"Entzuleei gauza berriak ere eskaini behar zaizkie"

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2025ko api. 11a, 09:45

Zestoako Rodeo eta Ezpalak musika taldeek hasi dute beren lan berriak aurkezteko bira. Ezpalakek Gatza izeneko diskoa ondu du, bederatzi abestiz osatutakoa. Rodeok, berriz, X diskoa plazaratu du, eta zazpi kantu bildu dituzte bertan. Rodeoko abeslaria eta gitarra jotzailea da Mikel Illarramendi eta Ezpalak taldeko gitarra jotzailea Eñaut Gaztañaga. Elkarbanatu dituzten hitzorduei beste bat gehituko zaie gaur, elkarrekin ariko baitira Sanagustin kulturgunean (22:00). Zuzeneko "indartsuak" eskainiko dituztela aurreratu dute.    

Sanagustin kulturgunean kontzertu bana eskainiko duzue gaur Aitzealdenk egitasmoaren barruan. Zestoako bi talde, Azpeitiko tenpluan. Gogoz?

EÑAUT GAZTAÑAGA: Bai, izugarrizko gogarekin. Sanagustinen etxean bezala sentitzen gara beti. Gainera, diskoa aurkezteko plaza polita da, eta sarreren salmenta ondo doa. Beraz, oso gogotsu gaude. 

MIKEL ILLARRAMENDI: Gure kasuan, diskoa aurkeztu osteko laugarren kontzertua izango da Azpeitikoa, eta etxetik gertu eskainiko dugun aurrena. Beraz, gogoz gaude gu ere. 

Ezpalakentzat, Gatza tourraren barruko bigarren geltokia izango da gaurkoa. Zer moduzko harrera izan du diskoak?

E.G.: Oro har, harrera oso ona izan du lan berriak. Proiektu honekin apustu berezia egin dugu: diskoa atera eta gelditu egin ginen. Modu horretan, lau hilabetez egon dira entzungai abestiak, jendeak kantuak ezagutu eta ikas ditzan. Gainera, horrek kontzertuak ondo prestatzeko aukera eman digu. Goiz da entzuleen balorazioa jakiteko, baina momentuz pozik gaude erantzunarekin. 

Orain arteko diskoekin alderatuta, zertan bereizten da Gatza lana, zerbaitetan bereizten baldin bada?

E.G.: Beti egoten da eboluzio bat diskotik diskora. Taldekideok gure artean asko hitz egiten dugu, ekoizpen aldetik gauza berriak probatzen ditugu, eta, horrenbestez, badaude elementu berriak abestietan. Esango nuke gure azken bi diskoen -Kolpatu topatu eta Hortz aina hots- arteko nahasketa dela. Zuzenagoa eta ilunagoa da aspektu batzuetan, baina Ezpalaken esentzia mantentzen duen diskoa da Gatza

Rodeo, berriz, X izeneko diskoaren zabalpenean ari da. Nolako lana da osatu duzuena?

M.I.: Lau taldekideok elkarrekin estudioan gehien landu dugun diskoa da X. Aurreko lanetan, etxean garatutako gauza asko eraman genituen estudiora. Oraingoan, ordea, erabaki genuen denbora gehiago hartzea konposatzeko. Lauron artean kontsentsuz egindako lana da X, eta esan daiteke prozesua desberdina izan dela. Grabatzerakoan, geruza gutxiko zerbait egin nahi genuen, zuzenagoa izango zena; soinu gordinagoak lortzea nahi genuen, nolabait. Eñautekin [Gaztañaga] estudioan buelta asko eman ondoren, lortu dugu nahi genuen soinu gordin hori. Iruditzen zaigu aurreko diskoetatik bereizten den zerbait egin dugula, eta gustura gelditu gara emaitzarekin.

"Iruditzen zaigu aurreko diskoetatik bereizten den zerbait egin dugula"

Mikel Illarramendi

Stoner estilotik gehien aldentzen den lana al da? 

M.I.: Hori guk esatea konplexua da. Hamar urteotan asko aldatu da entzuten dugun musika, eta horrek eragina du gure sormen prozesuan. Erritmo aldetik esango nuke badela, agian, stonerretik gehien aldentzen dena, baina gure betiko esentziak hor jarraitzen du. Aldaketak egiterakoan beti sortzen da beldur apur bat, baina uste dut aldaketak egon behar duela. Beti berdina egiteak ez gaitu motibatzen, eta entzuleari gauza berriak ere eskaini behar zaizkio. Kantu berriekin baliteke zuzenekoa lasaiagoa izatea, baina ikusteko dago nola joaten diren emanaldiak.  

E.G.: Hasieran pentsatzen zenuten diskoa desberdina izango zela zuentzako horrela zelako, baina entzuleentzat Rodeo izango da berdin-berdin. Erritmoa da agian desberdina. Rodeo gustatzen zaionari lan berria gustatuko zaio, ez baita estilo aldaketa bat, baina eboluzioa egon badago. Nire aburuz, kontzertuan oso ondo uztartu dituzte abesti berriak eta zaharrak. 

Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean grabatu duzue X. Garrantzitsua al da haren lana Rodeorentzat?

M.I.: Guri estudioan sartzeko aukera Eñautekin iritsi zitzaigun. Ikasi ditugun gauza asko hari esker izan dira. Nondik joan ez dakizunean gidatzen zaituen eta zure gustuak bideratzen laguntzen duen norbait ondoan edukitzea zorte handia da. Gainera, konfiantza handia dugu elkarrekin, baita kritikak egiteko ere. 

E.G.: Nik aurreneko kontzertuetatik ezagutzen ditut. Gerora lagunak egin ginen, musika zaletasuna partekatzen dugulako, eta asko bizi nahiz elkarbanatu dugu elkarrekin. Kontzertu asko eman ditugu batera, eta badago konexio berezi bat bi taldeen artean. Ekoizle bezala beraiekin lan egitea tokatzen zaidanean, oso erraz aritzen naiz, asko hitz egiten baitugu prozesuan zehar. 

"Disko berria zuzenagoa eta ilunagoa da aspektu batzuetan" 

Eñaut Gaztañaga

Zuzeneko asko eskaintzen dituzue. Zortedunak zaretela esango zenukete? 

M.I.: Urte askotako lana dago zuzenekoen atzean. Deitu izan diguten leku ia guztietara joan gara, baldintzak baldintza. Ordu asko igaro ditugu furgonetan, entseatzen, eta horrek bere fruituak eman ditu. 

E.G.: Zenbat eta kontzertu gehiago eman, gero eta gehiago entzuten da taldearen izena, eta horrek ezagutarazteko aukera eskaintzen du. Bi taldeok oso ondo landu ditugu zuzenekoak, garrantzi handia ematen diegu horiei, eta horrek eragingo zuen, agian. Zortedunak ere bagara jende asko baitago zuzenekoak ezin eskainita. Gustura gaude, eta espero dugu horrela jarraituko dugula. 

Zer-nolako bira espero duzue? 

E.G.: Duela bi urte ere bira hasiera elkarrekin egin genuen. Beraz, aurtengoa polita izango dela aurreikusten dugu. Zenbait hitzordu elkarbanatuko ditugun arren, ondoren bakoitzak bere bidetik egingo du bira, aretoetan eta bestelakoetan.

M.I.: Forman gauden bi musika talde gara, proposamen berriekin gatozenak, zuzenekoetarako gogoz eta indartsu gaudenak. Gozatzera eta ondo pasatzera joango gara. 

Elkarrizketa osorik, bideoan

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide