Heze, hotz, argi
Himalaiara egindako espedizioan, Annapurnako kanpamentu nagusia izan da mendizaleen etxea eta babesgunea. Han igaro zituzten gauak, mendiz inguratuta. "Leku ikusgarria da, lehorra, kontrastez betea. Ez dago ezer, hezea da, baina aldi berean 4.000 metroko mendiek inguratzen dute. Izoztutako laku bat ere ikus daiteke argazkian, kontrasteen adierazle. Ezin daiteke hitzez azaldu zer sentitzen den bertan", dio argazkilariak. Goiko irudian, dronearekin ateratako panoramika ikus daiteke, eta erdian kanpamentu nagusia.
Dimentsioetan galduta
Mendien artean ia ikusten ez den pertsona hori Alex Berasategi argazkilaria da. Dimentsio errealetara hurbiltzeko asmoz aukeratu du airetik ateratako argazki hau; izan ere, adierazi du ezin dela erakutsi han bizitakoa, hango handitasuna ezin baita hitzez adierazi: "Horrelako lekuetan ohartzen gara zeinen txikiak garen. Annapurnako dimentsioak ikaragarriak dira. Erreferentzia bezala hartu dut irudi hau, pertsona zeinen txiki ikusten den erakusteko, baina esango nuke ez duela benetan justiziarik egiten. Ezin da erakutsi han bizitakoa".
Mendiak desagertzen direnean
Mendien edertasunarekin kontrastean, Katmanduko argazki bat aukeratu du Berasategik. Bertan, hiriaren handitasuna ikusten da, eta poluzioaren eragina. Kutsadurak estalita ageri da Katmandu, eta ez da mendirik ageri inguruan.
Egunsentia
Mendi handietan ez ezik, txikiagoetan ere bilatu du edertasuna Berasategik. Horietako bat da honako hau. Egunsentia harrapatu du argazkian, eta eguzkiaren izpiek mendian sortutako kontrasteak eta bi argi fokuak nabarmendu ditu.
Sakratua
Machapuchare izeneko mendia "mendi sakratua" da Nepalen. Mendilerroko tontor altuena ez den arren, berez dituen berezitasunek egiten dute eder, eta Berasategik horregatik aukeratu du erreportajerako. "Machapucharek 6.993 metro ditu, ez da altuena, baina oso berezia da, eta horregatik aukeratu dut bildumarako. Mendia ikararagarri gustatu zitzaidan, eta pare-parean horrelako tontor bat ikusteak inpresioa egiten du. Kasu honetan, altuerak baino mendiaren berezitasunek, handitasunak, dotoreziak, egiten dute berezi", azaldu du argazkilariak.
Koadro batean bezala
Zuhaitz artean, Annapurna Hegoa mendia ikusten da argazki honetan. Enkoadraketa berezia du irudiak, eta horrek egiten du berezi. "Egunsentia ikustera joan ginen batean hainbat tontor ikusteko aukera izan genuen, tartean, Annapurna Hegoa. Argazki honen bereizgarria enkoadraketa da, hori gustatzen zait gehien; izan ere, han edonora begiratuta mendiak edo tontorrak ikusten dira. Kasu honetan, ordea, zuhaitzek inguratzen dute tontorra, eta enkoadraketak berezi egiten du argazkia", azaldu du Berasategik.
Annapurnako ikur
Annapurnara joan diren gehienek ezagutuko dute irudiko bista edo ikuspegia; izan ere, Annapurnako argazki esanguratsua da honakoa. "Jende askok ezagutzen du leku hau, argazkiak egitea ohikoa baita. Neguan modu horretan ezkutatzen da eguzkia beti, eta kolore ederrak uzten ditu. Gainera, bertatik bertara ikusten dira mendilerroko gailurrak, eta estanpa ikusgarria da".
Azpeitiarrak, suaren bueltan
"Urtezahar egunean ateratako argazkia da honako hau, azpeitiarrak elkartu ginenekoa", azaldu du Berasategik. Bertan, hamar azpeitiar ikus daitezke borobilean jarrita, suaren bueltan. Dronea erabiliz lortu du Berasategik aireko ikuspuntua. Gau berezia izan zela du gogoan: "Sua egin genuen kanpamentu nagusian, eta elkarrekin igaro genuen gaua. Oso momentu polita izan zen, musika jarri genuen, dantza pixka bat egin eta kontu batzuk kontatu... Giro ederra sortu zen. Ez da ohikoa urtea horrelako leku batean eta modu horretan hastea". Beti gogoratuko duten unea jaso du argazkilariak.