Gizarte Zerbitzuetako erabiltzaileen botiken erabilera hobetzeko programara batu da Azpeitia

Ihintza Elustondo 2025ko api. 16a, 14:30

Edurne Zubia Gizarte Zerbitzuetako arduradun teknikoa, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua eta herriko botiketako ordezkariak. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Botikarien Elkargoak lankidetza hitzarmena sinatu dute, eta horri esker, etxez etxeko zerbitzuko erabiltzaileek eta Gizarte Zerbitzuek artatutako pertsonek dosifikazio sistema pertsonalizatua jaso ahal izango dute. Herriko bost farmaziek eskainiko dute zerbitzua.

Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Botikarien Elkargoak sinatutako lankidetza hitzarmenari esker, etxez etxeko zerbitzuko erabiltzaileek eta Gizarte Zerbitzuek artatutako pertsonek dosifikazio sistema pertsonalizatuaren zerbitzua jaso ahal izango dute. Helburua da pertsona horiek botikak modu egokian erabiltzea, ziurtasunez eta eraginkortasunez. Herriko bost farmaziek eskainiko dute zerbitzua.

Leire Goenaga udaleko Gizarte Zerbitzuen batzordeburuak azaldu duenez, herritarren ongizatea hobetu nahi dute zerbitzuaren bidez. "Botikak ezinbestekoak dira herritar askorentzat, eta zerbitzu honen bidez, lagundu egin nahi diegu behar dituzten sendagai horiek behar bezala hartzen, badakigulako askorentzat ez dela hain erraza".

Botiken erabilerari buruzko programaren onuradun izateko, beharrezkoa da norbere etxean bizi eta etxez etxeko laguntza zerbitzua jasotzea edo familia ingurunean zaintzeko prestazio ekonomikoren bat jasotzea. Zenbait kasutan, gizarte harrerako zentroetan dauden pertsonek ere izango dute onuradun izateko aukera.

Onuradun izateko prozedura

Honako hau izango da onuradun izateko prozedura. Lehenik, udaleko Gizarte Zerbitzuek zerbitzuaren berri emango diete onuradun izan daitezkeen pertsonei, eta tramitea martxan ipiniko da. Ondoren, onuradunak aukeratuko farmaziak elkarrizketa egingo dio hari, zaintzaileari edo etxeko laguntzaileari, programa egoki betetzeko ahalik eta datu gehien jasotzeko. Jarrian, botikariak onuradunaren tratamendua berrikusiko du eta jarraipena egingo dio, sendagaiei lotutako arazorik badagoen ikusteko. Farmaziak onuradunaren preskripzio aktiboak ikusten dituen bakoitzean, legez aurreikusitako moduan dispentsatuko ditu osasun txartelaren bidez. Gero, emandako botikak zaintzapean gordeko ditu, adostutako eperako dosifikazio sistema pertsonalizatuak prestatzeko. Dosifikazio horiek aldiro prestatu eta entregatuko ditu. Tratamendu bakoitzaren hasieran, pazienteari edo haren arduradunari dosifikazioaren parte diren botika guztien prospektuak emango zaizkio, baita botikak kontserbatzeko moduari buruzko informazioa ere. Dosifikazio sistema pertsonalizatuko epe bakoitza bukatzen denean edo tratamenduan aldaketaren bat dagoen bakoitzean, onuradunak gelditzen zaizkion sendagaiak botikara itzuliko ditu. Gainera, farmaziak, hilero, programaren ebaluazioari buruzko datuak bidaliko ditu Gipuzkoako Botikarien Elkargora.

Azpeitian martxan jarri berri duten Zaintza Mahaiarekin lotu du Goenagak lankidetza hitzarmena. "Zaintza Mahaiaren aurkezpenean esan genuen bezala, zaintzen ekosistema bat sortzea beharrezkoa da, zaintzen erronkari aurre egiteko. Gipuzkoako Botikarien Elkargoarekin sinatu dugun hitzarmen hau ere bide horretatik doa; izan ere, udalaren eta botikarien artean eskainiko den zerbitzu honi esker, beharrezko arreta jasotzeko erraztasun handiagoak izango dituzte gaixoek, edo arreta hori emateko lana erraztu egingo zaie haien zaintzaileei edo etxez etxeko langileei". Alde horretatik, eskerrak eman dizkie herriko botikariei zerbitzua eskaintzeko agertu duten prestutasunagatik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide