Historiak eta istorioek osatzen dute Magdalena auzoa izan zena eta dena. Artxibo ugaritan dago jasota auzo horretako baselizaren nahiz ospitalearen inguruko informazioa, baina bertako baratze txapalden nondik norakoen berririk ez da inon, eta galderak ugari dira: zein garaitan eraiki zituzten txapaldak egiteko harrizko hormak? Nola banatzen zituzten baratzeak? Zenbat baratze daude guztira?
Herriaren erdigunetik bertan, baina aparte dagoen auzoa da Magdalena. Loiolako Inazioren espiritualitateari segika, Magdalena baseliza eta ospitale zaharra bisitatzera jende ugari joaten da kanpotik eta urrutiko lurraldeetatik. Baseliza XIV. mendekoa da, 1921ean eraberritu egin zuten eta 2006. urtean arkeologia ondare izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Ospitale zaharra, berriz, XVI. mendean legenarduen eta eskaleen ospitalea izan zen, eta 1535. urtean Loiolako Inazio bertan bizi izan zen. Eraikina itxita eta hondatuta egon zen denbora luzean, baina 2014an eraberritu, eta bisitarientzako ireki zuten.
Azpeitiko herri harresiaren kanpoko auzoa izan zen Magdalena, gaur egun ere hala sentitzen dute auzoa bertako bizilagun batek ala bestek: herriko parte, baina herritik kanpo. Auzoko ondare arkeologikoa mantendu egiten da, baina baditu bestelako berezitasun batzuk ere: baratze txapaldaz inguratuta dago auzoa Ezkuztara bitartean eta auzogunean hormigoi lantegi bat ere badago.
Azken hamarkada pasatxoan, Magdalena auzoa eraberritzeko asmoz, hainbat esku hartze egin ditu Azpeitiko Udalak. Hasteko, hutsik eta erortzen hasita zeuden Xerrarieneko, Perueneko eta Motroiloeneko hiru etxebizitzak eskuratu eta eraitsi egin zituen erakundeak. Orain dela hiru urte, baselizaren eta ospitalearen ingurua berritu eta egokitu zituen erakundeak, eremua "erakargarriago" bilakatzeko. Iaz, berriz, Magdalena auzoko baratze izandako txapaldetako batean berdegunea egokitu eta hiru zuhaizti autoktono berreskuratu zituen udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako laguntza bati esker. Azkenengo esku hartze hori Urola Bizirik taldeak "bertako landare espezieak landatzeko eta sentsibilizaziorako gune bat sortzeko" egindako eskaeraren ondorioa izan zen. Berdegune horretako mintegian hazitako 200 zuhaitz landare inguru landatu dituzte natur taldekoek Goenan, aurtengo Zuhaitz Egunean.
Auzotarrak
Magdalena auzoa eta bertako baratzeak ederki ezagutzen dituzte Xerrarieneko Jose Luis Arangurenek (Azpeitia, 1948) eta Olkieneko Josu Astigarragak (Azpeitia, 1971). Bi belaunalditakoak dira, baina biek maite dute auzoa.
Arangurenek gogoan ditu haurra zela auzoan bizi izandako istorioak. "Gure attittek Frantzian zerrategi batean lanean jardun zuelako gara gu xerrarienekoak. Aita Magdalenakoa genuen, eta ama, berriz, osintxuarra [Gipuzkoa]". Haurrak zirenean, auzokideak iluntzero baselizaren aurrean elkartzen zirela du gogoan, eta jolaserako leku gogokoena Ezkuzta zutela ere bai. "Joera genuen jolasera Ezkuztara joateko. Orain gasolindegia dagoen tokian, iturria eta guzti zituen zelai ederra zegoen, egun guztia hantxe pasatzen genuen, ibaitik irten ere egin gabe. Magdalena parean gutxi ibiltzen ginen ibaian, ur handiak zirelako. Estolda esaten genion Magdalenako ibai guneari; tapako urak ziren. Guretzako Ezkuzta zen bainurako tokia, beste batzuentzako Amue edota Atxubiaga ziren bezala".
Auzotarrek txapaldetako baratzeak beti landu izan dituztela dio Arangurenek. "Guk ere beti izan genuen baratzea etxearen atzealdean; etxetik zuzenean genuen harako sarbidea. Gaur egun berreskuratu duten berdegunean, zumea egosteko labea zegoen; zume hori gero aulki ipurdiak egiteko erabiltzen zen". Xerrarieneko etxearen behealdean tailerra ere eduki zuten. Orain eraikina eraitsita dago, baina auzoari lotuta jarraitzen du Arangurenek, baratze bat bai baitu bertan, txabola eta guzti. Auzoa berreskuratzeko egindako lanak egin beharrekoak zirela uste du Xerrarienekoak, urte askotan "nahiko abandonatuta" egon izan delako: "Loiola aldera gehiago zaindu izan da herria, baina Magdalena aldeak ere merezi du. Ondo dago bazterrak txukuntzea eta zaintzea".
