Nerabe eta gazteen garapen pertsonalean eragiteko askotariko ikastaroak eskainiko dituzte Azpeitian

Ane Olaizola 2025ko api. 8a, 16:22

Treba programaren Urola Erdiko eskaintzaren aurkezpena, gaur; eskuinean, Sarasua. (GFA)

Gipuzkoako Foru Aldundiak prestatzen duen Treba programaren Urola Erdiko eskaintza aurkeztu dute gaur. Azpeitian, zazpi ikastaro eskainiko dituzte datozen hilabeteetan, ongizate emozionala, begirada kritikoa, sexualitatea eta bizitzarako trebetasunak lantzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak bultzatzen duen Treba programaren barruan Urola Erdian zein Urola Garaian eskainiko dituzten ikastaroak aurkeztu dituzte gaur, eta agerraldian izan da Leire Sarasua Azpeitiko Udaleko Hezkuntza batzordeburua, Goizane Alvarez Kultura eta Gazteria diputatuarekin eta Azkoitiko, Zumarraga, Urretxu eta Legazpiko udal ordezkariekin batera. Izan ere, Azkoitian eta Azpeitian 14 ikastaro eskainiko dituzte datozen hilabeteetan, horietatik zazpi Azpeitian, eta hainbaten izena eman daiteke dagoeneko.

Trebaren bosgarren edizioan, erakundeak saioetan parte hartzeko adin tartea zabaldu du, eta horrenbestez, nerabeei ere zuzendu zaizkie. Hori hala, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeei zein 17 eta 24 urte bitarteko gazteei zuzendutako prestazio saioak eskainiko dituzte Urola Erdian, programaren helburua baita nerabeen eta gazteen garapen pertsonala bultzatzea. Horretarako, lau gai-multzo banatu dituzte: ongizate emozionala, begirada kritikoa, sexualitatea eta bizitzarako trebetasunak. "Funtsezkotzat jotzen dugu horrelako edukiak gure lurraldeko gazteei modu erakargarri batean eskaintzea, inplikatuta sentitzeko eta aurre egin beharreko erronkei buruz modu aktiboan hausnartzeko aukera emanez, hala nola albiste faltsuei buruz", esan du Alvarezek. Sarasuak ere egitasmoa goraipatu du, eta haren garrantzia azpimarratu.

Lau multzo horietan, askotariko gaiak lantzeko aukera izango dute nerabeek eta gazteek; nerabeentzako honako saio hauek izango dira Azpeitian: Begirada kritikoa: scape box; Ongizate emozionala: oinarrizko ikastaroa; Ongizate emozionala: kuadrillen saltsak; eta Begirada kritikoa; oinarrizko ikastaroa.

Gazteentzako eskaintza, berriz, honakoa izango da: Begirada kritikoa; oinarrizko ikastaroa; Bizitzarako trebetasunak: oinarrizko ikastaroa; Ongizate emozionala: oinarrizko ikastaroa; Ongizate emozionala: stop antsietatea. Begirada kritikoa: fake news.

Aldundiaren arabera, nerabeen ikastaroetarako izen-emateak udalen eta Gaztelekuen bidez kudeatzen dituzte, eta gazteen kasuan, saio bakoitzaren izen-ematea hiru aste lehenago zabaltzen dute. Hemen ikusi daiteke Urola Erdiko nerabeentzako agenda, eta hemen, gazteentzakoa. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide