Nolatan etorri zinen Azpeitira?
Lehenik Donostiara joan nintzen, ahizpa han bizi zelako. Han nintzela, Azpeitian adineko bat zaintzeko lan eskaintza ikusi nuen, eta horrela iritsi nintzen herrira.
Gustatu egin al zaizu?
Bai, hasieratik. Jendeak kateatu egin ninduen. Zaintzen nuen emakumea maitagarria zen; berak zaintzen ninduen ni. Oso harreman ona genuen; berarentzat alaba bat nintzela esaten zidan. Urte batzuetara hil egin zen, ordea, eta Bastida enpresan hasi nintzen lanean. Pandemia iritsi zenean, baina, lanik gabe geratu nintzen.
Eta nora jo zenuen?
Arreta soziosanitario ikastaroa egin nuen, eta beste emakume bat zaintzen hasi nintzen. Denbora batera lanez aldatu banuen ere, lagunak gara, oraindik ere badugu harremana. Okindegi batean lan egiten dut egun.
Okindegian jende pila bat ezagutuko zenuen, ezta?
Bai, ikaragarri, eta jende pila batek ezagutzen nau han lan egiten dudalako. Herritarrekin ondo konpontzen naiz, eta horiek maitasuna adierazi didate. Asko gustatzen zait jendeari arreta eskaintzen lan egitea. Hondurasen, esaterako, Gurutze Gorrian egiten nuen lan; zuzendariaren idazkaria izan nintzen hamabi urtez, eta herritar askorekin izaten nuen harremana.
Urteotan itzuli al zara Hondurasera?
Bai, behin: dibortziatzera eta seme-alabak ekartzera. Ordutik, seme-alabak nirekin bizi dira Azpeitian. Ondo egokitu dira herrira, eta adinez nagusiak badira ere, ez dute sorterrira itzuli nahi; hemen oso ondo sentitzen direla esaten dute. Hori da niretzat garrantzitsuena.
Zer da Azpeititik gehien gustatzen zaizuna?
Berdeguneak, mendiak, zelaiak... Baserri batean bizi naiz, eta ikaragarri gustatzen zait ingurua. Horrek ematen duen lasaitasuna eta segurtasuna... Hori ez dago beste inon, ezta Hondurasen ere.
Zergatik diozu hori?
Hemen ez dago ia delinkuentziarik, lasai bizi gara. Gertatu zait nahi gabe zerbait nonbaiten lagatzea eta itzulitakoan hantxe aurkitzea... Hondurasen alertan bizi ginen.
Eta gutxien zer gustatu zaizu?
Ez dakit, ez nuke ezer nabarmenduko.
Nola deskribatuko zenuke Azpeitiko jendea?
Euskaldun batekin bizi naiz [barrez]. Jendea maitagarria da, nahiz eta besarkada bat ematea kostatu egiten zaion; eta burugogorra ere bai. Hala esaten diot senarrari: "Karratua zara, gero!". Baina euskal herritarrak fidelak dira, eta laguntzen dutenean, bihotzez egiten dute.
Euskal Herriko eta Hondurasko gizarteen artean zer alde daudela nabarmenduko zenuke?
Han jendea lasai ibiltzen da, eta hemen dena presaka egiten da. Han gauzak egiteko pazientzia gehixeago dugu, baina ez dakit hori hutsunea edo bertutea den; bietatik behar da. Bestalde, Hondurasen izugarrizko pobrezia dago; familia gutxi batzuen eskuetan dago dena, horiek kontrolatzen dute guztia.
Ba al dute antzekotasunik?
Aberastasun naturalak. Hondurasen ere berdegune asko dago, paraje ederrak daude; mendi asko eta bisitatzeko leku ederrak. Gomendatuko nioke jendeari Honduras bisitatzea, betiere ezagutzen duen norbaitek lagunduta. Abenturara ez nintzateke joango, badaezpada ere.
Faltan sumatzen al duzu Honduras?
Egun batzuetan, bai. Izan ere, han ditut lagunak eta. Dena den, familia ia guztia Euskal Herrian daukat; ama nirekin bizi da, eta aita tarteka etortzen da bisitan.
Eta zer moduz moldatzen zara euskararekin?
Askotan zail samarra egiten zaigu ikastea, baina jendeak eskertu egiten du ahalegina egitea. Pixkanaka ari naiz ikasten; dezente praktikatzen dut okindegian. Kontuan hartu behar da, ordea, denok ez dugula ahalmen bera hizkuntzak ikasteko.