Aranguren bezala Magdalenan jaiotakoa da Astigarraga, baina beste belaunaldi batean. Dena den, ondarea berreskuratzearen, zaintzearen eta egunera egokitzearen aldekoa da Olkienekoa ere. Roke Astigarraga Azpeitiko alkate izandakoaren biloba da, eta hark 1940. urtearen inguruan eraikitako etxea du jaiotetxea eta bizitokia. "Ospitale zaharra artean etxebizitza ilara zen, baina tarteko bi eraikinak eraitsi egin zituzten", dio Astigarragak.
Magdalena auzoaren historian baratzeek izan duten garrantzia goraipatu du Olkienekoak, eta ondare arkeologikoa nola, baratzeak eta hormak ere hala zaindu beharrekoak direla uste du: "Auzoan ditugun baratzeek garai bateko herriko bizimodua nolakoa zen islatzen dute. Ondare hori zaindu beharra daukagu, suntsitzen utzi gabe. Magdalenan herritarrek eraiki zituzten harrizko horma zaharrak ezin dira desagerrarazi. Ni oroimen horren guztiaren defendatzaile sutsua naiz, lehengo gauzak berreskuratzearen eta gaur egungora egokitzearen aldekoa, alegia. Behin eraitsitakoan zaharra zen hura desagerrarazi egiten da, gero ez dago atzera bueltarik. Lehengo ondarea eraitsi beharrean egokitu egin behar da".
Bizimoduaren erakusgarri
Garai batean, Magdalenako baselizaren eta ospitale zaharraren inguruan eraiki zituzten etxeak, Astigarragak dioenez. "Xerrarienekoa, Peruenekoa, Motroiloenekoa, Txapaenekoa, Aranaenekoa, Atzeko Txuloenekoa, Kanpaingo lurrak... Eta geroago, gure etxea, Olkienekoa. Mendia oso aldapatsua izanda, etxe haietako bizilagunek baratzeetarako egokitu zituzten maldak. Txapaldatan berdindu eta haiei eusteko harrizko hormak eraiki zituzten, mendian goitik beheraino". Baratze horiek garai bateko azpeitiarren bizimoduaren erakusle direla dio Olkienekoak. "Herritarrek beren eguneroko oinarrizko elikagaiak ekoizteko eraiki zituzten baratzeak, mendia egokitu egin zuten beraien beharrak asetzeko". Magdalena auzotik Ezkuztara artean, txapaldako baratzeak eta harrizko hormak mantendu egiten dira, eta zaindu beharreko ondarea direla aldarrikatu du Astigarragak. "Herritarrek lurraren baldintzetara egokituta eraikitakoak dira, eta beste hainbat eraikin historiko bezala, Azpeitiaren ondarea dira baratze horiek ere". Oraindik mantentzeko arrazoia "herriko bazter batean" daudela da, Olkienekoaren arabera: "Herriaren erdigunean edota zabalguneren batean egon izan balira, honezkero desagertuta eta hiritartuta zeudekeen. Alberga ere zergatik mantentzen da zutik? Herriaren bazter batean dagoelako. Ondare aberatsa da herrian daukagun alberga ere. Gaur egun non dago neurri horietako alberga bat zutik?".
Magdalena auzoko txapaldetako baratze baten jabe ere bada Astigarraga, orain dela bi urte inguru erosi baitzuen. "1800 urte ingurukoa da baratzea, eta jabetza erregistroan baratze urbano gisa erregistratutako aurrena da. Hala esan ziguten erosi eta jabetza erregistrora joan ginenean", azaldu du. Gaur egun, Magdalenako txapaldetako baratzeak zainduta daudela dio, eta benetan estimatuak direla. "Herriko ondarea dira, zaindu beharrekoak. Nire ustez, ondare izateko ez dauka zertan jauregi bat izan beharrik".
Beren auzoa zaintzearen eta babestearen alde egin du behin eta berriro Olkienekoak. "Garai bateko Azpeitiko bizimoduaren erakusle da, herriko burbuila bat da, galtzen utzi gabe zaindu eta berreskuratu beharrekoa". Bere jaiotetxearekin ere apustu hori egin du Astigarragak, eraberritu egin zuelako eta bertan bizi delako. "Aittittek egindako etxea da, nire jaiotetxea. Lehen txabola tankera gehiago zuen etxeak, baina gure gurasoek mantendu egin zuten. Ondoren, emazteak eta biok erabaki genuen eraberritu beharra zegoela bertan bizi ahal izateko, eta horretarako apustua egin genuen. Etxea zutik mantentzeko eta berritzeko ahalegin horretan, Eneko Etxeberria alkateak lagundu izana eskertu beharra daukagu. Izan ere, hark etxea zutik mantentzearen alde egin zuen, eta hein batean horregatik dago egun gure etxea zutik eta berrituta". Etxea eraberritu ondoren, herritar askoren zorionak jaso izan dituztela dio Olkienekoak: "Herriari beste ikuspegi bat eman izanagatik zoriondu gaituzte. Gu oso gustura bizi gara bizi garen tokian".
Auzoari aitzakiaren bat aurkitzekotan, hormigoi lantegia aipatu du. "Lantegi hori ez dago leku egokian; kamioi asko hara eta hona ibiltzen dira herri barruan eta auzoan. Industria jardueretarako egokia den toki batera lekualdatu beharko lukete, eta udalak enpresarekin akordio bat lortzeko ahalegina egin beharko luke", esan du Astigarragak.
Dena den, udalarentzako kexarik ez dutela dio Olkienekoak. "Auzoan espaloiak egokitu dituzte, eta gauzak berreskuratzen saiatu da erakundea. Gainera, Magdalenako eguna berreskuratzeko laguntza eman du". Uztailaren 22an izaten da Magdalenaren eguna, eta izen hori duen auzoko festa eguna berreskuratzeko, meza eta hamaiketakoa antolatu zituzten iaz. "Garai batean, Magdalena auzoko egunean hainbat sariketa jokatzen ziren, eta festa horrek bazuen bere indarra; besteak beste, igeriketa txapelketa jokatzen zen estoldan". Horren erakusle da Astigarragak etxean gordeta duen eta sariketa haiek iragartzen zituen 1930-40 urte inguruko kartel bat.
Urrutiko senide bat zaintzera etorrita
Beste herri batetik Magdalenara bizitzera etorritako bizilagunak ere badira auzoan. Pepita Etxeberria (Legazpi, Gipuzkoa, 1945) eta Alberto Zuloaga (Antzuola, Gipuzkoa, 1940) senar-emazteak Aranaenekora etorri ziren bizitzera orain dela 59 urte. "Otsailaren 11 batean" etorri zirela gogoratu du Etxeberriak. "Gure ama zenaren urrutiko lehengusu bat bakarrik bizi zen Magdalenan, eta haren etxera etorri ginen. Inor ez genuen ezagutzen Magdalenan, ezta Azpeitian ere; ezta etxejabea bera ere. Senarra Altuna y Uria enpresan obretan hasi zen lanean aurrena, eta gero kamioi gidari ibili zen Urbisekin".
Harrezkero, senar-emazteak Magdalenan bizi dira. "Ni Magdalenakoa naiz, Legazpin baino gehiago bizi izan naizelako bertan. Gaur egun esaiozu 20 urteko neska bati ezkondu eta joateko ezagutzen ez duen gizonezko baten etxera bizitzera! Osaba bezala ezagutzen genuen hura guraso bagenu bezala tratatu genuen. Orain, bizimodua asko aldatu da. Hala ere, egin nuen horretatik ez nuke ezer aldatuko", gaineratu du Etxeberriak.
"Oso ondo" bizi dira Magdalenan, baina Azpeititik kanpo bizi direla sentitzen dutela dio Aranaenekoak. "Auzoa Azpeitiko parte da, baina azpeitiarrentzako gu independeteak gara. Hona kale garbitzaileak oso aldian behin etortzen dira... Nik esango nuke salaketak jartzeko bakarrik aurkitzen gaituztela gu auzoan".
Baselizaren atzeko berdegunea berreskuratu eta Urola Bizirik taldekoak hara joaten direlako pozik dago Etxeberria. "Poza ematen du bateren bat auzora etortzen dela ikusteak, eta elkarrekin hizketan-eta jarduten dugu, baina berdegunea berreskuratu izanak beste alde bat ere badu ez dena horren polita", gaineratu du Aranaenekoak. "Euria egiten duenean ez, baina eguraldi onarekin gazteak etortzen dira berdegunera, botilak puskatzen dituzte, musika oso altu jartzen dute eta harriak goitik behera botatzen jarduten dute. Errespetu falta izugarria azaltzen dute, eta ez legoke gaizki noizean behin udaltzainak etorriko balira".
Aranaeneko etxekoek ere txapaldako baratzeak erabili izan dituzte; orain, ordea, utzita dituzte lan horiek, "zahartu" egin direlako. "40 bat urtean baratze bat izan genuen, ez zen gure jabetzakoa, baina garbi mantentzearren tratua eginda genuen baratze jabearekin".
Hormigoi plantara doazen kamioiak ere etxe ondo-ondotik igarotzen zaizkie Aranaenekoei, baina garai baten aldean hobeto daudela diote. "Gu hona bizitzera etorri ginenean harrobia zegoen gaur egun hormigoi planta dagoen lekuan, eta leherketak egiten zituztenean, harriz beteta egoten zen gure etxearen teilatua. Urte asko dira, baina behin zinegotzi zen batek hala esan zidan: 'Gaur egun ez lukete baimenduko etxe hau toki honetan egitea'. Orduan isilik gelditu nintzen, baina harrezkero neure artean askotan pentsatu izan dut: 'Etxea hemen egonda, ba al legoke harrobia ondoan martxan jartzerik? Baimenak lortuko al lituzkete?'. Gaur egun, isilik gelditu beharrean hori erantzungo nioke zinegotzi hari".
Magdalenako beste bizilagunak bezalaxe, Aranaenekoak ere auzoa babestearen eta zaintzearen aldekoak dira. Herrian bertan eta aparte, bisitarientzako nola, herritarrentzako eta herriarentzako ondare izaten segitzea nahi dutelako.