero ere, niretzako erronka bat izango litzateke. Ez diot ezeri aterik ixten.
Zure lanean islatzen al da zure izaera?
Bai, guztiz. Nik beti ni izan behar dut, eta emaitzean antzeman egiten da hori. Ez banaiz ondo sentitzen, ez dut proiektu bat egiten. Ondo sentitu behar dut lortu dudan emaitzarekin. Saiatzen naiz nire esentzia mantentzen hasieratik bukaerara.
Argazkilaritza, moda... ere gustuko dituzu. Arteak bereziki erakartzen al zaitu?
Bai. Txikitatik datorkit arterako joera. Aitak margotu egiten zuen, etxean ikusi izan dut horretan, eta harengandik badatorkit zerbait. Pintatu egiten zuen, argazkiak ateratzen zituen, eskultura ere lantzen zuen, altzariak berrerabiltzen zituen... Sormen handia zeukan. Harengandik etorri zaidala esango nuke, eta egia esan, arteari lotutako dena gustatzen zait: musika, moda, pintura... Denetarik egiten dut. Uste dut erlazionatuta dagoela guztia.
Lortu duzu benetan gustatzen zaizun hori zure lanbidera ekartzea.
Bai. Izan ere, sormena lantzen ez badut, zerbait falta zaidala iruditzen zait.