Miren Arteaga: "Zerbait gustatuz gero, dena ikas daitekeela uste dut"

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 8a, 09:52

Miren Arteaga bere lanetako batzuen aurrean, Sanagustinen. (Mailo Oiarzabal)

Miren Arteagaren margolanekin jantzita ageri dira egunotan Sanagustin kulturguneko erakusketa gunearen hormak. Bakarkako lehen erakusketa du urrestildarrak.

Jende askok ez daki ni naizela erakusketa jarri duena. Ezagun askok, berriz, Gukan albistea irakurrita jakin dute, eta ikustera etorriko direla esan didate". Ia mende laurdena darama margotzen Miren Arteagak (Urrestilla, 1955), baina esperientzia berri batean murgilduta dabil egunotan. Joan den astean ireki zuen bakarkako bere lehen erakusketa Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, eta hantxe egongo dira ikusgai bere koadroak apirilaren 21a arte.

2001aren hasieran, "euroa sartu zenean", itxi zituen ateak Bizker jatetxeak; familiaren negozioa eta Arteagaren lantokia zen. Eta orduan, ordura arte izan ez zuen denbora librea baliatuz, hasi zen urrestildarra "beti" gustatu baina eskola garaitik egin gabe zeukan zera horretan: marrazten eta margotzen.

Eskulangintza betitik gustatu arren, esku onekoa dela esatera ez da ausartzen; jardunaren eta saiatzearen aldekoa da gehiago. "Zerbait gustatuz gero, dena ikas daitekeela uste dut", dio. Hala ere, eskolak hartzeari ekin zionean ez zegoen hain seguru: "Ez neukan aztarranik, marraztea gustatzen zitzaidala besterik ez nekien, baina eskolan egingo nuen azken marrazkia, 12-13 urterekin, pentsa. Neure buruari galdetzen nion gai izango ote nintzen zerbait egiteko".

Berriei tokia egiteko

Galderaren erantzunaren zati bat da egunotan Sanagustineko hormetan dagoena. Diego Cruzekin hasi zen ikasten Arteaga, eta urteak daramatza Iñigo Manterola margolari eta eskultore oriotarraren eskolak hartzen.

Tamaina eta molde desberdinetako hogeitik gora koadro jarri ditu Sanagustinen ikusgai, bere ekimenez agian aukeratuko ez lituzkeen "hasiera-hasierako batzuk" ere bai, ingurukoen eskariz jarri dituenak. Bere margolari bilakaera jaso du, nolabait, bakarkako lehen erakusketan. Ia denak dira olioak, hori baita gehien menderatzen duen eta gehien gustatzen zaion teknika. Paisaiak dira nagusi Arteagaren lanean: gustatzen zaizkion bazterrak argazkitan izoztu, eta mihisera eramaten ditu ondoren. "Argazki baten aurrean jartzen naizenean, mihise berri bat hartuta, hori izaten da unerik ederrena, hasierako hori", dio. Ikusgai ez ezik, salgai ere badaude Arteagaren koadroak. Badaki "zaila" dela horrelakoetan lanak saltzea, baina "berriei tokia egiteko, besterik ez bada", ez litzaioke gaizki etorriko aleren batzuk saltzea, "argi" baitauka margotzen jarraituko duela, koadroak "pilatzen". Zailagoa iruditzen zaio epe motz-ertainean beste erakusketa bat jartzea. "Paisaiak margotzetik lan abstraktoak egitera pasatzen banaiz, akaso, izatekotan", dio, baina aukera hori ez dago bere asmoen artean, oraingoz behintzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide