Harrera familiak behar ditu Darahlik haur sahararrak udan etxean hartzeko

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 27a, 12:01

Esperantzari leiho bat lelopean egingo dute aurten ere Oporrak bakean programa. Saharako errefuxiatuen alde lan egiten duen Darahli elkarteak harrera familiak behar ditu uda sasoian kanpalekuetatik datozen haurrak hartzeko. 

Oporrak bakean programa abiatu dute aurten ere Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetako haur sahararrak uda sasoian Euskal Herrira ekartzeko. Esperantzari leiho bat lelopean egingo duten programa horren bidez, haur horiek urteko hilabete beroenetan errefuxiatuen kanpalekuak utzi eta bi hilabete Euskal Herrian igarotzen dituzte. Denbora horretan, mediku azterketak ere egiten dizkiete umeei. 

"Tamainaz, mamiz eta iraupenez ere, gure herrian bizirik dirauen elkartasun ekimen garrantzitsuenetarikoa dela esatera ausartuko ginateke", diote programaren partaide diren Darahli elkarteko kideek. Duela hamabost urte egitasmoa martxan jarri zuten unetik, 4.600 haur izan dira programaren onuradunak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. "153 haur izan ziren 2022an, 183 2023an, eta 188 iaz. Gure helburu nagusia, ahalik eta haur gehien errefuxiatuen kanpalekuetatik ateratzea da. Izan ere, Oporrak Bakean arnasgune bat da errefuxiatuta bizi diren haurrentzat eta haien senideentzat".

Egokiena haur horiek eskualdeko familiekin egotea dela iritzi dio Darahlik. Horregatik, eskualdeko familiak programan parte hartzera animatu nahi ditu elkarteak. "Hamaika arrazoi daude abentura honetara batzeko! Hala nola, familiako kide berri batekin uda ahaztezina igarotzea; elkartasunean, aniztasunean eta kulturartekotasunean oinarritutako esperientziak bizitzeko aukera, saharar herriaren egoera eta auzia zuzen-zuzenean ezagutzea…", baloratu dute Darahliko lagunek. 

Programan parte hartu nahiko luketen familiak Darahli elkartearekin jar daitezke harremanetan martxoaren 15a baino lehen, darahlizumaia@gmail.com helbide elektronikora idatzita edota 605 70 14 63 telefono zenbakira deituta. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide