Erloju konponketa denda duen kale berean bizitakoa da Iñigo Azkoitia (Azpeitia 1967), eta umetako oroitzapen asko kale horri lotutakoak ditu. Kalearen itxura asko aldatu ez bada ere, kaleko "biziera" eta egunerokoa erabat aldatuta daudela dio, "gauza guztietarako aldatu dira garaiak".
Gogoan du Aranean sanmigelak ospatzen zituztela, eta sokamuturra izaten zela kaleko festetan. "Errebalean sanmartinak ospatzen zituzten azaroan, eta aurretik, irailean, Aranean sanmigelak. Nik, ordea, oso haurra nintzela ezagutu nituen jai haiek, gero galdu egin zirelako". Jolastu ere kalean bertan egiten zuten gehienetan; hainbat belaunalditako haurrek elkarrekin jolasten zuten, "futbolean eta" aritzen ziren. Gaur egun Matxinada den kalean orube bat zen, eta han ere ibiltzen ziren jolasean.
Azpeitiko Ikastolako ikasleen aurreneko belaunaldietako ikaslea da Azkoitia. "Nire arreba bat ikastolaren lehen urtean hasi zen han ikasten, lehen belaunaldikoa da bera, eta ni urte batzuk geroagokoa, bosgarren edo seigarren belaunaldikoa. Artean ikastola Zentenarioko etxepeetan zegoenean joaten nintzen ni hara. Gu kalez bestaldean bizi ginen, eta anai-arrebak elkarrekin oinez joaten ginen ikastolara; gaur egun aldean ia autorik ere ez zen igarotzen Aranetik. Gerora, Loiolara joaten ginen ikastolara, eta kalean bertan zegoen geltokian hartzen genuen autobusa", gogoratu ditu ikastolako urteak Azkoitiak. Ikastolako lehen urteak Zentenarioko ikasgeletan egin zituen, gero Sanjuandegiko lokaletakoetan, eta ondoren, Loiolan.
Arana kalean erloju konponketa denda ireki zuela 25 urte bete ziren iaz, eta beti toki berean izan du lokala. Dena den, bada aipatzeko kontu bat: denda irekitzear zela gaixotu egin zen, eta hilabete batzuk geroago zabaldu behar izan zuen. "Dendak berez 26 urte izan behar zituen iaz, baina denda irekitzekoa nintzenean, gripea harrapatu nuen. Ondorioz, 1998. urtearen bukaeran ireki beharrean, 1999an zabaldu nuen, apiril aldera".
Ikastolan UBIra –gaur egungo Batxilergoko bigarren maila– arteko ikasketak egin zituen. Ondoren, Erlojugile Tekniko ikastaroa egin zuen Donostian zegoen erlojugintzako akademia batean. "Egungo Lanbide Heziketako modulu baten tankerakoa izango zen, eta 1988-1990 urteen artean gauzatu nuen. Ordutik begira zenbat aldatu diren gauzak", dio.
Donostian ikasitakoak Bartzelonan 1992-1993 urteen artean egindako beste ikastaro batekin eta hango erloju denda batean egindako praktikaldiarekin osatu zituen. Segidan, bere kontura jardun zuen erloju konpontzaile lanean, etxean lan eginez eta sortzen zitzaizkion beste lan batzuk gauzatuz. "Denda ireki aurretik beste hainbat lanetan ere ibili nintzen: lorezaintzan, garbiketa lanetan...".
Gauza gehienak bezala, merkataritza kontuak ere aldatu egin dira azken mende laurdenean, eta antzemanda dago hori Azkoitia. "Nik denda ireki nuen garaian baziren arazo batzuk, eta gaur beste batzuk daude. Egungo arazo nagusietako bat da salmentak asko jaitsita daudela. Tailer gisa, konponketekin aurrera egiten dugu; hala defendatzen ari gara".
Internetak eragin du tokiko merkatarien salmentetan, baina Azkoitiaren arloari dagokionez, erlojua erabiltzeko ohituraren galerak ere badu zerikusia. Honela kontatu du: "Eskumuturreko erlojua modatik pasatuta dago, gazteek ez dute erabiltzen. Erlojua asko salbatu du osagai bezala erabili izanak. Alegia, gazteek-eta itxura bateko erlojua eskatzen dute, pentsatu zenbat arropa markak atera dituzten beren erloju markak garai batetik hona". Konpontzera ere, piladun erlojuak gutxiago eramaten direla dio, "berriak erosten dituzte", eta, gainontzean, smartwach-ak erabiltzen dituzte.
Esku trebekoa
Kontuak kontu, erlojuen mundua polita da Azkoitiaren ustez. "Azkenean, mekanikaria naiz, mekanismo txikien mekanikaria. Indarra nondik dihoan ikusi behar da, eta non bukatzen den. Erloju bat muntatzeko orduan hori hartu behar da kontuan, indarra beti handitik txikira doa".
Jostailuek-eta barrutik zer zuten ikusteko gogoz, haiek desmuntatzeko beldurrik ez zuen izaten umetan ere Azkoitiak. "Jostailuak eta irratiak irekitzeko eta desmuntatzeko beldurrik ez dut inoiz izan. Erlojuak desmuntatzeak ikasketak egin aurretik errespetu pixka bat ematen zidan, baina behin ikasitakoan, batere beldurrik gabe egiten nuen hori, ea zer gertatzen zen ikusteko". Aitortu du esku trebekoa izan dela beti, eta ausardia denerako behar dela. Dena den, lehen aldean orain "pixka bat beldurtiagoa" da. "Nire arlotik kanpo dagoenean sartzea gehiago kostatzen zait. Ni gaztetan smartphone garaiak harrapatu izan banindu, seguru dena emanda sartuko nintzatekeela horien konponketan. Orain dela hogei urte harrapatu banindu...".
Abandonatu samar duen arren, musika kontuetarako zaletasun handia izan du Azkoitiak. "Garai batean pentsatzen nuen nik lana gustura egingo nukeela BBC edo horrelako irrati etxe zahar batean; horietan kontzertu eta grabazio historikoak edukiko dituzte, fonoteka horietan gustura ibiliko nintzateke. Orain, baina, erraza dago grabazio horietako hainbat inguratzea Youtuben".
Musika estilo guztiak preziatzen ditu erloju konpontzaileak. "Denetik gustatzen zait. Pentsa, orain Xabier Leteren kantu eta grabazio zaharrak entzuten ari naiz. Xabier Lete, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi, hirukotea, zen garai batean oso estimatua, baina nik Lete eta Laboa pixka bat baztertuta nituen. Orain, berriz, Lete deskubritzen ari naiz haren kantu zaharrak entzunez".
Tik-takak, kuku doinua eta kanpai hotsa entzun ahal dira Azkoitiaren dendan, baita irratiko ahotsak ere. Beti izan da irratizalea, eta lanean ari den bitartean beti izaten du Euskadi Irratia jarrita. "Garai batean etxean Loiola Irratia entzuten genuen, eta orain, berriz, Euskadi Irratia".
Eskuko telefonoa beti sakelean eramaten du Azkoitiak, baina "arraroa da" bera etxetik eskumuturreko erlojurik gabe irtetea. "Etxetik irteterako janzten dut". Behin ilundutakoan, txakurrarekin buelta eginda etxera itzulitakoan kentzen du erlojua.
Motzean
Adina: 57 urte.
Ikasketak: UBIra arte eta Erloju Tekniko ikasketak.
Lanbidea: erloju kanpontzailea eta merkataria.
Erloju konpontzailea ez banintz… fonoteka batean jardungo nuke, baina bestela zer egingo nukeen ez dakit.
Lanetik ateratzean gogoko dut… nire espazioan sartu eta lasai egotea.