Borobilean eserita, makilekin eta txilinekin hainbat doinu jo dituzte, musikaren erritmoan zinta kooperatiboarekin arraun egin edota paraxutea astindu dute. Asteazkenero bezala, Antxieta etxeko Garaguneko kideek Juan Antxieta musika eskolan saioa dute Felipe Murillo musika irakaslearekin. Ondo pasatzen dutela dio Anjel Gomez Garaguneko erabiltzaileak; Murillok jartzen duen musika jartzen duela, "gustura" ibiltzen direla.
Garagunekoek saioa bukatu orduko, gelatik kanpo San Martin egoitzako egoiliar talde bat dago beren txandaren zain. Asko gurpil aulkietan, Gurutze Gorrikoei esker joan ahal izan dira egoitzatik musika eskolara, astero bezala. Horiek ere borobilean kokatu dira, eta musikarekin jolasteko eta ondo pasatzeko prest daudela adierazi dute. Zer moduz pasatzen duten galdetuta, "fenomeno pasatzen dugu" egin du oihu haietako emakume batek.
Zortzi bat urte dira Juan Antxieta musika eskolan musikaren onura era askotako kolektiboetara nola zabaldu lantzen hasi zirela. Horretarako, harremanetan jartzen hasi ziren San Martin egoitzaren arduradunekin, Goienetxe fundazioko Garagunekoekin, eguneko zentrokoekin, Gautenarekin... Eta haiei musika eskolak eskain zezakeen zerbitzuaren berri eman zieten. "Guk egindako proposamena interesgarria iruditu zitzaien, eta musika saioekin hasi ginen", azaldu du Murillok.
Musikaren onurak zeintzuk diren galdetuta, asko direla adierazi du Juan Antxieta musika eskolako irakasleak. "Musikan, instrumentu bat jotzeaz edota hezkuntza akademikoaz haratago, badaude beste bide batzuk, eta oro har, musika bitarteko hartuta, bide horiek jorratzeko aukerak ere lantzen ditugu Juan Antxieta musika eskolan. Esaterako, ekintza bat taldean egiteak bere onurak ditu; batzuentzako sozializatzeko bide da hori". Besteak beste, musika eskolako saioetan arlo kognitiboa ere lantzen dute. "Musikaren bidez, motrizitatea, memoria... lantzen ditugu hainbat ariketa eginez", azaldu du Murillok. Horretarako, hainbat elementuz baliatzen dira: soinua ateratzen duten arrautzak, zinta kooperatiboa, paraxutea, makilak, euliak hiltzekoak, puxikak... "Egundoko ikasketa sakonik gabe, hainbat elementu erabiltzen ditugu musikarekin gozatzeko eta lanketa kognitiborako", gaineratu du musika eskolakoak.
Ohikotik kanpo
Ohikotik edota egunerokotik aterata joan dira egoiliarrak musika eskolara, eta horixe bakarrik "onuragarria" da haientzat, Murilloren arabera. "Garagunekoekin kantuen artean saltsa sortzen da, beren planak azaltzen hasten dira... Harreman polita dago gure artean; egoitzako batzuk urte askotan dabiltza musika eskolako saioetan, eta ia hutsik ez dute egiten Isidrok, Marianjelesek, Juanjosek...".
Musika eskolatik kanpo ere egiten dituzte ekintzak. Gabonetan, San Martin egoitzakoekin familia ekintza bat egin zuten. "Guk musika eskolara datozenekin harremana dugu, baina haien egoitzako kideak eta familiak ezagutzera joan ginen. Harrera oso ona izan zuen guk han egindako ekintzak", azaldu du Murillok. Ikasturte bukaeran Soreasu antzokian egiten duten musika eskolaren jaialdian eta Sanagustin kulturguneko Musika Familian emanaldian ere parte hartu izan dute; "emozio handiz", gainera. "Ikusarazi nahi dugu familia giroko beste espazio batzuk badaudela herrian, kolektibo bezala elkarrekin bizi direlako egoitzan, Antxieta etxean edota Loiolako Inazio etorbideko etxebizitzan".
Egoitzakoekin musika saioa bukatutakoan, eguneko zentrora bertaratzen da Murillo hangoekin ere musika lantzera. "Kantu batzuk, bozgorailu bat eta elementu batzuk hartuta joaten naiz hara; giroa berehala aldatzen da, beste sinergia batzuk sortzen direlako".
Asteazken arratsaldeetan, berriz, Gautenako talde bat eta Antxieta etxeko bizilagun batzuk biltzen dira musika eskolan. "Astearteetan azokara bezala, asteazkenetan musika eskolara, eta beste egunen batean liburutegira joaten dira. Beren egunerokotik kanpo mundu errealarekin beste konexio bat izateko moduak dira", nabarmendu du musika irakasleak.