Aurreneko eleberriaren abenturan

Maialen Etxaniz 2025ko api. 15a, 09:00

Ioritz Hidalgo (ezkerrean) eta haren ezagunak, liburuaren Donostiako aurkezpenean. (Utzitakoa)

Ioritz Hidalgo azpeitiarrak Variante Z liburua ondu du. Urtarrilean aurkeztu zuen jendaurrean, eta dagoeneko hasi du bidea liburu dendetan. Mundu mailako izurriaren garaian kokatzen da istorioa, eta fikzioa den arren, badu errealitatetik. Irakurleei interpretazioak egiteko aukera eskaintzen die lanak. Martxoko Azpeitia Guka aldizkariko erreportajea da hau.

Bi erronka jarri zizkion bere buruari Ioritz Hidalgok (Azpeitia, 1996) 2022. urtean: maratoi bat bukatzea eta liburu bat idaztea. Bi helburuak bete zituen, eta, besteak beste, burugogorkeria horretatik jaio zen Variante Z liburua. Azpeitiarrak idatzi duen lehen liburua da, baina ez azkena, dagoeneko bigarren lanaren prozesuan murgilduta baitago. 2025eko urtarrilean aurkeztu zuen ondutako lana aurrenekoz jendaurrean Donostian, baina liburuaren sormen prozesuak 2021ean ditu hastapenak eta lotura zuzena du urte haietan bizitako pandemiarekin.

Hidalgo marketin digitalean eta neuromarketinean aditua da, eta ekintzailetza ikasketak ditu eginak. Valentzian (Herrialde Katalanak) bizi da duela sei urte ingurutik, baina tarteka begiratzen dio jaioterriari. Bere eguneroko lanak literaturarekin lotura gutxi duen arren, irakurtzea "ikaragarri" atsegin duela aitortu du. Zaletasun horrek bultzatuta piztu zitzaion idazteko grina. "2021. urtean hasi nintzen neure kabuz idazten. Hasieran gauza solteak zirriborratzen nituen, bururatutakoak, eta gerora hasi nintzen idatziei gorputza ematen. Lan arloan behin-behineko etenaldian nengoen, eta horri esker, idazteari denbora eskaini ahal izan nion", azaldu du. Halaber, betitik "sortzailea eta gauza berriak probatzeko zalea" izan dela nabarmendu du.

Variante Z-ren azalak istorioan kokatzen du irakurlea: mutiko bat eta txakur bat ageri dira, errepide batean, oinez. Horiek izango dira nobelaren protagonistak eta Azpeitia izango da haien bizilekua. "Valentzian bizi naiz, baina asko oroitzen naiz herriarekin eta hango parajeekin. Istorioa kokatzeko leku egokia iruditu zitzaidan", azaldu du.

Ioritz Hidalgo Donostiako aurkezpenean, aleak sinatzen. (Utzitakoa)

Fikzioa erabili du Hidalgok lehen eleberria idazteko, baina kontakizunerako erabili dituen elementu gehien-gehienak benetakoak dira. "Aitzol izeneko mutikoa da protagonista, eta bakarrik bizi da Bruce txakurrarekin Euskal Herriko herri batean. Gurasoak galdu ditu istripuz, eta tragedia horren ondorioei aurre egiteko, psikologoak blog bat idatz dezan gomendatuko dio, sentimenduak besteekin partekatzeko. Aitzol bere blogaren bidez sentimenduak azaleratzen hasten denean, Txinan sortutako gaixotasun bat mundu osoan zabaltzen hasten da, gizartea betiko aldatuko duten hainbat gertaera bultzatuz. Izurria zabaltzen den heinean, hainbat aldaera agertzen dira, azkenean Z aldaera sortzen den arte", laburbildu du istorioa azpeitiarrak.

Hastapenetako zailtasunak

Ez da ohikoa gazteek beren kabuz eleberriak idaztea eta argitaratzea. Are gutxiago publikazioa ahalbidetuko duen editoriala aurkitzea. Zentzu horretan, Hidalgo zorteduna izan da, Cordel D'Prata editorialak babestu baitu haren narrazioa. Dena den, azpeitiarrak aitortu du idazle amateurren proiektuek zailtasunak dituztela zabalpenerako, editorialek izen handiko idazleen edo bidea urratuta dutenen lanak lehenesten dituztelako. Azpeitiarraren kasua bestelakoa izan da, erantzunak jaso ez ezik, aukerak zabaldu zitzaizkiolako. "Argi" zeukan ez zuela liburua autoekoizterik nahi, ekoizpen kostuak handiak izaten direla jakitun: "Gogo handia eta denbora asko eskaini nion liburuaren sormen prozesuari, baina hasieratik nekien ez nuela haren ekoizpen eta zabalpen prozesua neuk hartu nahi, burukomin handia eragiten duen zerbait da eta. Beraz, hainbat editorialekin jarri nintzen harremanetan". Hasieran, ez zuen espero inork erantzungo zionik, baina denbora gutxira jaso zuen lehen erantzuna. "Egia esan, uste nuena baino editorial gehiagok erantzun zidaten, eta horrek poz eman zidan, gehienetan idazle hasiberriak ikusezinak izaten baitira editorialentzat", kontatu du Hidalgok. 

Argitaletxerik agertu ezean, ez zukeen liburu fisikoa plazaratuko, baina egindako lanaz "berdin-berdin harro" egongo litzatekeela nabarmendu du. "Ez nuke liburua esku artean fisikoki edukiko, baina idaztearen prozesuarekin gozatu dudalako pozik egongo nintzateke".

Hidalgo, lehen maratoia eta eleberria amaitu berritan. (Utzitakoa)

Mezua, zabalik

Libururako aukeratutako gaiak badu, nolabait, kritikatik, baina Azpeitikoak ez dio narrazioari kutsu edo mezu zehatzik eman nahi izan: "Liburuan hainbat gai eta auzi jorratzen ditut, baina nik ez diot mezu zehatzik eman nahi izan; ez dut ezer aldarrikatu intentzio zehatz batekin. Hala ere, irakurleengan iritzi desberdinak eragin ditu, eta badaude eztabaidarako aukera sortu duten kontuak ere. Esaterako, boteredunen esku hartzea aipatzen dut, horiek ekonomian eta gizartean izan dezaketen eragina, baina zabalik utzi dut interpretazioa. Batzuek era batera ulertu dute, besteek beste era batera...".  

Kontakizuna "lineala" da, eta uste du estiloan nabaritzen dela hasiberri baten proiektua dela. Dena den, jasotako kritikekin gustura dago. Liburua "jende dezentek" irakurri duela adierazi du, eta gehientsuenek balorazio ona egin dutela: "Jakin badakit ingurukoek ez didatela gauza txarrik esango, baina hain gertukoak ez direnek ere ondo hitz egin didate, eta oso pozik hartu ditut kritikak. Gainera, aipatu bezala, sortu du eztabaidarako tartetxoa, eta hori ona da". Egilearen aburuz, "hasieratik amaierara irakurlea adi mantentzen duen liburua" da Variante Z.

Bigarrena bidean

Aurreneko liburuak dagoeneko hasi du bidea liburu dendetan, baina Hidalgok bigarrena dauka labean.

Aurreratu duenez, bigarren lana "mardulagoa" izango da, eta arlo juridikoan oinarrituko da. "Ez du aurreneko liburuarekin zerikusirik. Liburu judiziala izango da, eta dokumentazio lan handiagoa eskatu dit. Hain zuzen, prozesu medikoak nahiz prozesu polizialak aztertzen nabil, kontakizuna ahalik eta ondoen egiteko", azaldu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide