'Abertzaleak' hitzaldi zikloan Txillardegiz ariko dira biharko saioan

Nerea Uranga 2025ko api. 28a, 11:36

Txillardegi, 2008. urtean. (Wikipedia. Dani Blanco/Argia)

Naziogintza taldeak antolatutako Abertzaleak hitzaldi zikloko bosgarren eta azken saioa izango da biharkoa. Karmelo Landak hitz egingo du Txillardegiz, 19:00etan, Basazabal jauregian.

Euskal abertzaletasunaren historian adierazgarriak izan diren bost lagun ezagutarazteko helburuarekin Abertzaleak izeneko hitzaldi zikloa antolatu du Naziogintza taldeak. Zikloko bosgarre eta azken saioa izango da bihar asteartea, 19:00etan, Basazabal jauregian. Saio horretan Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiz (Donostia, 1929-2012) ariko da hizketan Karmelo Landa historialaria.

Txillardegi XX. mendeko bigarren aldiko euskal idazle eta intelektual garrantzitsuenetakoa izan zen. Ingeniaria, hizkuntzalaria, soziolinguista, idazlea eta politikaria izan zen. Erbestean hamasei urtetik gora egin zituen eta hirutan egon zen espetxeratuta. ETA mugimenduaren sortzaileetako bat, eta euskara batuaren egile eta eragilea izan zen; euskararen aldeko jarduna Euskal Herriaren eskubide nazionalen aldeko borrokarekin uztartu zuen. Politikari ezkertiarra eta abertzalea izan zen, eta senataria bi alditan. Hainbat liburu eta ehunka artikulu idatzi eta argitaratu zituen.

Abertzaleak zikloko saioak

Abenduaren 18an egin zuten Abertzaleak hitzaldi zikloko lehenengo saioa, eta ordukoan, Aita Manuel Larramendiri buruz aritu zen Edurne Alegria itzultzailea. Urtarrilaren 14an, berriz, Sabin Aranari buruzko saioa izan zen, Xabier Irujo historialariaren eskutik. Otsailaren 18an Eli Gallastegi Gudariren inguruko saioa izan zen, Nerea Azurmendi kazetariaren eskutik, eta martxoaren 19an Telesforo Monzoni buruz aritu zen Pako Sudupe idazlea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide