Zutiken eta Elektrotxuflaren emanaldi jendetsuekin hasi da elektrotxarangen lehiaketa

Andoni Elduaien 2025ko mai. 4a, 10:47

Alde Zaharreko kaleak leporaino bete ziren atzo arratsaldetik gauera bitartean. Zutik eta Elektrotxufla elektrotxarangen txanda izan zen atzo. Datorren zapatuan, elektrotxaranga bakarra ariko da herriko kaleak girotzeko: 3indarrok taldea. Hurrengo bi asteburuetan berriro bina talde ibiliko dira kalerik kale.

Maiatzeko lehen zapatua izan zen atzokoa, eta azken urteetan ia-ia usadio bihurtu den eran, elektrotxarangen doinuekin gozatzeko aukera izan zuten herritarrek. Urteko bosgarren hilabeteko ikur bihurtu dira dagoeneko elektrotxarangak herrian, eta atzo, Zutik eta Elektrotxufla –iazko irabazlea– taldeen txanda izan zen. Bi taldeek sekulako giroa jarri zuten Alde Zaharrean arratsaldetik ilundu bitartean; izan ere, jendetza batu zen haien bueltan, hizkuntza, estilo eta martxa desberdinetako abestiak kantatzeko eta dantzatzeko.

Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren laugarren edizioa da aurtengoa, Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak eta udalak antolatuta, eta atzoko bi taldeez gain, beste bost ere lehiatuko dira. Datorren zapatuan, emanaldi bakarra izango da; 3indarrok elektrotxarangaren txanda arituko da kaleak girotzen 20:30etik aurrera. Maiatzaren 17an, bi talde ariko dira: Elektrotxorongo (19:00) eta Elektrokela (20:30). Maiatzaren 24an, azkenik, Patxangoi (19:00) eta Xaukena (20:30) taldeen txanda izango da.

Guztira, beraz, zazpi elektrotxaranga entzuteko aukera izango da Azpeitian maiatzean zehar. Horiek herriko kaleetan barrena eskainiko dituzte musika doinuak, eta herritar guztiek izango dute zuzenean entzuteko aukera. Guztien emanaldiak baloratuko ditu epaimahaiak, eta batek bakarrik jantziko du lehiaketaren laugarren edizioko txapela.

Aurten, halaber, berrikuntzak egin dituzte sarietan. Hori dela eta, irabazleak ez ezik, bigarren sailkatuak ere jasoko du diru saria. Elektrotxaranga irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du, baita saninazioetan emanaldi bat eskaintzeko aukera ere. Bigarren sailkatzen denak, aldiz, 1.000 euroko saria jasoko du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide