Orain dela urtebete jarri zuen martxan gurasoentzako eta nerabeentzako orientazio zerbitzua Azpeitiko Udalak, guraso eskoletan gurasoek adierazitako eskaera bati erantzuteko asmoz. "Proiektu pilotu gisa abiatu genuen", adierazi du Leire Goenaga Udal Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Behin lehen urtea pasatuta, zerbitzuak izandako harreraren inguruko "balorazio positiboa" egin dute Goenagak eta Janire Basurto zerbitzuko psikologoak. Gainera, jakinarazi dute aurrera jarraituko duela 0-18 urte artekoen gurasoei eta 16-18 urteko gazteei –hauek gurasoen baimenik gabe, bakarrik jo dezakete zerbitzura– bideratutako zerbitzuak.
Hasiera nahiko kezkagarria izan zuen orientazio zerbitzuak, baina gerora indarra hartzen joan da; aurreneko hilabetean lau saio besterik ez zituzten egin, gero, ordea, urtebeteren buruan ehun saiotik gora egin dituzte. "Lehenengo hilabetean pixka bat kostatu bazen ere, gerora ikusi da zerbitzuaren beharra badagoela, eta pixkanaka jendeak zerbitzura jotzen duela", azaldu du Basurtok. Orientazio zerbitzua ezagutarazten eskolek eta Osakidetzako pediatrek edota lehen arretako medikuek asko lagundu dutela ere zehaztu du psikologoak: "Bide horietatik etorritako kasu asko izan ditugu".
Antzeko kezkak
Orientazio saioetan azaldutako kezka eta zalantza asko "errepikatu" egiten dira, Basurtoren arabera. Seme-alaben frustrazioak kudeatzeko, haiei autoestimua sendotzen laguntzeko edota emozionalki haiekin nola konektatu jakiteko estrategiak edo pautak eskatzen dituzte zerbitzura jotzen duten adin txikikoen guraso askok. Nerabeek, berriz, familiako edota lagunen arteko harremanak dituzte kezka iturri nagusi.
Familiei eta nerabeei zuzendutako orientazio zerbitzuak Gaztelekuan du bulegoa eta doakoa da. Hitzordua aurrez hartu behar da Gazteria Sailera deituta (943-15 71 61) edota familiazerbitzua@azpeitia.eus helbide elektronikora mezua idatzita. Basurtok argitu du hitzordua goizez edota arratsaldez izan daitekeela. "Nerabeek oro har saio bat baino gehiago egiten dituzte. Gurasoen kasuan, aldiz, gehienetan saio bakarra izaten da. Pertsona edo kasu bakoitzaren arabera izaten da saio kopurua", zehaztu du psikologoak. Orientazio zerbitzua publikoa eta doakoa dela azpimarratu du Goenagak, "garbi" dutelako laguntza eskatzeak ezin duela "pribilejio bat" izan. "Askotan, profesionalengana joateak kostu ekonomiko handia suposatzen du, eta laguntza jasotzeak ezin du egoera ekonomikoaren menpe egon", erantsi du.
Orientazio zerbitzura jotzen duten pertsonak laguntzeko, udal sailen, Osakidetzaren eta eskolen artean koordinazio lana egiten dela ere azpimarratu du Goenagak. "Garrantzitsua da beharra duen pertsonari bidelaguntza koordinatuta eta bateratuta ematea. Esaterako, herriko eskoletan Esku Hartze Goiztiarra programa ere Basurtok eskaintzen du".
Ongizate emozionalerako bitartekoak
Nerabeei eta familiei zuzendutako zerbitzuaz gainera, udalak 18 urtetik gorako herritarrentzako doako psikologo zerbitzua ere eskaintzen du. "Azken batean, udalaren betebeharra da herritarren ongizatea bermatzea, eta guk arreta berezia jartzen diogu ongizate emozionalari, dauden gabeziei aurre egiteko erremintak eskainiz. Izan ere, ongizatea gauza askori dago lotuta: azpiegiturei, aisialdiari, zerbitzuei...". Udalak dituen "baliabideekin eta eskumenekin" prebentzioan lan asko egin daitekeela nabarmendu du zinegotziak, eta horretarako, "baliabide eta bitarteko dezente" jarri dituztela.
Udalarentzako "erronka" kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraitzea dela adierazi du Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, eta zerbitzuak sortzen diren behar berriei egokitzen joan behar dutela: "Herritarrek dituzten beharrei erantzun egin behar da, bestela beste eragin edo kalte batzuk eragin ditzaketelako". Udalak azken hilabeteetan eskainitako hainbat zerbitzu ere aipatu ditu Goenagak: "Amak Tribuan, guraso eskolak, adinekoentzako zerbitzuetan aldaketak...".