EH Bilduk eta EH Baik Konferentzia Munizipalistak egingo ditu martxoaren 22an, Azpeitian eta Angelun (Lapurdi) hurrenez hurren. Onintze Oleaga EH Bilduko politika munizipalistaren arduradunak eta Xabi Thicoipe EH Baiko politiko instituzionaleko arduradunak gaur egin dute topaketak aurkezteko agerraldia Donostian. Haiek esan dutenez, "nazio eraikuntzari udalgintzatik egin dakioken ekarpena" aztertuko dute hitzordu horietan, udaletako esperientziak trukatzearekin batera.
"Jauzi bat" egingo dute, EH Bilduk eta EH Baik Konferentzia Munizipalista batera gauzatuta; izan ere, ezker subiranismoak mugimendu munizipalista oso bat erantzen duela adierazi dute. "Ezker subiranismoa da Euskal Herriko zazpi lurraldeak munizipalismotik lantzeko aukera duen indar politiko bakarra, gure nazioa munizipalismotik marrazteko baliabideak dituen euskal indar politiko bakarra".
Koalizioko ordezkarien hitzetan, Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko errealitateak desberdinak badira ere, ezker subiranismoak "tradizio munizipalista handia" du mugaren bi aldeetan. "Herriz herri egiten den lanak Euskal Herriko lehen indar munizipalista izatera eraman ditu EH Bildu eta EH Bai". Halaber, Ahetzeko (Lapurdi) alkatetza lortu izana, ospatzekoa dela ere adierazi dute Oleagak eta Thicoipek.
Konferentzia Munizipalista EH Bilduren hirugarren kongresuaren biharamunean egingo dute Azpeitian. Kongresuan nazio auzia jorratuko dute, eta koalizioko kideek azaldu dutenez, udal politikak "balio estrategikoa" du nazio eraikuntzan, baita eraldaketa prozesuek behar duten "behetik gorako bulkada sortzen eta ernatzen" ere. "Euskal Herriko errepublika konfederala helburu, herri prozesu demokratiko bat martxan jartzeko, hirugarren nazio eraldaketarako prozesua piztea dugu datozen hilabeteetarako eta urteetarako lana", adierazi dute EH Bilduko ordezkariek.
Ziurtasuna eskaintzeko ardura
"Ezegonkortasun" garaiak direla eta, EH Bilduk eta EH Baik euskal herritarrei ziurtasuna eskaintzeko ardura beren gain hartua dutela adierazi dute ordezkariek. Ziurtasun hori munizipalismotik hasten dela egiten esan dute, "herritarrengandik gertuen dauden erakundeetatik". Horregatik, azpimarratu dute udal politikak herritarren ongizatea bermatzeko erabiltzen dituztela: "Udalak eta beren zerbitzu publikoak herritarren eskubideetan sakontzeko eta beren bizi baldintzak hobetzeko erabiltzen dituzte EH Bilduk eta EH Baik".
Horri lotuta, EH Bilduk gidatutako udaletan egin diren politikak "aurrerakoiak eta berritzaileak" direla adierazi dute, eta lortu dituzten akordioak ekarri dituzte gogora. "Bide horretan sakontzeko konpromisoa berresten du EH Bilduk, bere lehentasun politikoa delako euskal herritarren bizi baldintzak hobetzea".
Etxebizitzaren arazoak "biziki" kezkatzen du EH Bildu, eta horri irtenbidea emateko gaitasuna duen indar politiko bakarra dela azpimarratu du. "Tokikotik eta horrek dakartzak mugekin, baina betiere ekintzekin erakutsiz bizitegi larrialdia leheneratzeko konpromisoari irmo eusten diola". Etxebizitzaren arazoari aterabidea ematen jarraitzeko konpromisoa duela esan dute koalizioko kideek, baita trantsizio energetikoan sakontzeko erronkarekin jarraitzeko ere.