Usadioari helduz

Nerea Uranga 2025ko mar. 16a, 08:51

Pedro LarraƱaga. (Nerea Uranga)

Etxean sagardoa egiteko oinordekoek zuten ohiturari jarraitu dio urteetan Izarraizpeko Mendibil baserriko Pedro Larrañagak. Aita zenak eraikitako dolarean egiten du sagardoa; aurtengo uzta botilaratu du dagoeneko. Oraindik ere Azpeitiko baserri edota etxe ugaritan egiten dute etxerako sagardoa. Otsaileko Azpeitia Guka aldizkariko erreportajea da hau.

San Sebastian egunaren bueltatik Aste Santua gerturatu bitartean txotx garaia izan ohi da sagardotegietan. Izarraizpeko Mendibil baserrian, aldiz, sansebastianak pasatu eta laster botilatu zuten iaz egindako sagardoa; urtarrilaren 24an, hain zuzen ere.

Garai batetik, baserri edo etxe gutxiagotan egiten da gaur egun sagardoa, baina oraindik ere ohiturarekin jarraitzen dutenak badira batzuk; horren erakusle da, esaterako, Loiolan antolatzen duten Sagardo Eguna. Iazko azaroaren 23an egin zuten laugarren edizioa, eta bertan, dozena bat etxetako sagardoa dastatzeko aukera eskaini zuten. Mendibil baserriko Pedro Larrañagak (Azpeitia, 1952) iazko Sagardo Egunean ez zuen parte hartu, baina aurreko edizioren batera eraman zuen berak egindako sagardoa. "Orain dela bi urte aldakako ebakuntza izan nuen, eta etxean ez nuen sagardorik egin. Orduan, Petritegi sagardotegitik ekarri genuen, eta gazteek ere ez zuten egin hurrengo urtean. Azkena bai, egin dugu sagardoa, etxerako bada ere", kontatu du.

Sagardoa etxerako bakarrik ez, beste baserri batzuetakoentzat ere egin izan du Larrañagak Mendibilen. "Zahartu egin gara eta orain besteentzako sagardorik ez dugu egiten. Izarraizpean, lehen aldean, orain sagardoa egin toki gutxitan egiten dute: Azkunenean, gurean... Antzina, lautik hiru etxetan egiten zen sagardoa, orain batzuek etxerako sagardoa egiten dute, baina beste etxeren bateko dolarean eginda edota sagardotegiren batean. Asko jaitsita dago baserrietan sagardoa egiteko ohitura". Horren inguruko informazio eta testigantza asko dago jasota 2017. urtean Azpeitiko Udalak argitaratu zuen Sagardoa Azpeitian liburuan, Laxaro Azkunek idatzitakoa eta Juan Joxe Agirre zenak ateratako argazkiekin osatua.

Irailean hasitako lanaren emaitza

Sagar biltzearekin hasten dituzte sagardoa egiteko lanak Mendibilen, irailaren bukaera aldera. "Irailaren azkenetatik Pilarika artean bildu ohi dugu sagarra. Hori da garai onentsuena sagarra biltzeko". Sagarra garbitu, txikitu, dolarean estutu, muztioa atera eta pare bat hilabete behar izaten dira sagardoa edaten hasteko. 

Mendibilen duten dolarea 1950. urtean egindakoa da, eta txukun-txukun mantentzen dute sagardoa egiteko garairako prest. "Gure aita zenak, Azkuneko Alejandro zenak eta Egurtzako Martzelo zenak egindakoa da gure etxeko dolarea. Ni neu jaio baino bi urte lehenago bukatu zuten".

Mendibilko dolarea. (Nerea Uranga)

Nahiz eta Mendibilen aita-semeek sagardoa dolare berean egin, jarduteko moduak pixka bat aldatuta dituztela adierazi du Larrañagak: "Gure aita zenaren garaian, sagarra iluntzean jo eta gauean dolarean edukitzen zuten pixka bat samurtzen. Ondoren, estututakoan, errazago irteten zitzaion muztioa sagarrari. Esan ohi da, baina, sagarra aurreko egunean joz gero, kolore gorrixkagoko muztioa ateratzen dela, eta orain kolore argiko sagardoaren moda hori dago. Horregatik, batzuk sagarra jo eta segituan estutzea nahi izaten dute, baina badira batzuk lagatzea nahi izaten dutenak ere". Gustuak gustu, sagardozale bakoitzak "bere gustua" izaten duela dio Larrañagak. Berak "bigun samarra" den sagardoa du gogokoena: "Emakume sagardoa dela esaten dute batzuek, baina gure etxean horrelako edaria da lehenengo bukatzen dena, gogorra dena beti atzera gelditzen da". 

Sagar motak

Sagarra jo eta estutzearen arteko denbora tarteaz gain, sagardoa egiteko erabilitako sagar barietateen arabera ere aldea egoten da edarian, Mendibilkoaren arabera. "Sagardotarako dozena erdi bat barietate nahastea komeni izaten da, sagar barietate bakarrarekin eginda ez delako ona ateratzen". Hamar bat barietateko sagarrak dituzte Mendibilen.

Edariak kupelean egon beharreko denboran erabilitako sagar barietateak eta kupelaren tamainak ere zeresana dute, Larrañagak azaldu duenez. Sagardotegietakoen aldean, baserrietako kupelak "txikiagoak" izaten dira, eta haietan edaria denbora luzez edukita "sagardoa gogortu" egiten da. Baserrietan 350 litroko edota 550 litroko kupelak izaten dituzte.

Pedro Larrañaga dolarean lanean. (Juan Joxe Agirre, 'Sagardoa Azpeitian' liburukoa)

Sagardo berria txotxetik edaten abendu alderako hasten dira Mendibilen, "gozoa" dagoen bitartean, eta zenbat edaten dutenaren arabera, sagardo botila gehiago ala gutxiago izaten dituzte gero.

Sagar biltzetik hasi eta sagardoa botilatu arteko lanak etxekoen eta lagunen artean egiten dituzte gaur egun, eta sagardoa egiteko usadioari era horretan heltzen diote Mendibilen. Hala ere, baserriko zenbait ohiturekin jarraitzea gero eta zailagoa dela dio Larrañagak. "Hamalau anai-arreba ginen gurean, kuadrilla handia etxeko lanak egiteko: kanpoko lanetarako, sagardoa egiteko, txerria hazteko... Mahaiaren bueltan jende asko biltzen ginen eta denon artean lanak banatu behar. Orain, aldiz, lagun gutxiagoko familiak izaten dira eta lan guztiak egiteko jendea behar izaten da".

Beti izan du sagardoa gustuko Larrañagak, baina "zahartzen" ari den heinean "kalte egiten" hasi zaiola dio. "Bihotzerrea-edo egiten dit. Etxeko gazteek, berriz, kirola egiteko sagardorik ez zaiela komeni esaten dute". Bat ala beste, baina Mendibilen etxeko sagardoa edateko aukera dute aurten ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide