Dena prest dute Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketetarako

Nerea Uranga 2025ko mai. 1a, 10:27

Iker Ezama, Nagore Alkorta, Jon Makibar eta Olatz Gabilondo, atzo Mendietxen. (Nerea Uranga)

Maiatzaren 10ean izango dira bi mendi lasterketak, eta guztira 950 korrikalarik parte hartuko dute; 600 lagunek proba luzean eta 350ek motzean. Dena antolatzeko lanean, berriz, 500 boluntario inguru ariko dira. Proba luzean, Espainiako Ultra Trail Running Txapelketa jokatuko da, eta bi aurreneko postuetan egiten duten emakumeek eta gizonek Munduko Txapelketarako txartela lortuko dute. Anoa Gune Urdina ere prestatuko dute aurten.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketak sona hartu du mendiko proben egutegian, eta izen ematea ireki ahala bete egiten da. Laugarren edizioa maiatzaren 10ean jokatuko da, baita Domusa Teknik 15 MLK probaren bigarren edizioa ere, Azpeitiko plazan hasi eta bukatuta.

Lasterketa egunerako dena prest dutela azaldu zuten atzo Mendietxe museoan egindako agerraldian Iker Ezama Lagun Onak mendi bazkunako kideak, Jon Makibar Domusa Teknik enpresaren ordezkariak, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Olatz Gabilondo Marea Urdinako kideak. Bi mendi lasterketak antolatzea posible egiten duten babesleak, eragileak, laguntzaileak eta boluntarioak eskertu zituen hitzartzea hasi orduko antolatzaile taldeko Ezamak, "guztien gustuko kirol festa handia" izateko asmoz jarduten dutela azpimarratuz.

Puntako lasterkariak

Proba nagusiaren xehetasunak aipatu zituen gero Ezamak. 08:00etan irtengo dute Domusa Teknik 40 MLK probako 600 lasterkariek plazatik, 65 kilometroko eta 3.700 metro desnibel positiboko ibilbidea egiteko. Horretarako, hamabi orduko muga izango dute, lehen korrikalaria, berriz, 13:45 aldera helmugaratuko dela aurreikusi dute antolatzaileek. Aurtengoan, Espainiako Ultra Trail Running Txapelketa jokatuko da proba horretan. Horrenbestez, lehendabiziko postuetan egiten duten bi gizonek eta bi emakumeek txartela lortuko dute Munduko Txapelketan parte hartzeko. "Beraz, Espainiako Estatuan nahiz mundu mailan aurreko puntan ibiltzen diren lasterkariak espero ditugu", aurreratu du Ezamak. Proban irtengo duten 600 korrikalarietatik 65ek jokatuko dute Espainiako Txapelketa.

40 MLK-eko parte hartzaileetatik %10 dira emakumeak, 60 inguru. Era horretan, urteroko kopurua mantendu egin dute. Kanpotik etorriko diren hainbat korrikalari nabarmendu zituen Ezamak aurkezpenean, eta besteak beste, honakoak aipatu zituen: gizonetan Miguel Heras –iazko txapelduna–, Zaid ait Malek, Pere Aurell, Julen eta Ivan Calvo, Pello Berrizbeitia, Victor del Aguila, Marc Bernades; eta emakumeetan, Gemma Arenas –iazko txapelduna–, Mayi Mujika, Marta Molist, Ines Astrain, Eli Gordon, Sandra Sevillano, Eli Rios, Mireia Pons eta Oihana Kortazar.

Lasterketako errekorra hausten duenak 300 euroko saria jasoko du, bai emakumeetan eta bai gizonetan. Orain arte 40 MLK distantzian jarritako denbora onenak honakoak izan dira: emakumeetan Gemma Arenasek 7:04:56 denboran bukatu zuen iaz. Gizonetan, berriz, Borja Zubizarreta azkoitiarrak du errekorra, 2023an 5:53:33 denboran eginda.

Emakumeen parte hartzea sustatzeko

Bigarren edizioa izango du Domusa Teknik 15 MLK probak. Kasu honetan, 09:00etan irtengo dute plazatik proban parte hartuko duten 350 korrikalariek, 26 kilometroko eta 1.400 metro desnibel positiboko ibilbidea egiteko.

Iaz antolatu zuten lasterketa laburra aurreneko aldiz, "kirolean emakumeen parte hartzea" sustatzeko. Hala azaldu zituen Ezamak arrazoiak: "40 MLK-ren lehen edizioan emakumeen parte hartzea txikia izan zen, eta haiek lasterketara animatzeko, emakumeei zuzendutako irteerak antolatzen hasi ginen. Gero, iaz, 15 MLK distantziako proba antolatzea erabaki genuen". Aurten, bultzada bat gehiago ematea erabaki dute probaren antolatzaileek, eta izen emate orokorraren aurretik dortsal erdiak emakumeentzako bakarrik jarri zituzten. "Hamar minutuan agortu ziren", gogoratu du Ezamak. Hala, 350 partaideetatik 156 emakumeak izango dira. "Pozik" daude antolatzaileak datu horiekin eta "emakumeak kirola egitera edota mendian korrika egitera bultzatzeko" lanean jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi zuen atzo Lagun Onak MBko kideak.

Proba motzean izango diren lasterkari "esanguratsuenak" ere aipatu zituen Ezamak: emakumeetan, Ainhoa Intxausti, Onditz Iturbe, Oihana Zubillaga, Ane Elzaurdia eta Irati Azkargorta, eta gizonetan, Aritz Egea, Alvaro Ramos, Ibai Angulo, Marcos Pascual eta Marcos Ramos.

Distantzia motzeko denbora errekorrak Ainhoa Intxaustik (2:34:18) eta Aritz Egeak (2:02:13) dituzte ezarrita. Errekor hori hausten duenak 100 euroko saria jasoko du.

Bi probak ondo antolatuta izateko 430 boluntariotik gora izango dira ibilbideetan banatuta. "Urtero moduan, proiektu hau aurrera ateratzeko ezinbestekoa da boluntarioen lana. Aurten ere, jendea oso eskuzabal aurkitu dugu eta denei eskerrak eman beharrean gaude", adierazi dute antolatzaileek.

Balioak uztartuta

Mendi lasterketaren babesle nagusia den Domusa Teknikeko Jon Makibarrek "proba mendi lasterketa huts bat baino gehiago" dela adierazi zuen atzoko agerraldian, eta lau urteotan egindako lanarekin "pozik eta harro" agertu zen. Domusa Teknikentzat "mendiko kirolaren benetako esentzia" islatzen duen ekimen bat babestea "ohore bat" dela gaineratu zuen Makibarrek: "Naturarekiko errespetua, berdintasuna, norberaren mugak gainditzeko ahalegina, bertako komertzio txikia sustatzea eta, batez ere, elkartasuna, dira lasterketa honen oinarriak. Balio horiek bat egiten dute gure enpresaren filosofiarekin".  Horrez gain, proba antolatzen aritzen diren Lagun Onak mendi bazkunaren eta boluntarioen lana azpimarratu zuen bereziki Makibarrek.

Domusa Teknik mendi lasterketei lotuta, inklusioaren alde egiten duten lana eta antolatzen dituzten ekintzak nabarmendu zituen Olatz Gabilondo Marea Urdinakeko kideak. Aurreko edizioetan bezala, aurten ere inklusioari lotutako jarduerak antolatu ditu Marea Urdinakek Azkoitiko eta Azpeitiko ikasleekin. Lasterketen bezperan, maiatzaren 9an, Inma Bosca atletaren hitzaldiak izango dira bi herrietan. "Boscak gaixotasun baten ondoren mugikortasun arazoak ditu, baina gurpildun aulkiarekin mendi lasterketetan parte hartzen du, bere bikotekideak lagunduta. Bikotekidea Toni Ibañez du, eta harekin batera parte hartuko du LH5 eta LH6 mailetako antolatu ditugun hitzaldietan", aurreratu zuen Gabilondok atzo.

Iaz bezalaxe, aurten barrarekin korrika egiten duten kirolariak ere izango dira Domusa Teknik lasterketan. Iaz Carmen Belmarrek parte hartu zuen Marea Urdinak gonbidatuta, eta aurten, Belmarrez gainera, beste kirolari bat ere aterako da barrarekin. Kirolari horiek ikusmen urritasuna dutenak dira.

Aurten ere, lasterketan Anoa Gune Urdina jarriko dute Ikasberri ikastolaren ondoko aparkalekuan, eta gune hori jartzeak "zentzu berezia" duelako probaren antolatzaileak eskertu zituen Gabilondok. "Gune horretan egiten diren ekintzak ez dira edozein anoa gunetan aurki ditzakegunak: jolas inklusiboak egongo dira, puzgarriak, jateko eta edateko guneak, Eusko Labeli esker bertako edariak, txahal saiheskia eta abar. Festa giro aproposa egongo da eta denok elkartzeko toki egokia izaten da". Boluntarioen lana ere bereziki aipatu zuen Marea Urdinakoak: "80 lagun baino gehiagok osatzen dugulako Anoa Gune Urdina".

Eskerrak emanez hasi zuen hitzartzea Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak ere, probaren antolatzaileak, boluntarioak, Marea Urdinakoak izendatuz. Proba nahiko berria izan arren, dagoeneko kirol probatan "ospea" duela azaldu zuen alkateak, eta Azpeitiko egutegian ere bere tokia hartuta duela "herritar guztientzako festa egun bat" delako, "probaren beraren balioak lehenetsita". Bertako herri eragileen eta herritarren ekimena eta lana azpimarratu zituen alkateak.

Egitaraua:

- Maiatzak 9, ostirala.
10:30. Hitzaldia: Inma Bosca eta Toni Ibañez. Soreasu antzokian. LH5 eta LH6ko ikasleentzat.
15:30. Hitzaldia: Inma Bosca eta Toni Ibañez. Baztartxo antzokian. LH5 eta LH6ko ikasleentzat.
17:00-19:30. Baserritarren azoka, Azoka Plazan.
17:30-20:00. Dortsal banaketa, Azoka Plazan.

- Maiatzak 10, larunbata.

Plazan eta Alde Zaharreko kaleetan:
06:00-07:30. Dortsalen banaketa, Azoka Plazan.
07:15. Domusa Teknik 40 MLK korralitoa.
07:45. Korrikalari nabarmenen aurkezpena, plazan.
08:00. Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren irteera, plazan.
08:30. Domusa Teknik 15 MLK korralitoa.
08:45. Korrikalari nabarmenen aurkezpena, plazan.
09:00. Domusa Teknik 15 MLK irteera.
10:55. Domusa Teknik 15 MLK lehen korrikalaria helmugan.
13:45. Domusa Teknik 40 MLK lehen korrikalaria helmugan.
15:00-20:30. Olber DJa, plazan.
18:30. Azketa ahots taldea, plazan.
20:00. Domusa Teknik 40 MLK azken korrikalariari ongietorria.
20:15. Sari banaketa, plazan.
20:30. Elektrotxaranga, Perez Arregi plazatik abiatuta.
22:00. Urtz eta Eraldatzen kontzertuak, Sanagustin kulturgunean.

Gune urdinean:
09:55. Domusa Teknik 15 MLK lehen korrikalariari ongietorria.
11:00-13:00. Sentsilizazio jolasak eta photocall urdina.
11:00- 18:30. Puzgarriak eta jolas inklusiboak.
12:30. Domusa Teknik 40 MLK lehen korrikalariari ongietorria.
12:00-16:00. Pintxoak eta edariak, Eusko Labelen eskutik.
17:45. Domusa Teknik 40 MLK azken korrikalariari ongietorria.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide