Beste urte batez, elektrotxarangek girotuko dute Azpeitia maiatzean zehar. Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren laugarren edizioa egingo dute aurten, Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak eta udalak antolatuta, eta zazpi talde lehiatuko dira.
Larunbatean, maiatzaren 3an, hasiko da aurtengo edizioa bi talderen emanaldiekin. Hain zuzen, 19:00etan hasita, Zutik elektrotxaranga ariko da zuzenean Alde Zaharreko kaleetan, eta haren ostean, 20:30ean, Elektrotxufla. Maiatzaren 10ean, berriz, emanaldi bakarra izango da: 3indarrok elektrotxarangaren txanda izango da; 20:30ean eskainiko du emanaldia. Maiatzaren 17an, bi talde ariko dira berriro: 19:00etan, Elektrotxorongo, eta 20:30ean, Elektrokela. Azkenik, maiatzaren 24an, Patxangoi ariko da 19:00etan, eta Xaukena 20:30ean.
Guztira, beraz, zazpi elektrotxaranga entzuteko aukera izango da Azpeitian maiatzean zehar. Horiek herriko kaleetan barrena eskainiko dituzte musika doinuak, eta herritar guztiek izango dute zuzenean entzuteko aukera. Guztien emanaldiak baloratuko ditu epaimahaiak, eta batek bakarrik jantziko du lehiaketaren laugarren edizioko txapela. Aurten, berrikuntzak egin dituzte sarietan. Hori dela eta, irabazleak ez ezik, bigarren sailkatuak ere jasoko diru diru saria. Elektrotxaranga irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du, baita saninazioetan emanaldi bat eskaini ere. Bigarren sailkatzen denak, aldiz, 1.000 euroko saria jasoko du.
Udalak azaldu duenez, epaimahaia musikan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta "hainbat irizpide" izango dituzte kontuan irabazlea aukeratzeko: "musikaltasuna, sonoritatea, interakzioa, martxan jotako musika, abestien aniztasuna, euskara, parekidetasuna…".
Iaz, lehenengo edizioan bezala, Elektrotxufla taldea gailendu zen lehiaketan.