"Emaitza positiboekin" itxi ditu udalak iazko kontuak

Nerea Uranga 2025ko api. 9a, 11:06

Leire Goenaga Ogasun batzordeburua (ezkerretik hirugarrena) udalaren diru kontuen berri ematen, atzo udalbatzarrean. (Nerea Uranga)

2024ko udal aurrekontuaren gauzatze maila "ona" izan dela eta Azpeitiko Udalaren diruzaintza gerakina 17,9 milioi eurokoa dela azaldu dute apirileko ohiko udalbatzarrean. Gerakinetik aurtengo udal aurrekontura 3,2 milioi euro bideratuko dituzte, hainbat inbertsio egin ahal izateko.

Atzo egindako apirileko ohiko udalbatzarrean Azpeitiko Udalaren diru kontuak izan zituzten hizketagai udal hautetsiek, eta udalaren gerakinetik aurten hainbat inbertsio egiteko 2025eko udal aurrekontura 3,2 milioi euroko kreditu aldaketa egitea erabaki zuten, aho batez.

Erabaki hori hartu aurretik, Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak udaleko kontu hartzailearen 2024ko diru kontuen itxiera txostena azaldu zuen, bertan agertzen diren emaitzak "positiboak" direla nabarmenduz. "2024ko udal aurrekontuaren gauzatze maila azpimarratzen da kontu hartzailearen txostenean. Aurreikusitako inbertsio gehienak esleituta gelditu ziren urtearen bukaerarako, eta aurreko urtetik zetozenak bukatuta. Beraz, gastuen gauzatzea nahiko altua izan zen. Sarreren %80a, berriz, aurreikusitakoak izan ziren, ondo bete ziren", azaldu zuen Goenagak. 2024. urteko Azpeitiko Udalaren hasierako aurrekontua 24.216.971 eurokoa izan zen, eta itxiera egindakoan behin betiko aurrekontua 31.367.036 eurokoa izan da. Urtean zehar hainbat diru partida handitu edota berriak sortu behar izan dituzte, eta horiek izan dira aurrekontua igo izanaren arrazoiak, Goenagaren arabera.

Kontu hartzailearen 2024ko diru kontuen itxiera txosteneko hainbat kontu ere xehetu eta zehatz azaldu zituen Goenagak atzoko udalbatzarrean. Aurreikusitako gastuen gauzatze maila %79 izan da, "2023koaren oso antzekoa". Zerbitzuen kostuak nabarmen igotzeak eragin zuzena izan du udalaren gastuetan, baita langileen gastuak ere, hark azaldu zuenez: "Batetik, zerbitzuetan egindako gastuak beharrezkoak izan dira kalitatezko azpiegitura eta zerbitzu publikoak eskaintzeko. Bestetik, langileen soldatak %2 igo dira, eta epe baterako hainbat langile kontratatu dira beharrei erantzuteko edota bajak ordezkatzeko".

Inbertsio errealei dagokienez, iazko urtearen bukaeran gauzatze maila %52,19 izan zen, baina inbertsioen %70 esleitu zituen udalak. Inbertsioak guztira 5,5 milioi eurokoak izan ziren. Bukatutako hainbat inbertsio ere aipatu zituen Goenagak: Karmelo Etxegarai ikastolako Euskal Herria auzoko eraikineko atarian estalpea egitea eta barruan beirazko forjatua eraikitzea; Soreasun musika eskola egokitzeko lanak bukatzea; Soreasun eta Azoka Plazan eguzki plakak jartzea; eskaladako lokalean rokodromoa egitea; Perretxiko eraikina eraistea; Nuarben auzo lokala eraikitzea; Udaltzaingoarentzako Olazko Andre Mariaren plazan lokala erostea; eta kaleko argiteria LED sistemara egokitzeko lanak egitea.

Iaz beste hainbat obra esleituta utzi zituen udalak, eta aurten bukatuko dituzte inbertsio horietako batzuk, hala nola Etxe Alaiko urbanizazio lanak, Nuarbeko aparkalekuak, Garmendipeko zubia, Basarteko espaloia, Sanjuandegiko urbanizazio lanak, Urrestillako urbanizazioa eta abar. "Lan horiek udalaren 2024ko diru partidara lotuta daude, baina 2025ean egingo dira".

Sarreren aurreikuspenak ere "ondo bete" dituztela azaldu zuen Ogasun batzordeburuak, atzoko udal osoko bilkuran. "Zergen eta tasen aurreikuspenak bete egin dira. Foru Funtsaren kopurua, aldiz, aurreikusitakoa baino %3,4 gutxiago izan da. Dena dela, igerilekuan eguzki plakak jartzeagatik Europatik diru laguntza bat jaso du udalak, eta horri esker sarreren gauzatze maila %80 izan da".

Egoera ekonomiko "egonkorra"

Gastuen eta sarreren betetze maila kontuan hartuta, 2024ko udal aurrekontuen "gauzatze maila altua" izan dela azpimarratu zuen Goenagak. Horrez gain, adierazi zuen sarrera eta gastuen arteko aldea, diruzaintza gerakina kontuan hartu gabe, 373.596 euro positiboa izan dela.

2024ko kontuen itxieraren ondoren, Azpeitiko Udalaren diruzaintza gerakina 17.968.467 eurokoa da. Kopuru horren zati bat, ordea, "hainbat konpromisori lotuta" dago, eta gastu orokorretako diruzaintza gerakina zehazki 13.202.488 eurokoa da.

Udal kontu hartzailearen txostenaren arabera, Azpeitiko Udalak aurrekontu egonkortasuna eta finantza iraunkortasunaren helburuak betetzen ditu, baita gastu araua ere. "Gaur egun Azpeitiko Udalak daukan zor bizia %2,69koa da; mailegu bakarra dauka udalak, eta hori 2027an likidatuko da", zehaztu zuen Goenagak. Kontu eta zenbaki guztiak aintzat hartuta, udalaren "egoera ekonomikoa eta finantzieroa ona" da. Dena den, aurreikuspenak egiteko orduan, egoerak "zuhurtziaz eta arduraz" jokatzea eskatzen duela adierazi zuen hark.

Atzoko udalbatzarra. (Nerea Uranga)

Kreditu gehigarria aurtengorako

Iazko kontuak itxi ondoren, Azpeitiko Udalak duen diruzaintza gerakinetik aurtengo udal aurrekontuari 3.179.200 euro gehitzea erabaki zuten aho batez udal hautetsiek atzo. "Diru hori hainbat partida berri sortzeko nahiz lehendik zeuden beste hainbat aurreikuspen igotzeko erabiliko dugu", esan zuen Goenagak, eta segidan inbertsio "inportanteenak" aipatu zituen: Frontoi Txikiaren ondoko eremua egokitzeko, 100.000 euro; Garmendipe kalea eta Euskal Herria auzoa lotzeko bidegorri zatia egiteko, 300.000 euro; Barrenetxea auzoan hainbat urbanizazio lan egiteko, 350.000 euro; Karmelo Etxegarai ikastolaren Perdillegiko eraikinean jolastokiko obrak egiteko, 620.000 euro; igerileku aurreko parkeko estalkia handitzeko, 300.000 euro; Udaltzaingoaren lokal berria egokitzeko Olazko Andre Mariaren plazan 220.000 euro gehiago; herriko argiteria LED sistemara egokitzen jarraitzeko, 150.000 euro; eta baserri bideetarako 150.000 euro gehiago.

Udaltzaingoari lotuta galdezka

Bai aurreko udalbatzarreko akta onartzerako orduan, eta bai galdera eta erreguen txandan, Jabier Altuna EAJren udal bozeramaileak hitza hartu zuen. Batetik, adierazi zuen aurreko udal bilkuran udaltzainen autoetan mikrofonoak eta kamerak jarri izanaz galdetu zutela EAJkoek, eta udalaren aldetik erantzunik ez dutela jaso. Bestetik, udaltzainbururako "oposaketan" gaur egun postu hori duen pertsonak baldintza guztiak betetzen zituela azaltzen duen agiria idatziz eta sinatuta jaso nahi dutela adierazi zioten udal idazkariari. "Horri buruzko informazioa jakin nahiko genuke", esan zuen Altunak.

Nagore Alkorta alkateak hartu zuen segidan hitza, eta Altunari adierazi zion udaltzainburua kontratatzeko lehiaketa ez zela oposaketa izan: "Izendapen askeko lehiaketa izan zen, eta kasu horietan alkateak erabakitzen du eskatzen diren baldintzak kontuan hartuta. Udaltzainburua kontratatzeko lehiaketara aurkeztu ziren bi izangaiek betetzen zituzten eskatutako baldintzak".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide