Abizenak euskalduntzeko kanpaina abiatu dute UEMAk, ikastetxeek, udalak, udal euskaltegiak eta Zaparraiek

Nerea Uranga 2025ko api. 7a, 10:49

'Abizenak ere euskaraz' kanpainaren sustatzaile diren eragileetako ordezkariak gaur, plazan. (Nerea Uranga)

Abizenak ere euskaraz kanpainaren helburua abizenak euskaratzeko egin beharrekoaren informazioa helaraztea eta erraztea da. Abizenak euskaratzeko deia herritar guztiei zuzendutakoa da, baina batik bat guraso izateko bidean direnei edota 18 urtetik beherako seme-alabak dituztenei egin diete. UEMAren arabera, urte askoan euskarak jasandako "jazarpena" garbi ikusten da abizenei erreparatzean.

Abizenak ere euskaraz kanpaina abiarazi dute Azpeitian, UEMAko kide diren beste hainbat udalerrietan bezala. UEMAk sustatutako egitasmoarekin bat egin dute Azpeitiko Udalak, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik, Iraurgi Ikastetxeak, Urola Ikastolak, Uztaro haurreskolak, Azpeitiko Udal Euskaltegiak eta Zaparraie taldeak. "Echeverria, Aramburu, Corta, Aguirre, Zavala, Otaegui, Irulegui… herritar ugarik dituzte abizenak gaztelaniaz idatzita, eta horiek euskaraz jartzera bultzatzea da egitasmo honen asmoa", azaldu du UEMAk.

Herritarrei abizenak euskaratzeko egin beharrekoaren informazioa helaraztea eta erraztea dute helburu, eta azpeitiarrek abizenak euskalduntzeko jarraitu beharreko pausoak xehe-xehe azalduz kartelak eta esku orriak atera dituzte. Euskarri horiek udal eraikinetan jarriko dituzte, baita kanpainarekin bat egin duten erakundeen eta eragileen sareetatik zabalduko ere.

UEMAren arabera, urte askoan euskarak jasandako "jazarpena" argi ikusten da abizenei erreparatzean. "Euskara ez ezik, izenarekin batera, izana ere ukatu zitzaien euskaldunei; eta abizenak erdal grafiarekin idaztera behartu zituzten belaunaldi bat baino gehiago. Horrela heldu da abizen ugari belaunaldi berriengana, eta gaur egun ere euskal abizen asko erdal grafiaz ikusten da agiri ofizialetan". Horregatik, kanpaina honen sustatzaileentzat, "euskarari dagokiona itzultzeko modua" da euskal abizena euskaraz, "behar bezala", idaztea.

Abizena euskaraz jartzeko deia herritar denei egin diete, baina guraso izateko bidean direnek edota 18 urtetik beherako seme-alabak dituzten herritarrek "berebiziko garrantzia" dute, UEMAren arabera. "Izan ere, helduek abizenak euskal grafiarekin jartzeko tramitea eginez gero, seme-alabei automatikoki abizena behar bezala erregistratua geldituko zaie. Horregatik, hezkuntza zentroen parte hartzea nabarmentzekoa da kanpaina honetan", azaldu du kanpainaren sustatzaileak.

Beharrezko agiriak

Euskal abizenak izanez gero, baina agiri ofizialetan erdal grafian idatzita badaude, erraza da horiek aldatzeko prozesua. Epategian egin daiteke, hainbat agiri aurkeztuta. Honako hauek dira aurkeztu beharreko agiriak:

  • Nortasun Agiriaren fotokopia.
  • Jaiotza ziurtagiria. Epaitegian eskatu behar da. Online eskatu daiteke, hemen klik eginda. (Ziurtagiri digitalik gabe).
  • Errolda agiria. Udaletxean eskatzen da, baita online ere. BAKQ edo beste ziurtagiri digitalen bat behar da online deskargatu ahal izateko.
  • Familia liburua, ezkonduta dauden edo seme-alabak dituzten herritarren kasuan. Dena den, 2021 artean soilik egin dira familia liburuak. Halakorik ez duten familiek ez dute eraman beharrik.

Aurrez txanda hartu behar da, erregistro zibilen aurretiko hitzordu zerbitzuan. Ziurtagiri digitalik ez da behar horretarako.

Ohiko galderak:

Abizenak euskalduntzerakoan sortu ohi diren ohiko galderen erantzunak ere argitu ditu UEMAk. Hona hemen horietako batzuk:

- Abizena nahi dudan moduan idatzi al dezaket?

Epailearen irizpidea da. Normalean, Euskaltzaindiaren irizpidea jarraitzen da. Euskaltzaindiaren liburuan Muxika agertzen da, baina zenbait kasutan (Muxika, Mujika…) forma desberdinak onartu izan dira. Hala ere, abizen aldaketa gisa izapidetu daiteke aldaketa eta, kasu horretan, Erregistroen eta Notarioen Zuzendaritza Nagusiak erabakitzen du aldaketa onartuz edo ezetsiz.

- Gurasoena aldatuta seme-alabena zuzenean aldatzen al da?

18 urtez azpikoen kasuan bai. 18 urtez gorakoetan, Erregistrora joan eta adierazi egin behar dute beraiek ere aldatu nahi dutela, baina ez dute tramitazio guztia egin behar.

- Anai-arreba guztiek aldatu behar dute nahi ala ez?

18 urtez azpikoetan bai. 18 urtez gorakoetan bakoitzak erabakitzen du.

- Behin aldatuta, zer pauso jarraitu behar dira? Non islatzen da aldaketa?

Epaitegiak, ofizioz, honako tokietara bidaltzen du: udalera, hauteskunde zentsura, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren zuzendaritza nagusira… Hala ere, gero NANa berritzeko txanda hartu, eta hitzez hitzeko jaiotza agiria eskatu behar da dagokion erregistroan edo epaitegian. Eskaera egiterakoan NANa berritzeko dela esan behar da, epaitegiak horretarako bakarrik balio duen agiria eman ahal izateko.

- Eskatzaileak lehengo grafiarekin dauzkan agiri guztiak berriz egin behar al ditu? Adibidez, unibertsitateko tituluak.

Jaiotza, ezkontza eta seme-alaben jaiotza agirietan aldaketa epaitegietan bertan bideratzen da, ofizioz, jaraunsletza edo herentzietan arazorik ez izateko. Gainontzeko kasuetan bakoitzak ikusi behar du. Berez, gomendagarria da ahal den toki eta agiri gehienetan aldaketa egitea.

- Gazteleraz diren abizenak aldatu al daitezke euskal grafiara?

Epailearen esku geratzen da erabaki hori. Lehen esandako moduan, printzipioz, euskal abizenen kasuan, Euskaltzaindiaren Deitura-izendegia jarraitzen da. Bertan honakoa adierazten da: “Euskal deituratzat, edozein hizkuntz jatorritakoa izanda ere, Euskal Herrian sustraitu dena jo da, nahiz esku artean duzuen lehen liburuki honetan euskal jatorrikoak ez diren gehienak agertzen ez diren". Zalantza dagoen kasuan, onena Euskaltzaindiari galdetzea da. Edozein kasutan, lehen esandakoa, epailearen baitan geratzen da erabakia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide