Mireia Epelde: "Alderdikeriak alde batera uztea ezinbestekoa da"

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 7a, 17:12

Mireia Epelde. (Mailo OIarzabal)

Apirilaren 20an izango da aurten Aberri Eguna, eta apirilaren 11ra aurreratuta egingo du aurten ekitaldi bateratua Euskal Herria Baterak. Mireia Epelde herri ekimenaren bozeramaileetako bat da. Ekitaldi horren eta euskal abertzaleek indarrak batzearen garrantziaz mintzo da azpeitiarra martxoko Azpeitia Guka aldizkarian.

Txirrindulari profesional asko ez ditu eman Azpeitiak, eta gutxi horien artean, bakarra da emakumea. Bi gurpilen gainean ibilbide oparoa egin zuen Mireia Epeldek (Azpeitia, 1985), ia hogei urtekoa, profesional gisa aritu zen zortzi urteak barne. Ia 11 urte igaro dira bizikleta utzi zuenetik, baina azken urteotan beste eginkizun bat medio dela itzuli da lehen lerrora. Euskal Herria Batera herri ekimenaren bozeramaileetako bat da Epelde, Xabier Euzkitze bezala. Aberri Eguna gerturatzearekin bat esnatzen da urtero Euskal Herria Batera, eta aurtengo hitzordurako lanak ere aurreratu dituzte: apirilaren 11n egingo dute aurtengo ekitaldia, Donostiako Kursaalen. Euskal naziotasunaren eta erabakitzeko eskubidearen aldarrikapen bateratuaren garrantziaz mintzo da Epelde. EAJ eta EH Bildu ia aipatu gabe, etengabe zuzentzen zaie biei.

Txirrindulari ibilbideagatik ezagutzen zaitu jende gehienak herrian. Mantentzen al duzu harremanik mundu horrekin?

Joan diren Gabonetan kriterium batera gonbidatu ninduten, bizikletan ibiltzen jarraitzen dut eta lasterketa batzuk ikustera ere joaten naiz, baina bestela, ez, gaur egun ez nabil txirrindularitzarekin lotutako ezertan.

Aldiz, Euskal Herria Batera herri ekimenaren bozeramaileetako bat zara. Nondik nora iritsi zinen ardura horretara? Zer kezkak bultzatuta?

Lankide baten bikotekidea Euskal Herria Bateran zebilen, eta haren bidez jaso nuen proposamena. Emakumea, kirolaria... horrelako mugimendu baterako nirea ezohiko profila zela iruditu zitzaien. Herri ekimenaren helburuak eta zer ikuspegirekin lan egin nahi zuten azaldu zizkidaten, gustatu zitzaidan azaldu zidatena, eta baietz esan nien. Iaz Estitxu [Garai], Xabier Euzkitze eta hirurok aritu ginen bozeramaile lanetan, eta aurten Xabier eta biok.

Aberri Egun bateratua sustatzeko sortu zen Euskal Herria Batera. Zergatik da beharrezkoa Aberri Egun bateratu bat?

Alde bateko zein besteko alderdi politikoek konpartitzen duten puntu bat da Aberri Eguna, eta uste dugu bakoitzak bere aldetik, eta, komatxo artean esanda, talde txikietan indarra egitea baino askoz eraginkorragoa dela denok konpartitzen dugun horren inguruan batzea. Hortik aurrera, bakoitzak bere desberdintasunak eta ñabardurak izango ditu, bestela ez baitziren alderdi politiko desberdinak izango. Baina goazen partekatzen dugun horren bueltan elkartzera eta denok elkarbanatzen dugun horri bultzada bat ematera, interes partidistak alde batera utzita. Goazen denok bat egitera, bene-benetan nahi badugu, denok batera bakoitzak bere aldetik baino indar gehiago egingo dugulako.

2020an egin zuen lehen agerraldia Euskal Herria Baterak, pandemia lehertu berritan. Harrezkero, urtero berritu du Aberri Egunerako deialdia, formatu desberdinekin. Hasierakotik 2025era, aurrerapausorik sumatu al duzue ekimenaren helburuen betetze mailari dagokionez?

Iaz Bilbon egin genuen ekitaldi bateratua, eta Aberri Egunaren bezperan izan zen, esaterako. Alderdien ikuspegitik, izan zitekeen pentsatzea: "Ospakizun bateratuari oihartzun gehiegi ematen badiogu, hurrengo egunean non geldituko da gure lekutxo hori?". Alderdi politikoek gure eskaera bene-benetan serio hartzea nahi genuen, jabetzea ez dela txorakeria bat, baizik eta benetan eskatzen dugun gauza bat dela. Horregatik, aurten erabaki dugu ekitaldi bateratua Aberri Eguna baino astebete lehenago egitea; horrela, printzipioz eta nolabait esateko, alderdiek ez dute aitzakiarik izango. Aberri Eguna baino astebete lehenago egingo dugu, jende pila bat dago gonbidatuta, tartean bi alderdietakoak; fundazioak, eragileak... 600 gonbidapen igorri dira. Askok baieztatu dute dagoeneko Kursaalen izango direla. Beraz, egin dezagun apustu serio bat ekitaldi bateratuaren inguruan, eta handik astebetera izango duzu zure tartea. Izan ere, gure helburua ez da alderdiei beren tarte hori kentzea, baizik eta horrez aparte beste bat eraikitzea, denok elkarrekin.

Aberri Eguna alderdiek bakoitzak bere aldetik ospatze horrek ez al du zerikusirik izan egunak berak herritarren artean indarra galtzearekin? Iritsiko al da ekitaldi bateratua Aberri Egunean bertan ospatuko den eguna?

Hori da gure helburua, egun bat eta ospakizun bakar bat izatea, non denok elkartuko garen. Baina adostasun horretara iritsi bitartean, eraiki dezagun espazio bat non denok izango dugun tokia, eta hortik kanpo jarraituko duzue izaten beste momentu bat, bakoitzak zuen aldarrikapenak egiten jarraitu ahal izateko. Baina goazen pixkana-pixkana eraikitzen eta indarra ematen denon artean egingo dugun horri, eta aparteko horiek alde batera uzten. Benetan nahi badugu, ez da egon behar inongo aitzakiarik ez Aberri Egun bateratu bat bultzatzeko, ez guk erabaki ahal izateko zer izan nahi dugun.

Epelde, Euzkitze, Etchepare, Fuchs eta Atorrasagasti Euskal Herria Bateraren ikurrarekin, aurtengo ekitaldiaren aurkezpenean. (Euskal Herria Batera)

Apirilaren 11rako egin duzue aurten deia, Aberri Eguna baino bederatzi egun lehenagorako, Donostiako Kursaalen. Zer aurkituko dute bertaratzen direnek? Eta nola egin behar dute ekitaldian parte hartzeko?

Esan bezala, momentuz gonbidapenak igorri dizkiegu alderdiei, erakunde publikoei eta abarri, eta ari gara pixkanaka baieztapenak jasotzen. Baina herritarrei ere luzatu zaie bertaratzeko deia, eta autobusak ere antolatu dira Baionatik, Bilbotik, Gasteiztik eta Iruñetik Donostiako ekitaldira joateko. Alde batetik, nahi dugu ordezkari publikoei eta pertsona adierazgarriei duten garrantzia ematea, gonbidapenen bidez horiei esatea "nahi dugu zu hemen egotea, garrantzitsua iruditzen zaigu zu hemen egotea". Beste alde batetik, iruditzen zaigu ekitaldi bateratua herritarren tokia dela, eta, beraz, herritarrek ere izango dute Kursaalera joateko aukera.

Bagara eta izan nahi dugu leloa aukeratu duzue aurtengorako. Zergatik lelo hori? Zer adierazi nahi duzue?

Nazio bat izan, bagarela, baina izango garela bermatuko duen ofizialtasun hori falta zaigula. Hori uste dugu: sentimenduz bagara, baina oraindik ez gara nahi dugun errealitate administratiboa edo politikoa; eta maila horretan ere izatea nahi dugu, ez sentimenduz bakarrik. Zentzu guztietan izan nahi dugu. Izan ere, eta esateko era bat da: ni nazio bateko kide sentitzen naiz, nire ikuspegia hori da, baina zer jartzen du nire nortasun agirian? Hor jartzen du ni administratiboki toki batekoa naizela, baina administratiboki inork ezin dit esan nire sentimenduak zein diren. Sentimendu horri forma politikoa ematea nahi dugu, osotasun batera ailegatzeko modua izatea.

"Inoiz baino ozenago, Euskal Nazioaren oraina eta etorkizuna desberdinen artean eraikitzen jarraitzeko ahalmena eta borondatea egon badaudela adierazi nahi dugu", zenioten aurkezpenean. Zertan sumatzen dituzue ahalmen eta borondate hori?

Uste dut indarra galduta daudela gaur egun, eta horrexegatik nahi dugu Aberri Eguna denon artean eraikitako egun bat izatea, horren inguruan indarrak batzea, denok bat egitea eta denok bultzatzea egun hori. Izan ere, hitz eta asmo onez haratago, zer ari gara egiten nahi dugun hori lortzeko? Ekitaldi indartsu bat antolatu dugu, jende ezagunarekin eta herritarrekin; goazen ba benetan apustu serio bat egitera, eta argi eta garbi hitz egitera: hau nahi dugu, hau gara eta hau izan nahi dugu.

Euskal abertzaleen artean joera desberdinetako jende askoren atxikimendua jaso izan du Euskal Herria Baterak orain arte, eta bi alderdi nagusiak interpelatzen ari zarete etengabe zuen ekimenera batu daitezen. Zer lan dago egiteko bide horretan, zure ustez?

Iruditzen zait, kanpotik begiratuta, garratzitsua dela alde batekoa den edo izan daitekeela iruditzen zaigun jendeak zein beste aldekoa dela uste dugunak gai honetan etsenplua ematea, elkartuta gaudela esanez eta erakutsiz. Izan ere, etekin politikoa ateratzen saiatzeko joera hedatuegia dago eta hori da gurea bezalako ekimenek duten arriskuetako bat. Alderdikeriak alde batera uztea eta lehentasunak finkatzea ezinbestekoa da. Lehenengo, hori, eta gero, gerokoak. Uste dut hori dela begi bistatik galdu behar ez duguna, hori dela batzen gaituena.

Naziotasunak edota erabakitzeko eskubideak ez al dute atzera egin euskal alderdien zein herritarren agendetan?

Denok dauzkagu beste arazo eta kezka batzuk, baina naziotasunaren afera ere hor dago eta ez da ahazten. Egunerokoan topo egiten ditugun gauzen aurrean sortzen zaizkigu sarri "eta guk zergatik ez?" edo "guk zergatik ezin dugu erabaki zer izan nahi dugun?" bezalako galderak.

Urtetik urtera Azpeitiko leiho gutxiagotan ikusten dira ikurrinak Aberri Egunean. Euskal Herria Bateraren bozeramaile zaren aldetik, nola animatuko zenituzke herritarrak ohitura berreskuratzera?

Eta zergatik ez jarri ikurrina gure etxeko balkoian? Eta zergatik jarri egun horretan bakarrik? Loreak urte osoan edukitzen ditugu, eta edukitzen ditugu nahi dugulako. Gure balkoia da, eta eskubidea daukagu nahi dugun bezala eta nahi dugunean apaintzeko, beti ere, besteekiko errespetuarekin eta inor mindu gabe. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea ez da inoren kontra joatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide