Izaro Ieregik ondu berri duen performancea eskainiko du igande arratsaldean Dinamoan

Julene Frantzesena 2025ko api. 10a, 08:11

Izaro Ieregi performance batean. (Utzitakoa)

La ira neumática lana aurkeztuko du jendaurrean, Dinamoa sormen gunean, 17:00etan. Han bertan landu du proiektua artistak, eta esan duenez, emakumeen amorrua genero aberrazio gisa aztertzeko ikerketa koreografikorako proposamena da performancea.

Izaro Ieregik Dinamoa sormen gunean ondu duen La ira neumática performancea aurkeztuko du igandean jendaurrean. Dinamoan bertan egingo du aurkezpena, 17:00etan hasita, eta nahi duen orok izango du emanaldiaz gozatzeko aukera. Ondu duen lana emakumeen amorrua genero aberrazio gisa aztertzeko ikerketa koreografikorako proposamena da. Izan ere, haren hitzetan, amorruaren inguruan hausnartzen du gorputzaren grabitatearen noziotik abiatuta.

Grabitateari buruz poetikoki pentsatzeak subjektu erlazionalago baterako proposamena pentsatzeko eta sortzeko aukera eman dio Ieregiri. Hark azaldu duenez, subjektu tente eta bertikal baten nozio maskulinoa desmunatu du, grabitatea "tresna politikoa" ere badela uste duelako. Horren adibideetako bat da koreografia sozialetik kanpo gertatzen diren keinu eta mugimendu debekatuak. "Rosa Parksek gorputzaren grabitatea erakutsi zuen zurientzako autobuseko eserleku batetik jaikitzeari uko egin zionean. Grabitatearen erabileraren bitartez amorru erakustaldia egin zuen hark", azaldu du.

Ieregik esan duenez, amorrua emozioen geldiarazlea izan daiteke, baita aktibatzailea ere. "Emakumeen amorrua fetitxizatua izan da, eta, beraz, ukatu egin digute". Valerie Solanasek Andy Warholi egindako tiroa ekarri du gogora artistak. "Zer gertatzen da katua sakatzen duena gizon tente bat ez denean? Emakumeen indarkeria eta amorrua genero aberrazioak dira. Amorrua aldakan kokatzen da; masailezurra bigarren aldaka da. Gorputzaren bi atal horiek lanaren ardatz direlarik, iraupen luzeko performance batean lan egitea planteatzen dut, zazpi performerrekin".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide