Gutuna

Hainbat arrazoi, adinekoen egoitzak gaur egun dagoen lekuan jarrai dezan

Maite Aizpuru 2025ko urt. 21a, 09:23

San Martin egoitzan kokatuta dagoen plaka.

Honako gutun hau bidali du Maite Aizpuruk Azpeitia Gukaren erredakziora. San Martin egoitza gaur egun kokatuta dagoen leku berean, Artzubia hiribideko eraikinean, manten dezatela eskatu du hark, hainbat argudio erabilita.

San Martin egoitzak gaur egun dagoen leku berean jarraitzeko arrazoiak dira honako hauek.

Lehenik eta behin, gogoan izan behar da –hori baita garrantzitsuena– gaur egun kokatuta dagoen egoitzaren lurzorua eta bi eraikinen lagapena behar gehien zuten pertsonentzat egin zuen Felix Ortiz de San Pelayok. Beraz, gune hori halako egitasmo sozialetarako izan behar dela gogoratu behar da, ez beste edozein jardueratarako.

Nagusien egoitzaren kokapena oso garrantzitsua da, egoiliarrek beren familiekin eta lagunekin duten lotura egunerokoan mantentzeko. Hurbiltasunak aukera ematen du ingurukoek horiek maizago bisitatu ahal izateko eta joan-etorrietan denbora eta dirua aurrezteko. Gaur egun egoitza dagoen lekuak bikain betetzen du baldintza hori.

Herriaren erdigunean dauden egoitzek mugitzeko aukera eta erosotasun handiagoa ematen diete egoiliarrei; beren herriaz gozatzeko, irten nahi izanez gero irteteko eta senideen eta lagunen bisitak jasotzeko.

Bestetik, San Martin goitza oso leku lasaian dago kokatuta egun, eta denok dakigunez, egoiliarrei zaratetatik urrun egotea komeni zaie. Perdillegin –egoitza berria egingo den eremua–, berriz, saihesbidearen ondoan kokatuko da egoitza, eta egunean zehar etengabeko trafiko dentsitate izugarria izaten da han; tona askoko kamioiak pasatzen dira handik eta inguruan zarata handia sortzen da.

Zer esanik ez gaur egun ongi mantenduta dauden eraikinak aprobetxatu beharraz. Izan ere, horretaz kontziente gara, bai ikuspegi ekologikotik, bai ikuspegi ekonomikotik begiratuta. Ez du zentzu handirik eraikin horiek eraisteak. Horrek ez du esan nahi beste eraikin baten beharrik ez dagoenik, baina zentzuzkoagoa da ondo dagoena mantentzea.

Etorkizunean nagusien egoitzaren erabiltzaile edozein herritar izan gaitezkeela jakinda, azpeitiarrontzat hain garrantzitsua den proiektua herriratzea behar-beharrezkoa dela uste dugu, herritarren nahiak eta proposamenak entzun ahal izateko.

Gero eta behar gehiago dituen adineko jendea dagoenez, zentro bat baino gehiago prestatu beharko dira azpeitiarron beharrei erantzuteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide