Pasaiako segadaren auziaren kronologia

Julene Frantzesena 2025ko mar. 17a, 19:42

Pello Aizpuru senidea 2023an, Gipuzkoako epaitegiaren atarian.

Honako hau da 1984ko martxoaren 22tik gaur arte Pasaiako segadak auzitegietan egin duen bide korapilatsua. Oraindik ere, ofizialki argitu gabe jarraitzen dute hilketek. 2023an berriz zabaldu zuen auzia Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.

1984

  • Martxoa. Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Espainiako Poliziak Pasaiako badian: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak. Joseba Merino donostiarra —segadatik bizirik atera zen kide bakarra— eta Rosa Jimeno oriotarra atxilotu zituzten.

1986

  • Ekaina. Auzia behin-behinean itxi zuen Calvo Rojas epaileak, frogarik ez zela argudiatuta.

2000

  • Maiatza. Kasua aztertzen hasi zen Santiago Gonzalez abokatua, eta hainbat dokumentu falta zela jabetu zen: artxibatze autoa eta Merinori hartutako deklarazioa. Donostiako Lurralde Auzitegiak sumarioa berriz ireki zezan lortu zuen.
  • Iraila. Merinori Pasaian gertatutakoaz deklarazioa hartu zioten, Santoñan preso zela (Kantabria, Espainia).

2001

  • Urtarrila. Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak eskatuta, Azpeitiko Udalak herri akusazio aurkeztea erabaki zuen, Miguel Castells abokatu hartuta.
  • Martxoa. Rosa Jimenok deklaratu zuen epaitegian.
  • Maiatza. Hildakoei autopsia egin zien Paco Etxeberria auzi medikuak deklaratu zuen. Bat zetozen hark eta Merinok esandakoak.

2004

  • Ekaina. Epaitegiak artxibatu egin zituen eginbideak. Familiak eta Azpeitiko Udalak helegitea aurkeztu zuten.

2005

  • Ekaina. Gipuzkoako Auzitegiak auzia berriz zabaldu zuen.

2016

  • Otsaila. Auzia artxibatu zuen auzitegiak. Helegite bana jarri zuten udalak eta familiek.
  • Azaroa. Auzia behin betiko artxibatu zuten, errekurtsorako aukerarik utzi gabe.

2017

  • Urtarrila. Udalak babes helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean.
  • Maiatza. Azpeitiko Udalaren babes helegitea ez zuen onartu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.
  • Azaroa. Herri akusazioak Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuen helegitea jartzera.

2018

  • Otsaila. Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo dute hildakoen senideek, eta helegitea tramitera onartzeko zain daude.
  • Otsaila. Herri akusazioaren helegitea ez du onartu Europako Giza Eskubideen Auzitegiak.
  • Otsaila. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du tramitera onartu Pasaiko segadan hildakoen senideek aurkeztutako helegitea.

2023

  • Otsaila. Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak berriz ireki zuen Pasaiako segadaren auzia. Hori dela eta, auzitegi horrek identifikazio saio batera deitu zituen 1984ko martxoaren 22an Pasaian izan zen polizia operazioan parte hartu zuten zazpi lagun.
  • Martxoa. Pasaian hildakoen senideek Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin bilera egin zuten, eta batzarraren bukaeran, txosten bat eman zieten senideei. Txostena EHUko Unesco giza eskubideen eta botere publikoen katedrak 2020an egindakoa zen, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak eskatuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide