Azken urteetan egin bezala, Esklabetan gogoan izan dute Pasaiako segadaren urteurrena. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatuta, hainbat ekintza egin dituzte 41. urtemugaren bueltan, Oroimena borrokan eraiki lelo hartuta. Goizean, 11:00etan hasita, Errepresioaren aurpegi ezberdinak aztergai mahai ingurua izan da Esklabak zentro sozialistako areto nagusian, eta jendez bete da. Bertan, errepresioa izan dute hizpide, eta hainbat errepresio kasu azaldu dituzte. Horrez gain, errepresioaren gaurkotasunaz aritu dira, baita indarkeria polizialaz nahiz jazarpen forma desberdinez ere. Mahai ingurua amaitzean, Joseba Merinok hartu du hitza –Merino izan zen segadatik bizirik atera zen bakarra–, eta hark bere bizipenak elkarbanatu ditu aretora bertaratutakoekin. Ondoren, luntxa egin dute, eta, bukatzeko, ekitaldia.
Euriak lagundu ez duen arren, Esklaben atarian egin dute ekitaldia, duela pare bat urte Kontseilu Sozialistak jarri zuten oroitarriaren ondoan. Hasieran, 1984ko martxoaren 22an jazotakoak gogoratu dituzte, Pasaiako Badia dokumentaleko hainbat adierazpen berreskuratuta. Jarraian, olerkia irakurri dute musikaz lagunduta, eta hitzartzea egin dute ondoren. "41 urte pasa dira Espainiako Estatuko indar errepresiboek Kurro, Pelitxo, Txapas eta Pelu erail zituztenetik. Gaur, atzo bezala, pastelaren jabeek ordena kapitalista zalantzan jartzen duen oro erreprimitzen jarraitzen dute. Horren adibide dira goizeko hitzaldian zehar aztertu ditugun kasu errepresiboak", adieraziz hasi dute hitzartzea. Kontseilu Sozialistaren hitzetan, "Espainiako Estatua gero eta forma autoritarioa hartzen ari den momentu honetan, memoriaren auziak eskubide politikoak defendatzeko eta hedatzeko ere balio behar du, iraultzarako eskubidea egikaritu artean, behintzat".
Adierazi dute, gaurko ekitaldia atzera begirako memoria ariketa egiteko ez ezik, "estatuaren izaera neutral eta baketsua gezurtatzeko" ere badela, "Pasaiako sarraskia gogoratzeak etsaia zertarako gai den inoiz ez ahaztea ahalbideratzen" duelako. Era berean, hizpide izan dute Eusko Jaurlaritzak azken egunetan egin duen aitortza –Pasaiako segadan hildakoak motibazio politikoko biktima gisa aitortu ditu–, baina nabarmendu dute hori ezin dela ulertu "instituzio kapitalisten tendentzia aurrerakoi baten erakusgarri" modura. Adierazi dute Espainiako Estatuak azken urteetan "eskubide politikoak murrizteko pauso argiak" eman dituela. "Francoren heriotzatik zein trantsizioaren hasieratik 50 urte igaro diren honetan, elite burgesetan zein horien zerbitzari diren alderdi politiko instituzionalen fede onean sinetsi behar al dugu? Beraiek izan ziren militante iraultzaileen asmoak zapuzteko eskura zituzten baliabide guztiak erabili zituztenak, ez dezagun ahaztu", esan dute. Horrenbestez, antolatzearen garrantzia aldarrikatuz borobildu dute hitzartzea: "Bake faltsu honetara ohitu eta egindako borrokaz damututa bizitzera bultzatu nahi gaituzte, errealitate posible bakarra bizi duguna dela pentsatzeko. Langile klasearen emantzipazioaren alde dena eman zuten horien borrokatik ikasiz, basakeria kapitalista garaiotan beste mundu bat posible dela berriz sinets dezagun, kapitalismoaren aurka borrokan hil zirenen asmoak egi bilaka daitezen".