Ia mila herri kirolaren zale bildu dira gaur Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, eta lehia bezala giroa ere beroa izan da. Urrezko aizkorako zein harri jasotzeko zortzi txapel izan dira jokoan. Horietako bi harri jasotzaile zarauztarrek irabazi dituzte: Mikel Lopetegi Urrak harri txikietakoa eta Maddi Gesalagak emakumeen mailakoa.
Gizonen XXV. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan lehia bizia izan da Iker Vicente eta Eneko Saralegi bikotearen eta Julen Alberdi Txikia IV. azkoitiarrak eta Ibai Soroak osatutakoaren artean. Azken saioa egiteko faltan, Vicentek eta Saralegik zortzi segundoko aldeko abantaila zuten. Txikia IV.ak eta Soroak azkenera arte borroka egin dute, baina ezin izan dute txapela lortu. Vicentek eta Saralegik 24,18 denboran lanak bukatuta irabazi dute txapelketa. Txikia IV.ak eta Soroak 31 segundo gehiagoan egin dituzte lanak, eta hirugarren egin duten Hodei Ezpeletak eta Arkaitz Etxebestek 27,48 denboran.
Txikia IV.ak Urrezko txapelketa osoa Jon Rekondorekin jokatu du, baina hura ez zen finala jokatzeko moduan aurkitzen, eta haren tokian Ibai Soroa aritu da lehian azkoitiarrarekin bikotea osatuta. Egindako finalarekin "gustura" agertu da azkoitiarra, txapela irabaztea "gustukoagoa" izango zuen arren. Azken aldian, Rekondo aldakako minez ibili dela azaldu du azkoitiarrak, eta pena izan dela harekin finala ez jokatzea. "Finala jokatu ez izanaren pena handiena Rekondok berak izango du, baina txapelketa guztia harekin aritu naiz eta gaurkoan ere biok batera aritzea ona izango litzateke. Hala ere, Soroarekin egindako lanarekin gustura nago, baina antzeman da gaurko saioaren bukaeran elkarrekin ez dugula txapelketan jardun", azaldu dio aizkolari azkoitiarrak Gukari. Orain, hilabete inguruko atsedena hartzeko asmoa du Txikia IV.ak, eta ondoren, duatloia jokatzeko prestatzen hasiko da.
Emakumeen Aizkolari Txapelketan ere lehia bizia izan da, baina alde pixka bat aterata Laiene Pikabea aizkolaria izan da txapelduna, lanak 4,47 denboran bukatuta. Haren atzetik egin du Karmele Gisasola Zelai III.ak (5,31), eta hirugarrena Uxue Ansorregi (5,58) izan da.
23 urtez eta 19 urtez beherakoen gizonen aizkolari txapelketak ere jokatu dira Azpeitian. Eta bi mailetako txapela Jon Erdoziak irabazi du.
Harri jasotzeko bi txapel Zarautzera
Harri jasotzeko hiru txapel jokatu dituzte gaur Izarraitz pilotalekuan. Gizonek harri txikietako eta harri handietako lehiak jokatu dituzte. Harri txikietan Mikel Lopetegi Urra izan da nagusi 63 altxaldi egin eta 7.269 kilo jasota. Bigarren Beñat Telleriak egin du, 58 altxaldi eta 6.718 kilo jasota, eta hirugarren Iraitz Arruti Burni Txiki zarauztar gazteak, 49 altxaldi eta 5.640 kilo jasota.
Emakumeen harri jasotze txapelketan Maddi Gesalaga zarauztarra izan da txapelduna 49 altxaldirekin 2.840 kilo jasota. Haren atzetik beste harri jasotzaile zarauztar batek egin du, Ainitze Zumetak 47 altxaldi eginda 2.688 kilo jaso baititu. Hirugarrena Estefi Etxebeste izan da, 46 altxaldi eginda eta 2.651 kilo jasota.
Harri handietakoan txapelduna Gari Garmendia izan da, 33 altxaldirekin 4.618 kilo jasota. Bigarrena Xabier Aranburu Guzta izan da, 29 altxaldirekin 4.181 kilo jasota eta hirugarrena Jon Unanue Goenatxo III.a, 25 altxaldirekin 3.629 kilo jasota.
Omenduz agurra
Urrezko aizkora txapelketaren 25. edizioa izan da gaur Izarraitz pilotalekuan jokatutakoa, eta horrek berezia egin du txapelketa. Ez, ordea, horrek bakarrik, izan ere txapelketaren antolatzaile den Egur Sport enpresako Luis Mari Bengoak erretiroa hartu du, eta herri kirol zaleekin agurtu da gaur txapelketaren sari banaketarekin batera.
Txapelketara batutako zaleen txalo zaparrada artean, hainbat oroigarri eman dizkiote Bengoari eta Anjel Mari Peñagarikanok bertsoa eskaini dio. Bengoak ere bere alea jarri nahi izan du agurrean, eta tronpetarekin Agur jaunak pieza jo du.