Eskualdeko ekintzaileei aitortza egin diete Ekintzaileen Nazioarteko Egunean

Ihintza Elustondo 2025ko api. 16a, 17:00

Ekintzaileak oroigarriekin eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariak. (Iraurgi Berritzen)

Iraurgi Berritzenek Ekintzaileen Nazioarteko Eguna ospatu du gaur, eta eskualdean enpresa sortu berri duten ekintzaileak omendu ditu. Guztira, 29 egitasmo berri sortu ziren iazko urtean, eta horien bidez, 37 lanpostu.

Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziaren ekintzailetza arloko lantaldearen ekimenez, Ekintzaileen Nazioarteko Eguna ospatu dute gaur bigarren aldiz. Eskualdean enpresa sortu berri duten ekintzaileak omentzeko baliatu nahi izan dute eguna. Ekitaldiaren bidez, 2024an enpresa sortu zuten ekintzaileek egindako ahaleginari eta horiek eskualdeko ehun sozioekonomikoan izan duten inpaktu positiboari balioa eman diote. Guztira, 29 egitasmo berri sortu ziren iazko urtean, eta horien bidez, 37 lanpostu. Iraurgi Berritzenek "tokiko ekintzaileen ekarpen ausarta eta garrantzitsua" goraipatu ditu. "Izan ere, beraien lanari esker, gure herriak bizi mantentzen dira eta tokiko garapen sozioekonomikoa bultzatzen da", nabarmendu du.

Aurten, gainera, Maria Diez ekintzaile eta aholkulariak hitzaldi motibatzaile bat eskaini die bertaratuei. Bere jardunean, "eskualdea eraldatzen duten pertsona ausartak" kontzeptua erabili du inspirazio gisa, ekintzaile bakoitzaren ibilbideari balioa emanez eta bidean izandako erronkei aurre egiteko moduak aipatuz.

Ekitaldiaren amaieran, ekintzaile bakoitzari oroigarri bana eman diote, Maria Goñi margolariak sortua. Horren bidez, ekintzaileei izan duten "ausardia eta konpromisoa" eskertu nahi izan dizkie Iraurgi Berritzenek. Agentziaren arabera, tokiko ekintzailetza "funtsezko zutabea" da eskualdeko udalerrien etorkizunerako, "eskualdeko herri eta kaleetan zerbitzu eskaintza zabala izaten jarraitzeko aukera" ematen baitu horrek. Horregatik, gaurko ospakizuna "eskualdeko etorkizuna eraikitzen ari diren pertsonei babesa emateko aukera paregabea" izan dela nabarmendu du Iraurgi Berritzenek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide