Noiz sortu zitzaizun musikarekiko zaletasuna?
Txikitan, betidanik gustatu izan zait musika. 10-11 urte nituela pianoa erosi zidaten gurasoek eta musika eskolan hasi nintzen ikasten. Ondoren, urtebetera, tronboia ikasten hasi nintzen, eta gerora gitarra.
Eta kirolerako afizioa nondik datorkizu?
Betidanik izan dut gustuko kirola. Txikitan esku pilotan ibili nintzen, gero futbolean, eta orain errugbian.
Nolatan errugbian?
Ordiziako osaba bat hango errugbi taldeko bazkidea zen, eta txikitan sarri joaten ginen partidak ikustera, bi astean behin edo. Geroztik errugbia probatzeko grina eduki izan dut beti, eta pandemia garaian, futbolarekin pixka bat nazkatuta nengoela aprobetxatuz, errugbia probatzeko pausoa eman nuen. Hemen inguruan errugbiko talderik ez dagoenez, Zarautzera joan behar izan nintzen.
Zer ematen dizu musikak? Eta zer kirolak?
Musikak sormena lantzeko aukera ematen dit, baita sentimenduekin konektatzeko bidea ere. Kirolak, berriz, osasuna ematen dit. Gainera, errugbiak bereziki hainbat balio irakasten dizkidala esango nuke; esaterako, diziplina eta sufrimendu gaitasuna. Eta orokorrean hitz eginez, bai musikak eta bai kirolak jende nahiz leku ezberdinak ezagutzeko aukera ematen didate.
Nola uztartzen dituzu ikasketak, musika eta kirola?
Presaka ibiliz. Egunak 24 ordu ditu eta oso zaila da denera iristea. Gauzak sakrifikatzen edo aukeratzen jakin behar da, eta hori ez dut oso gustuko. Batzuetan ezetz esaten ere ikasi beharra daukat. Momentuz, gustura nabil, ongi antolatzen naiz eta denbora ere ongi aprobetxatzen dut, baina egia da erritmoa pixka bat lasaitzen joatea ere gustatuko litzaidakela.
Hainbat musika talde, hainbat estilo.
Bai, oso estilo ezberdinak dira, baina ez dut bat bestearen gainetik jartzen, bakoitzak zerbait ezberdina ematen dit. Sormenerako askatasun gehien ematen didan taldea Ukabil da, geure kantu propioak sortzen baititugu. Skapaie elektrotxarangarekin, berriz, sormenak tarte txikiagoa du, besteen kantak jotzen ditugulako. Musika Banda, aldiz, finkoena da. Musika konplexuagoa lantzen den aldetik, banda da musikalki gehien exijitzen didana, perfekzio maila handiena eskatzen duelako.
Nolakoa izan ohi da jendearen erantzuna?
Zuzenekoan erantzun handiena jasotzen duena elektrotxaranga da, edozein lekutara joanda ere, giro oso ona sortzen da. Skapaierekin kalean jotzen dugu, publikoaren mailan. Ukabil taldearekin, berriz, jendearen erantzuna beste era batekoa izaten da; entzule kopurua ez da hainbestekoa izaten, baina taldekideek neuk sortutako kantak jotzen dituztela entzutea oso berezia da.
Ikastea gustatuko litzaizukeen instrumenturik?
Bat esatekotan, trikitixa. Jotzen ditudan instrumentuekiko ezberdina da, eta kuriositatea eragiten dit.
Jada ez zara joaten musika eskolara, ezta?
Ez, solfeoko sei urteak bukatu nituen, eta pare bat urtez tronboi eskolak hartzen jarraitu nuen, Gasteizera joaten hasi aurretik. Etorkizunera begira badaukat gogoa kontserbatorioko ikasketak egiteko. Denbora hartu beharko nuke edo beste zerbaiti ezetz esan, baina ez dut ideia baztertzen.