Presoen, iheslarien eta deportatuen auziari "konponbidea emateko baldintzak" badaudela nabarmendu dute

Andoni Elduaien 2025ko mar. 1a, 09:00

Plazan egin zuten atzo ere elkarretaratzea. (Andoni Elduaien)

Sare Herritarrak egindako elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, eta hainbat herritarrek egin zuten bat deialdiarekin. "Salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatu, hori litzateke auzi hau behin betiko konpontzeko bidea", azaldu zuten amaieran.

Azpeitiko Sare Herritarrak deituta, elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzearen alde plazan. Espetxe politikan "aldaketa nabarmenak" izan direla nabarmendu bazuten ere, "intentzionalitate politikoko" 136 euskal preso, hamasei iheslari eta hiru deportatu daudela jakinarazi zuten. Halaber, adierazi zuten horietako preso batzuk espetxetik ateratzeko prozesuaren baldintza juridikoek ez dutela "aukera handirik" ematen epe laburrean "konponbide bat" izango dela pentsatzeko.

"Salbuespen neurriek indarrean" jarraitzen badute, "salbuespeneko arauetan oinarritzen" direlako dela esan zuten, baita, neurri batean, "espetxe kudeaketako praktika batzuetan" ere. "Salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatu, hori litzateke auzi hau behin betiko konpontzeko bidea. Preso horien egoera gizarteratzea dagokigu. Egoera horien salaketa. Horretan ari gara, salbuespena erdigunean jarriz eta preso horiek etxerako bidea egiteko duten eskubidea aldarrikatuz", esan zuten.

"Oztopoak oztopo, une erabakigarri batean" daudela nabarmendu zuten. "Presoen, iheslarien eta deportatuen auziari konponbidea emateko baldintzak badaude. Hortik, martxoaren 22an Hernaniko [Gipuzkoa] Biteri Kultur Etxean Sarek antolatu duen X. Batzar Orokorraren garrantzia. Noraino iritsi garen, non gauden eta zer falta zaigun denon artean hausnartzeko, eta, Sarek, mugimendu herritar gisa, auzi honi egin behar dion ekarpena kidegoarekin konpartitzeko". Hain justu, herritarrak batzar orokor horretara gonbidatuz, eta datozen egunetan ospatuko diren inauterietan Etxera aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko deia egin zuten.

Martxoaren 8ra Bilgune Feministak egin duen deialdiari begira jarrita, berriz, emakume presoek pairatzen duten "zigor soziala, pertsonala eta penala salatzera kalera" ateratzeko eskatu zuten. "Gurea, behar bat da. Herri honek behin betiko aterabide bat eman nahi dio presen, iheslarien eta deportatuen auziari, baita herri honetan eman diren biolentzia guztien biktimen aitortzari ere; eta norabide horretan eremu guztietan eragin behar dugu, zer esanik ez kalean".

Bihar, argazkia plazan

Bihar, Jai Karnabala, Azpeitiko Sare Herritarrak deituta argazki erraldoia aterako dute plazan, 13:00etan. Aurten, Etxera Eguneko karakterizazioan oinarrituko dute argazkia ateratzea da haien asmoa. Adierazi dutenez, “bultzada bat” eman nahi diote egun horri, eta herritarrei ordurako plazara bertaratzeko deia egin diete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide