Isilgabe ikasle taldeko kideak dira Aimar Mayo, Nora Aranbarri, Xuban Lizaso, Iraide Labaka, Alazne Barandiaran, Aicha Bady, June Gonzalez, Unax Muñoz eta Aner Aranguren; denak Urola ikastolako Batxilergoko bigarren mailakoak.
Ikasturtearen hasieran du jatorria Isilgabe ikasle taldeak, Xuban Lizaso (Zestoa, 2005) taldekideak azaldu duenez. "Kafe filosofiko bat antolatu genuen gelakoen artean ikastorduetatik eta ikastetxetik kanpo. Solasaldian jazarpenaren gaiak irten zuen, eta horretaz jardun genuen hitz egiten, bakoitzak bere esperientzia azaldu zuen...". Txikitan jazarpena jaso zuela azaldu zuen Lizasok bilkura hartan, baita taldeko beste pare batek ere. "Egia esan, nik aurrez banuen buruan jazarpenaren inguruan zerbait egitea, bai nik bizitakoagatik eta baita inguruan ikusitakoagatik ere. Izan ere, arazo horri eskaintzen zaion arreta edota jazarpena jasaten dutenei ematen zaien erantzuna ez da nahikoa. Niri behintzat ez zitzaidan hala iruditu". Kafe filosofikoan parte hartu zutenen artean jazarpenaren gaiaz halako kezka zegoela ikusita, zerbait egin beharra nabaritu zuten, eta talde bat sortzeko pausoak ematen hasi ziren. Horrelako kezkez hitz egiteko adinkideen arteko espazioen falta dagoela ikusten dute, eta hutsune hori bete nahian osatu dute Isilgabe ikasle taldea.
Gelakideak biltzen hasi ziren aurrena. Gero, batzuek hainbat arrazoigatik taldea utzi zuten, baina Urolako beste ikasle batzuk batu zitzaizkien. "Gure mailakoen artean zabaldu genuen zein zen taldearen asmoa, eta interesa zuten batzuk batu ziren; azkenaldian nahiko talde finkoa gara", kontatu du Lizasok. Beren asmoa da taldera batzea Batxilergoko lehen mailako ikasleak eta DBH 3 eta 4koak, talde handiagoa osatuz.
Asmoak
Zer helburu du Isilgabe ikasle taldeak? Gazteei sufrimendua sorrarazten dieten arazoei edota gaiei buruz kontzientzia zabaltzea eta hitz egiteko, laguntzeko, bide bat eskaintzea. "Ikasleon bizi esperientziak entzutetik eta kontatzetik abiatu ginen, eta jazarpenari nola aurre egin pentsatzen hasi ginen. Bi ondorio atera ditugu: lehenik eta behin, ikasleon artean kontzientziazio lana egin behar dugula. Eta hori luzerako dela kontuan izanda, bitartean sufritzen ari diren adinkideak laguntzea erabaki dugu. Jazarpena da taldeak landu nahi duen gaietako bat, baina badira beste arazo batzuk gazteoi sufrimendua eragiten digutenak, hala nola antsietatea, estresa, adikzioak, elikadura portaeraren nahasmenduak... Horien inguruan ere hitz egitea nahi dugu", kontatu du Nora Aranbarri taldekideak.
Kontzientziazio lana egiteko eta landu nahi dituzten gaiez hitz egiteko lehenengo saioa laster antolatu nahi dute; momentuz, Urola ikastolako DBH 3 eta 4 eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailetako ikasleei zuzenduta egingo dituzte, eta aurrerago ikusiko dute herrira zabaldu ala ez.
Isilgabekoak jakitun dira landu nahi dituzten gaietan profesionalak ez direla, baina jazarpena edota beste arazoren bat bizi duen ikaslaguna laguntzeko prest daude, eta hori ahalik eta egokien egin ahal izateko, profesional bat baino gehiagorekin daude harremanetan. "Gazteen arazoak askotarikoak dira, eta horien inguruko profesionalak ez gara. Horren jakitun gara. Hasieratik, baina, psikologo baten laguntza daukagu, eta edozer zalantza dugula ere, harekin kontsultatzen dugu. Gazteokin lan egiten duten profesionalekin ere harremanetan jartzeko asmoa badugu", adierazi dute taldekideek.
Aurrelanketa
Saioak, aurrez talde lana eginda, "ahalik eta ondoen" prestatzeko asmoa dute, parte hartzaileak izateko. Saio irekiek beren konplexutasuna dutela uste dute, baina "benetan zailak eta tentuz zaindu beharrekoak" banakakoak dira, Isilgabekoen ustez. "Gerta liteke laguntza behar duen pertsona batek gutako batengana jotzea. Hori gertatuko balitz, jokatzeko modu asko pentsatu ditugu, hanka sartzeak saihesteko. Noski, garbi dugu konfidentzialtasuna, errespetua, intimitatea... bermatu behar ditugula. Guk ere ez dugu banaka jardungo, beti beste taldekideren baten begiradapean jokatuko dugu, eta kanpoko begidara bat edukitzeko, psikologo baten laguntza ere izango dugu. Eskolarekin zer harreman izan ere pentsatzen ari gara, guk eman dezakegun laguntzaz haragoko kontua denean eta", aurreratu du Lizasok.
Urola ikastolako zuzendaritzari nahiz hainbat irakasleri beren taldearen helburuen eta asmoen berri eman diete, eta erantzun ona jaso dute. "Eskolako zuzendaritzara taldearen proiektuaren oinarri bat eginda genuenean jo genuen. Elkarbizitzakoengana bideratu gintuzten, eta haiei azaldu dizkiegu gure ideiak eta asmoak. Horrez gain, gertuko irakasleei ere bidali dizkiegu guk egin ditugun idatziak, eta horiek gure asmoak hobetzen lagundu digute. Behar ditugun baliabideak ere gure esku jarri ditu eskolak".
Hiruzpalau hilabetez taldean lan egin ostean ezagutarazi dute Isilgabe ikasle taldea sare sozialetan, eta orain arte harrera "oso ona" jaso dute