Loiolako uhinen oihartzuna

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 6a, 09:00

Eneko Olasagasti, dokumentalaren grabaketa lanetan. (Bi tanta)

Irrati bat, Herri bat grabatzen ari da Eneko Olasagasti zinemagilea, Loiolako eta Donostiako herri irratien historia kontatuko duen dokumentala. 

Loiolako santutegian zuen egoitza auzoaren izen bereko Herri Irratiak. 1960ko hamarkadaz geroztik, hainbat esatari pasatu ziren bertatik, eta euskara uhinetatik zabaldu zuten, Francisco Francoren diktadura garaiko zentsura eta errepresioa kontra izan bazuten ere. Artean diktadorea bizi zela, 1972an, indarrak batu zituen Donostiako Herri Irratiarekin, eta urte luzez martxan izan ziren Loiolako estudioak, harik eta 2010ean itxi zituzten arte, jesuiten esku zegoen irratia Noticias taldeari saldu ostean. Eneko Olasagasti (Donostia, 1960) Donostiako zinema zuzendariak irration historia jasoko du Irrati bat, Herri bat izena hartuko duen dokumentalean, "garai baten memoria" berreskuratzeko balio dezakeela sinetsita.

Zuzendariaren esanetan, bi ezaugarri nagusi zituzten Herri Irratiak eta bertan lan egiten zutenek: batetik, "euskara eta euskal kultura uztartzeko gogoa" eta, bestetik, zentsuraren garaian informazioa zabaltzeko konbentzimendua. "Finean, hori zen Herri Irratia: tresna bat, herri baten kultur sustraiak defendatu eta askatasun nahiak bultzatuko zituena, debekuen eta itxiera mehatxuen aurrean", adierazi du.

Orain, grabaketa lanetan ari da Olasagastik zuzentzen duen taldea, Loiolako zein Donostiako herri irratietan esatari, teknikari edo publizitateko lanetan aritu ziren hainbat pertsonarekin. Besteren artean, Azpeitiko Xabier Otaegi, Joxe Mari Iriondo eta Iñaki Elorza Txapas zein Zumaiako Jose Joaquin Forkada Forki elkarrizketatu ditu, irration historiari errepasoa emateko. Pako Sagarzazu, Txaro Arteaga, Maria Jesus Garijo, Joxemari Otermin, Maddalen Iriarte eta Tito Irazusta ere izango dira dokumentalean eta, gainera, zenbait altxor erakutsiko ditu ikus-entzunezkoak: zendu diren Mariano Ferrer, Karmele Aranburu eta Iñaki Zubizarreta azpeitiarrari duela hamabi urte egindako elkarrizketak emango ditu lehenengoz argitara.

Eneko Olasagistik onartu du, berez, "errebotez" iritsi zitzaiola dokumentala egiteko lana. Hamabi urte lehenago, Koldo Ordozgoiti Herri Irratian kazetaria izana hasia zen hari berberak mugitzen; proiektua geldirik egon da hamar urtez, baina Maluta Films eta Esrec ekoiztetxeek atzera ere martxan jartzeko proposamena egin zioten Olasagastiri. Dei hark ilusio berezia egin ziola dio zinemagileak, bera ere Herri Irratian aritu baitzen gaztetan, 1978 eta 1983 artean. Bekadun bezala hasi zen, hastapenetan denetarik egiten, eta gero gehienbat musika irratsaioetan, euskaraz. Bertan lanean zen Pako Sagarzazu aktorea, eta hark erakarri zuen antzerkira. Irratia atzean utzi bazuen ere, dokumentalaren grabaketa nolabaiteko itzulera da Olasagastirentzat.

"Donostiako eta Loiolako herri irratiak aitzindari izan ziren gauza askotan, ez bakarrik euskararen zabalkundean. Irratia kalera atera zuten, korrespontsal sare izugarria zuten herriz herri. Azken finean, gizarte baten isla ziren", agertu du zuzendariak.

Memoria ariketa

Dokumentala egiteko prozesuan, Loiolako estudioak gordetzen zituen lokalera bisitak egin ditu Olasagastik. Santutegiko beheko solairuan dagoen gelako atea gurutzatzea iraganeko estudio hura parez pare aurkitzea bezala izan dela dio, 2010ean utzi zuten bezalaxe baitago egun, nahiz eta urteek ez duten abandonua barkatu. Erabilgarria zaien material "mordoa" topatu dute Azpeitiko estudioan: lokutorioak, kontrol mahaia ere han dago... Zintak berreskuratu dituzte batik bat; hainbeste, ezen zuzendariak esan baitu "ezinezkoa" dela dena entzutea.

Dokumentazioa eta protagonisten ahotsak batuta, "memoria ariketa bat" egitera doa Eneko Olasagasti Irrati bat, Herri bat dokumentalarekin. Dena ondo bidean, urtea amaitu aurretik bukatuta behar luke lanak, eta 2026. urtearen hasieran estreinatu asmo dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide