Iruñeko Alde Zaharreko Txapelketa irabazi dute Matxin III.ak eta Ionek

Julene Frantzesena 2025ko api. 5a, 12:12

Matxin III.a eta Ion garaikurrekin, atzoko sari banaketa ekitaldian. (Euskal Jai Fundazioa)

Nahikoa lan izan zuten Matxin III.ak eta Ionek partida iraultzeko, baina lortu zuten Uterga eta Barricart mendean hartzea: 33 eta 35 irabazi zuten finala azpeitiarrek. Labrit pilotalekuan jokatu zuten partida, hainbat lagunen aurrean. Iazko txapela berretsi du Matxin III.ak, eta iaz lortzerik izan ez zuen txapela lortu Ionek.

Iruñeko Alde Zaharreko Txapelketaren XI. edizioko finalak jokatu zituzten atzo Labrit pilotalekuan, eta lehen mailako txapela eskuratu zuten Matxin III.ak eta Ionek. Azpeitiko pilotariak nagusitu ziren estu-estua izan zen Utergaren eta Barricarten aurkako norgehiagokan, 33 eta 35.

Emaitza azpeitiarren aldekoa izan bazen ere, partida ez zen erraza izan erremontistentzat. Izan ere, nahikoa lan izan zuten Matxin III.ak eta Ionek markagailua iraultzeko. Utergak eta Barricartek gauzak zail jarri zizkieten azpeitiarrei, eta partidaren hasieran nagusi izan ziren; 5 eta 11 atzetik hasi zuten neurketa azpeitiarrek. Dena den, berehala iritsi zen berdinketa, 12-12.

Partidako lehen inflexio puntua, baina, 13na zirela izan zen; Utergak eta Barricartek aurrea hartu zuten berriro ere, 28 eta 20. Partida bereganatuta zutela zirudien arren, Matxin III.ak eta Ionek lortu zuten partidan sartzea eta txapelaren lehia estutzea; 33 eta 30. Eta 33 tantotan gelditu zen Utergaren eta Barricarten kontatzailea, Matxin III.arena eta Ionena ez bezala. Azpeitiarrek aurrea hartu eta garaipena lortu zuten.

Matxin III.ak iaz lortutako txapela berretsi zuen atzokoan, eta Ionek, berriz, iaz lortu ez zuen garaipena eskuratu. Giro bikaina izan zen Labriten atzo, erremonte zale ugari joan baitziren finalaz gozatzera. Hain zuzen ere, pilotalekuan izan zen giroa azpimarratu du Ionek Azpeitia Gukaren galderei erantzunez. "Jende ugari izan zen frontoian, eta giro oso ona".

Partida, berriz, "oso gogorra" izan zela adierazi du: "Alde handiarekin joan ginen galtzen, eta aurkariak jokatzen ari ziren modua ikusita, oso zaila ikusten genuen partidari buelta ematea". Dena den, lortu zuten partida bereganatzea, eta Ionek azpimarratu duenez, sasoia izan zen gakoa. "Uste dut fisikoki aurkariak baino puntutxo bat hobeto iritsi ginela neurketaren bukaerako zatira, eta horixe izan zen irabazteko gakoa".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide