Zu zeu

Aitor Letamendia: "Gorputz ez normatiboa daukan jendeari ikusgarritasuna eman nahi diot"

Ihintza Elustondo 2025ko mai. 7a, 11:14

Aitor Letamendia, aurtengo Kobaz Koba Zestoako mendi lasterketan. (Jon Olaizola)

Mendi lasterketetan aritzeko "ohikoena ez den gorputza" duen arren, kirol hori praktikatzen du Aitor Letamendiak (Azpeitia, 1991). Maiatzaren 10ean jokatuko den Domusa Teknik 40 MLK proban jarria du begirada, horrela kontatu du maiatzeko Azpeitia Guka aldizkariaren Zu zeu atalean.

Urte berriarekin, proiektu berriari ekin zenion: Aitor Atleta Instagram kontua zabaldu zenuen. Zergatik?

2023an, Domusa Teknik 40 MLK lasterketa ikusi, eta esan nion kuadrillako bati: "Hurrengo urtean nik egingo diat!". Parrandako beroaldian esan nion, baina ez zen beroaldi hutsa izan. Garai hartan, konfort zonan nengoen, sofan botata egoten nintzen, pisuan gora egiten ari nintzen, eta horrelako helburu handi bat jarri nion nire buruari. Eta 2024an egin egin nuen lasterketa. 

Zer moduz sentitu zinen?

Sufritu nuen; hanketatik-eta izorratuta amaitu nuen. Hasiberrien akats batzuk ere egin nituen. Aurten gauzak ezberdin egingo ditut: galtzerdiak hartu aldatzeko, janaria tuperrean eraman...

Helburu guztiek amets bat dutela abiapuntu diozu. Zein da zure ametsa?

Nire ametsa iaz izan zen Domusa Teknik 40 MLK proba bukatzea, eta aurtengo ametsa ere hori da. Aurten, ordea, korteko denborak moztu dituztenez, hamabi ordutan egin beharko dut; iaz hamabi ordu eta erdi izan nituen ibilbidea osatzeko, eta denbora muga baino bost minutu lehenago bukatu nuen. Aurten, beraz, iaz baino 25 minutu gutxiagoan egin beharko dut. Muga horren barruan helmugara iristea da nire nahia, eta ahal dela, parrandarako gogoarekin bukatzea.

Zure prestaketa prozesua ari zara dokumentatzen Aitor Atleta Instagram kontuan. Nolatan?

Maiatzaren 10era begira egiten ari naizen entrenamenduak biltzen ari naiz bideo bidez. Ni bezalako gorputza daukan jendeari erakutsi nahi diot beraiek ere nahi badute horrelako probetan parte har dezaketela, badagoela beraiek bezalako jendea mendian korrika ibiltzen dena. Norbait animatzen bada bideo hauekin, ni pozik.

Sofatik jaiki berria den XXL neurriko mendi lasterkari gisa aurkezten duzu zure burua. 

Lasterketetara joaten garenean, S eta M neurriko arropa erabiltzen duen jendea izaten da gehiena, L neurriko jende gutxi egoten da, eta XXL neurriko norbait iristen bada, "zein da hau?" esaten dugu. Aurreiritzi horiekin puskatu nahi dut. San Silbestre lasterketan parte hartzeko, adibidez, XXL neurriko kamiseta hartu nuen nik. Horren harira, kritika bat egin nahi diot proba horren antolakuntzari. Izan ere, lasterketaren egunean, parte hartzaileen izen-abizenak, dortsalaren zenbakia eta kamisetaren neurria jarri zituzten paretan. Kamisetaren neurria herri osoak ikusteko moduan jarri beharra al dago? Denera, bost XXL kamiseta neurri zenbatu nituen; milatik ni eta beste lau. Egongo da jendea neurri hori behar duena eta ez dena animatzen lotsagatik edo besteek esango dutenagatik.

Zure proiektuarekin gai hori gizarteratu nahi duzu...

Hori da, kritika sozial bat egin nahi dut. Pena ematen dit jendea zerbait egingo lukeenean etxean geratzea. Ni hortik pasatu naiz. Orain daukadana baino pisu eta bolumen handiagoa izan ditut, eta niri lotsa ematen zidan gauza batzuk egiteak. Lasterketa batera joaten zara, eta jende gehiena fin-fina egon ohi da; arraroa da ni bezalako gorputza duen bat mendi lasterketetan ibiltzea. 

Zeu hobeto sentitzeagatik abiatu duzula proiektua esan duzu. Hori al da helburua?

Alde batetik, ikusgarritasuna eman nahi diot gorputz ez normatiboa daukan jendeari. Eta, bestalde, neu sofan ez gelditzea da helburua. Gainera, kirola egiteak burua askatzen laguntzen du, buru osasunerako sekulako laguntza da kirola egitea; nire esperientziatik ikusi dut hori.

Zurea ez dela coaching kontu bat esan duzu, baina pedagogia lan bat egiten ari zara.

Aholku batzuk ematen ditut, baina ez da coaching kontu bat. Aurreko batean, batek esan zidan: "Hik influencer izan nahi duk". Nik erantzun nion ezetz, jendea kontzientziatzea nahi dudala, eta nahi badu kontzientzer deitzeko [barreak]. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide