Gipuzkoako Foru Aldundiak BeTEK proiektu pilotua garatu du Urola Erdian, Iraurgi Berritzen garapen agentziarekin lankidetzan. Zehazki, bailarako enpresa txikiei eta ertainei berrikuntza teknologikoaren prozesuetan laguntzeko jarri dute martxan egitasmoa, eta Dtools, Frios Oiz, Ibiltek, Kuari, Harakai, Erlo Group, Ogi Eder eta Caldereria CPK enpresek parte hartu dute.
2024ko maiatzean jarri zuten martxan proiektua, heldutasun teknologiko desberdina zuten enpresetan. Berrikuntzaren kudeaketa ikuspegi teknologikotik egituratzea helburu hartuta aritu dira, batez ere metamekanikaren eta elikaduraren sektoreetan, eta enpresei gaitasun teknologikoak hobetzeko tresnak eskaini dizkiete.
Aldundiko Gunea aretoan egin zuten proiektuaren aurkezpena joan zen astean, eta han parte hartu zuten, besteak beste, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Jon Gurrutxaga berrikuntza zuzendariak eta Urola Erdiko proiektu pilotuan parte hartu duten enpresetako ordezkariek. Halaber, ekitaldian izan dira Iraurgi Berritzeneko, Innobasqueko, BRTAko, Tknikako, AFM klusterreko eta Basque Food Clusterreko ordezkariak ere.
Aurkezpenean, besteak beste, proiektu pilotuarekin orain arte lortutako emaitzak izan zituzten hizketagai, eta gainera, egitasmoaren faseak ere azaldu zituzten. Izan ere, BeTEKen helburua da enpresa txikiak eta ertainak garatzea, lehiakortasuna eta ekoizpena hobetuz, beren prozesuetan eta produktuetan teknologia berriak txertatzeko. Proiektuan parte hartu duten enpresek sentsibilizazioa, diagnostikoa eta bakoitzaren beharretara egokitutako ibilbide orri teknologikoa sortu dute.
Unai Andueza diputatuak esan duenez, proiektua fase bakoitzeko lidergo argian oinarritzen da, eragile teknologikoen eta eskualdeetako garapen agentzien parte hartze aktiboarekin. "Horri esker, enpresa bakoitzak testuingurura hobekien egokitzen diren soluzio teknologikoak modu eraginkorrean ezarri ahal izan ditu", adierazi du. Halaber, Gipuzkoako enpresa txikiak eta ertainak eraldaketan murgilduta daudela ere jakinarazi du, eta horretan, berrikuntza teknologikoak funtsezko rola duela azpimarratu: "Horrelako egitasmoei esker, erronkak etorkizuneko aukera bihur ditzakete enpresek".
Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendariak ere proiektuaren ibilbide orri teknologikoan jarri du arreta, enpresentzat "oso baliagarria" izan delako. "Dokumentu horrek aukera eman die enpresei erronkak eta hobekuntza aukerak argi identifikatzeko eta berrikuntza prozesu eskuragarri edukitzeko nahiz bakoitzaren errealitatera egokitzeko". Enpresek proiektuaren ikuspegi praktikoa eta pertsonalizatua baloratu dituztela ere adierazi du hark, baita BRTA eta Tknikaren laguntza ere.
Proiektu pilotu gehiago
Proiektu pilotuaren lehen fasea martxoan bukatu zuten, eta parte hartu duen enpresa bakoitzari ibilbide orri teknologiko zehatz bat eman zioten, berrikuntzari eta prozesuen hobekuntzari lotutako adierazleen emaitzak eta inpaktua aztertuta.
Gainera, Orkestra lehiakortasun institutua prozesuan txertatzea aurreikusita dagoela adierazi dute, metodologiaren ebaluazioa eta sistematizazioa gauzatzeko. Gero hedatuko dute proiektua Gipuzkoa osora, baina horren aurretik lurraldeko garapen agentziei zuzendutako trebakuntza programa jarriko dute martxan; datorren irailean jarriko dute abian, eta Innobasquek, Tknikak eta BRTAk gidatuko dute.
Aurtengo bigarren seihilekotik aurrera jarriko dituzte martxan BeTEKen proiektu pilotu berriak, gero 2026an Gipuzkoa osora zabaltzeko xedez.