Euskal Sagardoaren dastaketak eta afariak egingo dituzte elkarte gastronomikoetan

Ihintza Elustondo 2025ko api. 16a, 10:29

Maiatzaren 8tik ekainaren 5era arteko bost ostegunetan sagardo dastaketak egingo dituzte Azpeitiko bost elkarte gastronomikotan, afariaren bueltan: Oilo-Soron, Basazabalen, Iturrin, Zokoan, eta Gure Ametsan. Afari bakoitzean 30 leku bazkideentzat gordeko dituzte, eta beste hamar herritarrentzako izango dira. Sarrerak apirilaren 28an jarriko dituzte salgai, Elikagunean.

Azpeitiko Sagardo Txapelketak 50. aldia bete zuen iaz, eta urteurren borobilaren harira, hainbat ekintza antolatu zituzten; horien artean, sagardo dastaketa egin zuten Azoka Plazan. Berehala agortu ziren ekitaldirako sarrera guztiak, eta arrakasta hori ikusita, sagardo dastaketa hori berrartu nahi izan dute Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak. Oraingoan, baina, formatua aldatuta egingo dituzte katak; hain zuzen ere, herriko bost elkarte gastronomikotan gauzatuko dituzte, afariaren bueltan.

Atzo, asteartea, egin zuten egitasmoaren aurkezpena, Oilo-Soro elkartean. Mikel Odriozola Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburuak, Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak, Bixente Unanue Azpeitiko Sagardoaren Lagunak elkarteko kideak eta egitasmoan parte hartuko duten elkarteetako ordezkariek parte hartu zuten ekitaldian.

Odriozolak azaldu zuenez, bost elkarte gastronomikotan gauzatuko dituzte dastaketak; maiatzaren 8tik ekainaren 5era arteko bost ostegunetan. Afariarekin batera gauzatuko dituzte dastaketak, 19:30ean hasita, eta elkarte bakoitzaren ardura izango da otordua prestatzea. Guztira, lau plater hotz edo bero, postrea eta kafea prestatu beharko dituzte, eta horrez gain, sagardoa dastatzeko aukera izango dute parte hartzera animatzen direnek. Otordua eta edaria, guztira, 20 euro ordaindu beharko dira.

Afari-dastaketa bakoitzean 40 lagunek parte hartu ahalko dute; horietatik 30 leku bazkideentzat gordeko dituzte, eta gainontzeko hamar plazak beste herritarrentzako izango dira. Afarietara joatea nahi dutenek apirilaren 28tik aurrera izango dituzte sarrerak eskuragarri Elikagunean. Bazkideentzako sarrerak, berriz, elkarte bakoitzak kudeatuko ditu.

Jatorri izeneko edariak

Mitxelenak eskerrak eman zizkion udalari halako egitasmo bat antolatzera animatzeagatik, eta azaldu zuen berehala eman zutela baiezkoa proposamena jasotzean. "Guretzat beti da pozgarria Azpeitira etortzea", adierazi zuen. Soziedadeetan dastaketa-afariak egitea "proba" bat izango dela nabarmendu zuen, eta Azpeitian ondo ateratzen bada, beste herritara ere eramateko moduko formatua izan daitekeela. Soziedade bakoitzeko kata ezberdina izango dela aipatu zuen, hau da, horietako bakoitzean sagardo ezberdinak probatuko dituztela; hori bai, sagardo guztiak Euskal Sagardoa jatorri izenaren barrukoak izango dira. Era askotako sagardoa dastatu ahal izango da: kriantzak, lupulatuak, bermutak, apardunak... "Elkarte bakoitzak txotxean duen sagardoa errespetatzen eta berriak txertatzen saiatuko gara", esan zuen.

Sagardo sektorea egiten ari den lan guztia goraipatu zuen Mitxelenak, eta sagardozaleak nahiz sagardoa hainbeste atsegin ez dutenak animatu zituen dastaketetan parte hartzera. "Sagardoaren munduan murgiltzeko aukera ederra da, eta ez dago aitzakiarik". Dastaketak bi profesionalek gidatuko dituzte, txandakatuz: Mikel Garaizabal eta Telmo Iruretagoiena enologoek.

Egitaraua

Hona hemen dastaketa bakoitza zer egunetan eta soziedadetan izango den adierazten duen egitaraua:

  • Maiatzak 8: Oilo-Soro
  • Maiatzak 15: Basazabal
  • Maiatzak 22: Iturri
  • Maiatzak 29: Zokoa
  • Ekainak 5: Gure Ametsa

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide