Industria enpresetan lemazain ari diren emakumeak badira. Azken urteetan, Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren mugen barruan egindako hainbat ikerketa badira emakumeek industrian duten tokia aztertu dutenak; besteak beste, SPRIk 2023an aurkeztu zuen Lehiakortasun industrialean emakumeek duten inpaktua azterketa, 2021ean Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak egindako Generoaren araberako eraginaren ebaluazioa industrian txostena edota AED Bizkaiko Emakume Enpresari eta Zuzendari Elkarteak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2023ko datuak bildu eta 2024ko otsailean plazaratutako Euskadiko enpresetako zuzendaritza-organoetan emakumeen presentziaren aurrerapena urteroko txostena.
Azken ikerketa horretan adierazten dena kontuan hartuta, lan merkatuari dagokionez, goi mailako ikasketak dituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle okupatuen "proportzio esanguratsua" dira emakumeak, eta horrek lan eremuan "presentzia aktiboa" dutela adierazten du. Dena den, sektore ekonomikoen artean oraindik ere "bereizketa okupazional nabarmena" dago, eta horrek eragina izan dezake "emakumeen hazkunde profesionalerako aukeretan". Emakundek bere aldetik egindako azterketan emandako datu batek hala dio: "EAEko biztanleria landunaren barruan, emakume landunen %87 zerbitzu sektorekoak dira; %11,2 industriakoak; %1 eraikuntzakoak; %0,8 nekazaritzakoak".
Emakumeek euskal enpresetako erantzukizun postuetan duten presentziaren datuak ere azaleratu ditu AEDk, eta honakoak nabarmendu ditu: "2023an, Euskadin 50 langile edo gehiago dituzten enpresetan emakumeak %22 dira administrazio kontseiluetan". Aurreko urteko datuarekin konparatuta, 0,59ko alde positiboa du. Jarduera sektorearen arabera, baina, jokaera desberdina da; alegia, emakume gehien dauden sektoreetan –hezkuntza, osasuna edota enpresa zerbitzuak–, emakumeek erabaki organoetan duten tokia mantendu edo gehitu egin da. Beste sektore batzuetan –industria, nekazaritza eta arrantza edo garraioa–, emakume landun gutxiago izan arren, bilakaerak positiboa izaten segitu du edota egonkor mantendu da.
Emakundek egindako txostenaren arabera, erantzukizun postuak betetzeko "emakumeek gizonek baino zailtasun gehiago" dituzte, eta horregatik emakume gutxiago daude antolamendu edota lidergo postuetan. Erakunde horren ikerketaren arabera, "emakume zuzendari gutxiago izatea" lotuta dago "oinarrizko estereotipo bat osatzen duten ideiekin", eta ideia hori, gainera, lotuta dago emakumeei buruzko gisa honetako usteekin: "Sentiberegiak dira zuzendaritza postuak betetzeko, dedikazio gutxiago diote enpresari, mugikortasun gutxiago dute; lan absentismo gehiago dute amatasunagatik; emakume zuzendariak ez dira liderrak...". Uste horiek denak azpikoz gora jartzen dituzten adibideak hamaika dira Azpeitian, eta hirurekin beren esperientzia elkarbanatzeko aukera izan du Azpeitia Gukak. Hirurak industrian ari dira, lan esperientzia luzea dute, eta lanean ardurak hartzeari ez diote beldurrik.
Urrestillatik nazioartean barrena
Jaione Badiola (1973, Urrestilla) Astigarraga Kit Line enpresako –120 langile– kudeatzailea da gaur egun, baina aurrez Mondragon Korporazioko hainbat enpresatako ardura izan du munduko hainbat lurraldetan. Goi Ingenieritzako sei urteko ikasketak egin zituen, elektrizitate elektronikako espezialitatean. "Gure garaian, ikasketa horiek egitera lau ikasle joan ginen, eta emakumeak ez ginen %50, baina bai %25; beraz, ez ginen horren arraroak".
Unibertsitateko ikasketak bukatu, eta urtebeterako Ingalaterrara joan zen ikastera, beka batekin. Handik bueltan, Mondragon Unibertsitatean Enpresa eta Erakundeen Kudeaketa eta Zuzendaritza masterra egin zuen. Segidan, Poloniara joan zen fabrikazio ingeniari lan egitera, eta zortzi urte pasatu zituen bertan Mondragon Korporazioarentzat. Poloniatik Frantziara lekualdatu zen lanera, kalitateko sistemen arloko arduradun bezala; lau urte egin zituen Frantzian. Europatik Hego Ameriketara egin zuen salto, eta Brasilen Cikautxo enpresan jardun zuen lanean, negozio arduradun. Brasildik Txinara. Shanghain enpresa batean aritu, eta handik etxe ondora itzuli zen orain hiru urte, Urrestillako Astigarra Kit Linera. "Halaxe egokitu zait, munduari buelta eman eta etxe ondora etortzea", dio.
Enpresetan lidergo postuak hartzeari "beldurrik ez" dio, ezta erronka berriei ekiteko ere: "Zirraragarria iruditzen zait, ardura baten atzean erronka bat dagoelako". Edozein ardura hartu aurretik, ordea, garbi izan behar da ardurak berekin lana dakarrela, Badiolaren arabera: "Lanik gabe ardurarik ez dago! Ardurak esan nahi baitu pertsonen zerbitzura zaudela, haiek lortu behar dutena lortzen laguntzeko lan egin behar duzula". Ardura postuak "prestasuna ere" eskatzen du, eta horri "neurria" hartzea gakoa da: "Bizitza pribatua izan dezakezu, ama izan zaitezke, eta kabalak egin seme-alabek ikusteko zu behar zaituztenean hor zaudela". Alde negatiboak baino, alde positiboak gehiago ditu bere lanak: "Helburu bat jarri eta hori lortzen ari zarela ikustea mundiala da".
Etxetresna elektrikoen arloan eta automobilgintzan egin du lan, eta orain, zurgintzan ari da. Sektore desberdinak, baina leku guztietan "pertsonekin" egiten dela lan nabarmendu du Badiolak, eta hainbat kulturetako pertsonekin jardun izana "aberasgarria" izan da haren ustez. "Toki denetan pertsonak berdinak gara. Egia da, ordea, jaiotako tokiaren arabera gauzak desberdin ikusten ditugula; beraz, oso inportantea da ulertzea bestearentzako zer den inportantea eta zer ez duen onartzen. Horrek, besteengana iristeko zeuregan zer aldatu behar duzun behatzera behartzen zaitu, inposizioak arbuioa eragiten duelako". Helburu duen hori lortzeko, lan egin eta beti aurrera egiten duen pertsona dela dio Badiolak. "Oso aldarrikatzailea izan naiz, eta buruan zerbait sartzen bazait, hori lortzen ahalegintzen naiz".
Gizonek inguratuta hasi zuen lan ibilbidea, baina inoiz ez da horregatik besteengandik desberdin sentitu. "28 urterekin joan nintzen Poloniara industriara lanera, eta gainera, fabrikazioan aritzen nintzen, beti gizonekin. Ni beste lankide bat nintzen. Igoal, zorteko izan naiz, baina ni aukeratu nauten enpresetan ez dut diskriminaziorik sentitu". Horrek "kooperatiba munduan" lan egin izanarekin zerikusia duela uste du Badiolak.
Diskriminaziorik ez, baina lan merkatuan profil teknikoko emakumeen eskasia dago, Badiolaren ustez. "Kostatu egiten da mantentze lanetarako teknikari emakume bat aurkitzea. Zergatik?". Haren arabera, industria beti lotu izan da "gauza zikinekin, gauza oso mekanikoekin" eta gizonen sektorea balitz bezala azaldu da: "Nik uste dut industriako lana ez dela modu egokian azaldu".
Munduaren egungo egoerari erreparatuta, "bakoitzak bere kezkak" dituela dio, baina gazteengan konfiantza duela. Kezka baino gehiago, pena ematen dio sektore batzuk egiten ari diren ahalegina aurrera egindakoan atzera jotzeko: "Gure belaunaldiak aurrerapausoak eman ditu, eta horietan atzera egingo duten pena ematen dit. Gure gurasoen belaunalditik gurera izugarrizko aldaketa egon da aurreraka: nahi duguna ikasteko aukera izan dugu, kanpora irten dut ikastera zein lanera, familia aurrera eramateko erremintak izan ditut... Herri txiki batekoa izan arren, horretarako denerako aukera izan dugu, gure aurrekoek ez bezala. Guk eduki dugun aukera hori pixka bat arriskuan ikusteak ez dit graziarik egiten".
Zailtasunak aukera bihurtuz
Azpeitian egoitza duen Glual enpresan finantza saileko administrari gisa hasi zuen ibilbide profesionala Alazne Zabaletak (Azpeitia, 1977), Bilboko Deusto Unibertsitatean Zuzenbide Ekonomikoa ikasi ondoren. Gaur egun, 380 pertsonek lan egiten duten; Bulgarian, Txinan, Indian eta Ameriketako Estatu Batuetan egoitzak dituen; eta ekoitzitako sistemak munduko 80 herrialdetan instalatuta dituen Glual enpresaren zuzendari orokorra da. Iaz 55. urteurrena bete zuen sistema hidraulikoak diseinatzen, ekoizten, instalatzen eta mantentzen dituen Azpeitiko enpresak. Eta urtemuga hori ospatzeko ospakizunean bizitako bitxikeria bat ekarri du gogora Zabaletak: "Enpresaren arduradun orokorra emakume bat zela ezin sinetsita, minutu batez begiak zabal-zabalik begira gelditu zitzaidan langile baten alaba. Horrek ikusarazi zidan gure buruari nolako aurreiritziak dizkiogun jarrita". Ikusgarritasuna ez du gustuko Zabaletak, baina ohartu da bere esperientziak partekatzeak balio dezakeela "genero estereotipoak aldatzeko".
Glualek nazioartekotzeko prozesua hasi zuenean eskaini zioten finantza arloaren ardura, eta "gogoz" ekin zion erronkari. Ardura hura bere garapen profesionalean "mugarri garrantzitsua" izan zela dio. Lidergo postu bat onartzeko orduan, erantzukizunei aurre egiteko gai izango al den ala ez izan da kezka handiena sortu diona. Dena den, ardura postua izateak, talde lanean eta behar denean laguntza eskatuta, "erronkak aurrera ateratzeko" eta "profesionalki hazteko" aukera eman diote.
Edozein lan edo erantzukizun mailak ditu berekin alde positiboak zein negatiboak, Zabaletaren ustez: "Gakoa da gaitasuna izatea zailtasunak aukera bihurtzeko; alegia, erronka bakoitza hazkunde pertsonalerako eta profesionalerako baliatzea".
Enpresa batek arrakasta izateko, lidergo eraginkorra eta ikuspegi estrategikoa "ezinbestekoak" dira, eta horiek ez dira genero batekin bakarrik lotzen, Zabaletak azpimarratu duenez. "Hainbat ikerketak erakutsi dute emakumeek zuzendutako enpresek emaitza bikainak lortzen dituztela, lehiakortasunari dagokionez. Horrek agerian uzten du, askotan, emakumeen lidergoak balio handia ekar dezakeela talde lana sustatzeko, aniztasuna bultzatzeko eta erabaki inklusiboagoak hartzeko duten joeragatik", gaineratu du.
Industrian eta sektore horretako ardura postuetan emakumeak gero eta nabarmenago izan arren, oraindik ere "aurreiritzi sotilak" antzematen direla dio Glualen arduradunak. "Azken batean, hezkuntza arloaren isla da lan eremua, eta norbanakoen gaitasunetan eta merituetan oinarritu beharko ginateke, genero bereizketarik egin gabe. Alegia, pertsona bakoitzaren talentuari eta ekarpenei erreparatzea da garrantzitsuena, haien nortasun ezaugarriak alde batera utzita".
Egun munduak bizi duen egoeran Zabaleta gehien arduratzen dutena gerrak dira, "benetan kezkagarriak" iruditzen zaizkio gizatasun aldetik eta egonkortasun globalerako. "Ondorio larriekin, milaka bizitza galtzen ari dira".
Tentsio geopolitikoei eta ekonomikoei dagokienez, berriz, merkataritza gerra eta muga zergen mehatxuak enpresentzako "etengabeko erronka" direla dio Glualen arduradunak. "Egoera aldakor honetan, malgutasuna eta etengabeko egokitzapena ezinbestekoak izango dira langileen ongizatea eta enpresaren lehiakortasuna ziurtatzeko, eta horretarako, erabaki estrategikoak hartu beharko dira".
Adi, erronkei aurre egiteko
Ikastea eta lan munduan aritzea gogoko ditu Izaskun Abaunzek (Azpeitia, 1975), eta Danobat Groupen parte den Ideko ikerketa zentroko (Elgoibar, Gipuzkoa) administrazio arloko arduradun eta zuzendaritza taldeko kide izateak ikasteko eta proiektu askotan parte hartzeko aukera eskaini dizkio.
Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Gero, Mondragon Unibertsitatean Coaching masterra egin zuen, eta azken urteetan, Control In arloko ikasketak ere egin ditu. "Enpresa mundua beti egin zitzaidan erakargarria, gure aitak ere enpresan egin zuelako lana. Beraz, ikasketak ere horri lotuta egin nituen. Praktikak Danona kooperatiban egin nituen, eta gero beste enpresa txiki bateko kontabilitatea txukuntzen aritu nintzen", gogoratu du Abaunzek.
Ibilbide profesionala Ideko ikerketa zentroan hasi zuen, artean kooperatiba ez zela. "Danobat Groupen barruan makina erremintako hainbat kooperatiba daude, besteak beste, Danobat, Soraluce eta Goimek. Lantegi horiek makina hobeak, berrikuntzak nola egin eta abar ikertzeko sortu zuten Ideko ikerketa zentroa".
2002. urtean, Ideko kooperatiba bihurtu, berregituraketa egin, eta lanik gabe gelditu zen Abaunz. Orduan, urtebetez Emunen jardun zuen lanean, 2003an Idekora itzultzeko aukera sortu zitzaion arte. "Lehenengo semea izateko haurdun nengoen, eta lan elkarrizketara joan nintzenean horixe esan nien. Hala ere, kontabilitateko departamenturako hartu ninduten, eta diru laguntzak kudeatzen ere hasi nintzen pixkanaka", azaldu du Abaunzek. 2007. urtean, berriz, finantza eta giza baliabideetako ardura postua eskaini zioten, eta orduan ere haurdun zegoen, "hirugarrenaren zain". Lankideek animatuta eta "buruhausteak buruhauste" erronka berriari heldu zion. "Orduko eta gaur egungo egoerek ez dute antzik, orain bajak luzeagoak dira, bikotekide biek hartu ditzakete, kontziliaziorako baliabide gehiago eskaintzen dira... Une askotan buruan izan dudan esaldia honakoa izan da: 'Lana egin behar duzu umerik izango ez bazenu bezala, eta umeak zaindu behar dituzu lanik egingo ez bazenu bezala'. Nola egiten nuen hori dena? Haur eskolari eta amamen laguntzari esker".
Sei bat urtera, Idekoren eta Goimeken finantzen ardura ere izan zuen. "Bi jarduera erabat desberdinak, eta biek beren finantzabideak dituztenak. Hau da, Idekok finantzabidearen %50 funts publikoetatik jasotzen du (Europako, Espainiako, Jaurlaritzako, aldundiko… diru laguntzak) eta gainontzekoa ikertzaileek beste enpresa batzuetarako egindako zerbitzuetatik. Goimeken kasuan, berriz, bezeroekin egiten da lan, doitasun handiko mekanizatuak salduz". Lan horren guztiaren ardura izateak, konpromiso eta prestasun handia eskatzen ditu, Abaunzek dioenez. "24 orduz zara arduraduna".
Egun, Idekoren administrazioaren ardura du; egiteko horrek berekin ditu finantzak, diru laguntzen kudeaketa, tailerreko nahiz informazio sistemen kudeaketa. 150 pertsonek egiten dute lan kooperatiba horretan: "131 kontratuarekin ari dira lanean, eta gainontzekoak, masterrak edota gradu bukaerako proiektuak egiten dabiltza. Ikertzaileak dira gehienak, eta gazteak". %30 dira emakumeak Idekon. Danobat edota Goimek lantegietan emakumeen kopurua txikiagoa dela dio. "Goimeken, esaterako, %5 dira emakumeak".
Danobat Groupen zuzendari nagusia Nerea Aranguren da, baina gainontzean, ardura postuetan dauden gehienak gizonak dira, Abaunzek esan duenez. Ideko ikerketa zentroaren zuzendaritzan, esaterako, bera da emakume bakarra. Lan teknikoetan gizon gehiago ari dira lanean, eta administrazioan, berriz, emakumeak dira gehiengoa. "Ez dakit emakumeok dirua hobeto zaintzen dugulako den, ikuspegi seguruagoa dugulako... Ez dakit zergatik den. Idekon ikertzaile emakumeak izaten ditugu, doktoretzak egiten eta, baina, gero, asko irakaskuntzara, zerbitzuetako beste enpresa batzuetara, erakunde publikoetara eta abar joaten dira. Gaur egun, lan eskaintza bat egiten denean, ordea, izan gizon ala emakume, pertsona horrek duen gaitasunari ematen zaio balioa".
Ideko kide den Danobat Groupen jarduera "bizia" dela dio, beti mugimenduan ari dena. "Gainera, Idekon enpresen aurretik joan behar dugu, guk egiten dugun ikerketa lan hori bizpahiru urteko epean enpresan ezartzeko helburuarekin jarduten dugulako. Azken urteetan Danobat Group lortzen ari den emaitzak errekorrekoak dira, eta hori oso pozgarria da kide garenontzako", esan du pozik Abaunzek.
Esaerak hala dio: Gustuko lekuan, aldaparik ez. Abaunzek ere hala bizi du bere lan jarduna: "Igoal neu izango naiz halakoxea, baina gustuko lana dut eta ordu asko eskaintzen dizkiot. Idekok diru laguntzetatik jasotzen du ia diru erdia, eta horrek exijentzia maila handia eskatzen du: legeak direla, diru publikoa nola erabiltzen den, aldaketak…". Abaunzen ardura postuak arantzarik ere badu, ordea. "Nire lanean teknikoki ez dago ezer zaila, ikasi egiten da. Lanean alderik zailena pertsonen kudeaketa egiten zait niri, pertsona bakoitza mundu bat da, eta lantalde bati tira egiten jakin egin behar da, bakarrik ezin delako dena egin", aitortu du. Hala ere, gustura dago "giro sanoa eta polita" dutelako lanean.
Aurrera begira, eta munduan egun dagoen "giro nahasia" kontuan hartuta, une oro "eguneratuta" egon beharra dagoela azpimarratu du. Azken bost urteetan, 2020aren aurretik balio zuenak orain ez du baliorik, Abaunzen arabera. Hala azaldu du: "Orain arte denbora asko pasatzen genuen informazioa ateratzeko eta biltzeko, nik beti hor jarduten nuen nire Excelarekin. Gaur egun, ordea, informazioa biltzeko denbora hartu eta gero, igoal, aztertzeko denborarik ez dago. Une oro adi egon behar duzu mugimenduei: zer gerta daitekeen aureikuspenak eginez, era askotako agertokiekin jolastuz, etengabe hipotesiak egiten zerbait gertatzen bada nola erantzun…".
"Ziurgabetasun handia" dagoela dio Abaunzek, baina ez daudela geldirik egoteko. "Beti prestatzen joan behar da etor daitezkeen erronkei aurre egiteko, inbertsoak eginez eta, hori guztia taldean eta batera eginda, bakarrik baino urrutirago joateko aukera dago", gaineratu du.
Lidergo postuei heltzeko erronkaren aurrean halaxe egin dute industrian ari diren Badiolak, Zabaletak eta Abaunzek: aurrera egin. Ausardiarekin eta gogoz, pausoak aurrera emateko gogor lan eginez. Direlako izango dira.