Sortzea atsegin izan du betitik, "berdin du zer". Sekula ezin izan du geldirik egon. Neska alaia da, gauzak antolatuta edukitzearen zalea, modaren zein bitxigintzaren jarraitzailea eta zinemaren industrian aritua. Paola Moto (Azpeitia, 1994) sortzailea baino gehiago da. Hamar urte daramatza zinemaren industriaren erraietan lanean, ikusten ez diren eginbehar horietako hainbatez arduratzen, eta gaur egun egiteko horretan dihardu. Zehazki, Irusoin enpresako produkzioko lantaldeko kidea da azpeitiarra, eta argi dio: "Ikaragarri gustatzen zait nire lana".
Gaur egun lanpostu duenera iristeko bidea, ordea, ez du erraz-erraza izan, batez ere hastapenetan. Gogoan ditu Batxilergoa amaitu berritan izan zituen presioak eta gatazkatxoak: "Ez dut neure burua ikasle txar gisa hartu inoiz, baina nerabezaroan eta Batxilergoko garaietan ez zitzaidan jasotzen genuen edukia gustatzen; ez zenbakiak, ez letrak. Gainera, eduki guztia selektibitateko azterketara bideratuta zegoen. Nik argi neukan goi mailako ikasketak egin nahi nituela, eta selektibitatea ez egitea erabaki nuen. Gaur da eguna erabaki horretaz damu ez naizena". Orduko presioak ondo gogoan ditu, baina hartutako erabakiarekin pozik dago. "Azterketa handiek bertigoa sortzen zidaten, eta banekien ez nuela tratu txar hartatik pasatzeko beharrik. Nik banekien bestelako ikasketak egin nahi nituela; beraz, zertarako egin gaizki pasaraziko zidan proba hura? Orain, berriz, irakasleek esaten didate pozten direla nahi dudan horretan ari naizelako", dio. Hain zuzen, Andoaingo (Gipuzkoa) Escivi zinema eskolan egin zituen ikasketak Motok. Errealizazioaren eta produkzioaren artean, errealizazioan espezializatzea aukeratu zuen, "edukiz osoagoa" zelako. Ikasketak amaitu bezain pronto hasi zen sektorean lanean; zehazki, produkzioaren arloan.
Zinemaren industrian murgilduta
Produkzio mundua "oso zabala" da, eta horregatik "kostatu" egiten zaio bere lana zertan datzan azaltzea. "Gaur egun ikusten ditugun bi orduko filmen atzean urteetako lana dago, eta produkzio taldea hasieratik amaierara arteko prozesuaz arduratzen da. Beraz, nire egunerokotasunak duen alde ona da egun bakoitza lan egun desberdina dela", azaldu du.
Taldeetan egiten dute lan, eta Motorena produkzioaz arduratzen da. Hain zuzen, hiru kidek eta hark osatzen dute taldea. Azpeitiarraren lanen artean, diru laguntzak, logistikako kontu guztiak –bidaiak, egonaldiak...– zein postprodukzioari lotutako kontuak daude; duela gutxi, adibidez, baita kredituen tituluen zirriborroak edota aktoreen bikoizketak eta ADRak egiteko deialdiak egitea ere. "Gure lanen zerrenda amaigabea da", azaldu du. Hain zuzen, ikusleentzat txikikeriak izan daitezkeen gauzen atzean "ikaragarrizko lana" dagoela nabarmendu du Motok.
Hamar urte daramatza sektorean lanean. Irusoinen hasi aurretik, Txintxua Filmsen aritu zen sei urtez, eta han ere produkzioaz arduratu zen. Urte hauetan guztietan denetik bizi izan du, eta horrek ikasteko aukera eskaini dio. Alde onez eta txarrez galdetuta, onak txarrak baino gehiago direla nabarmendu du: "Gauza positiboak asko dira; izan ere, proiektu bakoitzak jende berria dakar berekin, eta niri jendea ezagutzea eta haietaz jakitea ikaragarri gustatzen zait. Esaterako, ni ez naiz fantasiazko filmen edo istorioen zalea, baina Paul Urkijoren azalpenak entzutea, haren istorioen atzean dauden kontuak entzutea, zoragarria bezain miresgarria da. Beraz, jendearen hausnarketak, ideiak eta bizipenak entzutearekin gelditzen naiz". Lanaren alde txarrez galdetuta, zain egotea eta diru laguntzekiko mendekotasuna aipatu ditu. "Diru laguntza publikoen laguntzaz ateratzen ditugu proiektuak aurrera, eta askotan, eskaera egiten denetik onarpena jaso arte urte erdia igarotzen da. Ezjakintasun hori oso txarra da, egonezina sortzen du, askotan laguntzen onarpena edukitzea ezinbestekoa delako grabatzen hasi ahal izateko", kontatu du. Zinemaren munduan aritzeak eraman du azpeitiarra 2025eko Goya sarietako galara, eta beti oroituko duen momentua izango dela dio: "Marco filmeko lantaldeak gonbidatu joan nintzen galara. Egia esan, oso eskertuta nago, esperientzia zoragarria izan zen". Hain zuzen, Irusoinek esperientzia berriak bizitzeko ez ezik, lantaldean aritzearen garrantziaz ohartzeko aukera eskaini diola nabarmendu du. "Taldean lana egitea ezinbestekoa dela ikasi dut; hainbeste hari mutur lotu behar diren proiektuetan, filmetan edota telesailetan, ezinbestekoa da denok norabide berean lan egitea, eta horretaz jabetzeko aukera eman dit Irusoinek. Oro har, asko ikasteko aukera eskaini dit zinemaren industriak".
Kohpao, sortzen gozatzeko
Lanetik kanpo ere sortzen jarraitzen du Motok, bere kasa; izan ere, duela urtebete inguru belarritakoak egiten hasi zen, hainbeste atsegin duen modarekiko eta diseinuarekiko zaletasunak bultzatuta. Horrela jaio zen Kohpao Studio proiektua. "Ez naiz denbora librea edukitzea atsegin duen pertsona; txikitatik izan naiz bitxizalea, eta beti piztu izan didate arreta. Beraz, neure kabuz horiek sortzen hastea erabaki nuen", azaldu du. Hori bai, diseinuarekiko zaletasuna "etxetik" datorkiola aitortu du: "Nire amonak beti josi izan du, ama ile apaintzailea da, ahizpak moda arloko ikasketak egin zituen... Uste dut horiek guztiak inguruan edukitzeak eragina izan duela nigan". Bitxiak atsegin baditu ere, bereziki ditu gustuko belarritakoak, eta horregatik ekin zion horiek sortzeari. Inspirazio iturriez galdetuta, "dekorazioko elementuetan eta eraikinetan" aurkitzen dituela kontatu du, baita sareko webguneetan ere. Orain, pertsonalizatutako moldeekin hasiko dela ere aurreratu du.
Orain arteko bidean, "harrera oso ona" izan du Kohpaok, eta pozik dago. Horretarako, lagunen eta ingurukoen babesa ezinbestekoa izan du. Artisau azoketan hasi da bidea urratzen, eta denbora asko eskaintzen dion arren, "sortzen gozatu" egiten du azpeitiarrak. Beraz, horrela jarraitu nahi du: "Oraingoz, proiektuari neurria hartu diodala esango nuke, denbora asko eskaintzen diodan arren, gustura nago. Gain hartzen ez didan bitartean horrela jarraituko dut, ahaztu gabe nire lana bestea dela, noski. Hau afizioz egiten dut, eta horretaz gozatzen jarraitzea da xedea".
Motzean
Adina: 31 urte.
Ikasketak: Errealizazio ikasketak Escivi zinema eskolan.
Lanbidea: Irusoin enpresako produkzio taldeko kidea.
Produkzioan ariko ez banintz… arropa denda batean egingo nuke lan.
Lanetik ateratzean gogoko dut… paseatzea eta afaltzeko zerbait berezia prestatzea.