Itziar Olaizola (Azpeitia, 1978) Leitzan (Nafarroan) bizi da egun, eta bertan landu ohi ditu hitzez jositako altxor txikiak. Lanbidez Lehen Hezkuntzako irakaslea da, baina ez da horretara mugatzen bere jarduna, haurrentzako istorio magikoz beteriko ipuinak idazten baititu azpeitiarrak.
Noiz sortu zitzaizun idazteko zaletasuna?
Betidanik gustatu izan zait idaztea. Oroitzen naiz txikitan, boladatan, egunerokoa idazten nuela, edota herritik kanpo bizi zen lehengusuren batekin gutunak trukatzen nituela. Eskola garaian ere, euskarako saioetan idazlanak egitea asko gustatzen zitzaidan.
Betidanik gustatu al zaizkizu ipuinak?
Bai. Garai batean irakurri gehiago egiten nituen, eta gerora, idatzi. Hala ere, idaztea eta irakurtzea elkarrekin doazen bi elementu direla esango nuke. Irakurtzen hasten zarenean ideia berriak sortzen zaizkizu, eta idea horiek idaztera eramaten zaituzte. Niretzat zaila da irakurri gabe idaztea ala idatzi gabe irakurtzea.
Betiko ipuinez gain, bereziki oroitzen naiz eskolan irakurri genuen ipuin batekin. Garai hartan erabiltzen genituen Zipristin liburuetako batean agertzen zen: Lierni izeneko neska bati goizero txori bat etortzen zitzaion etxeko leihora. Horrelako istorioek lilura sortzen zidaten.
Zergatik ipuinak?
Ipuinek irudimenari eragiten diote, emozioei lekua egiteko balio dute, errealitatea ulertzen laguntzen digute, enpatia lantzen, aurreiritziak eraisten, beste errealitate batzuk ekartzen… Azken batean, geure burua eta ingurua ulertzen laguntzen digute. Askotan, ipuinak umeentzat bakarrik direla uste da, baina guztiontzat dira baliagarriak. Ipuinik edo irudimenezko istoriorik gabe, ez dakit nolakoa litzatekeen errealitatea.
Helburu jakinen batekin idazten al duzu?
Nire ipuinak ez dira liburu pedagogikoak, hau da, ez dira zerbait zehatzaren inguruko lanketa egiteko sortutakoak. Irakurleek protagonistaren bizipenekin goza dezaten nahi nuke. Hala ere, nire istorioekin genero estereotipoetan pixka bat eragitea bada helburuetako bat. Esango nuke gozamen hutsez idazten dudala, baina idazten ditudan ipuinekin generoa, bertsozaletasuna eta abar landu daitezkeela.
Idazlan guztiak haurrei zuzendutakoak egiten al dituzu?
Gehiena haurrei zuzendutakoa da, bai. Irakaslea naiz lanbidez, eta haurrekin lan egiten dut. Gertukoa egiten zait haurrentzat idaztea. Gainera, oso esker onekoak dira. Ederra da haurrak istorioetan nola sartzen diren ikustea.
Zure lanbidean irakurzaletasuna bultzatu edo lantzen al duzu?
Bai, noski. Lehen Hezkuntzako ikasleekin aritzen naiz, eta irakurzaletasunarekin lotutako proiektuak egiten ditugu. Esaterako, solasaldi dialogikoak egiten ditugu, edota sormen lanak egiten ditugu, gero egindako lanak beste espazio batzuetan erakusteko. Idazleak eskolara ere eramaten ditugu. Asko gustatzen zaizkie horrelako jarduerak, eta asko ikasten dute, batez ere, beren lana txukun egiten eta egindakoa baloratzen. Hala ere, iruditzen zait horrelako lanak eskolako eremutik kalera ere atera beharko genituzkeela, herriko eragileekin elkarlanean arituz.
Zuri zer gustatzen zaizu irakurtzea?
Azkenaldian bertako autoreen liburuak ari naiz irakurtzen. Duela gutxi Uxue Alberdiren Hetero irakurri dut, eta orain Iñigo Astizen Monogamoak ari naiz irakurtzen. Biak ere askotariko istorioekin osatutako liburuak dira. Bestalde, bi nerabe ditut etxean, eta haiei ikastetxean agintzen dizkietenak ere irakurtzen ditut batzuetan. Aurreko astean, adibidez, Miren Gorrotxategiren Lima irakurri nuen. Eleberriak ere gustatzen zaizkit.
Beste literatura generorik lantzen al duzu?
Momentuz, argitaratzeko behintzat, ipuinak idatzi izan ditut. Gero, neuretzat bestelakoak ere idazten ditut. Behin edo behin, San Fermin mikroipuin lehiaketan parte hartu izan dut, eta asko gustatu zitzaidan esperientzia. Gehienez 204 hitz idatz zitezkeen, hau da, San Fermin jaien ordu kopurua. Askotan istorio luzeak idaztea ez dela erraza uste da, baina hain hitz gutxitan kontatu nahi duzun istorio hori osorik sartzea zailagoa da, hitz kopurua murrizten eta konprimitzen joan behar duzu, baina kontatu nahi duzuna transmitituz.
Idatzi bai, eta kontatu?
Idatzi gehiago, kontatu baino. Kontatzekotan, gehiago ikasleei, edo nire lanbidearen testuinguruan. Hala ere, aurten Liburuak Gozagarri egitasmoan parte hartu dut, eta Nafarroako ikastetxe batzuetara joango naiz bertako ikasleekin egotera. Beraz, han kontatzea ere tokatuko zait.
Eta hizkuntzari dagokionez?
Nik euskaraz lantzen ditut nire lanak. Euskararekin sentitzen naiz identifikatuta, euskaraz bizi naiz, euskara irteten zait barnetik. Beste hizkuntzaren batean idaztekotan, itzulpena izango litzateke, euskaratik abiatuta.
Ipuinetarako pertsonaia bat ere sortu duzu.
Ama izan behar nuenean, Kristiñe izena aukeratu genuen. Gero, ez zen Kristiñerik etorri, ordea, bi seme izan baititut. Beraz, pertsonaia sortu nuenean, argi nuen bere izena Kristiñe izango zela. Gero, ezaugarri hauek izan nituen buruan: bertsozalea, pilotaria, jolastia, ameslaria, ausarta, barne elkarrizketa zuena, pertsona aktiboa, eta bere espazio pertsonalaren bila zebilena. Bestalde, bere lagunen ezaugarrietan ere estereotipoak hausten saiatu nintzen. Kristiñeren bertsolari gustukoenak ere ez dira tipikoak.
Gaur egun gero eta gutxiago irakurtzen dela esaten da.
Uste dut hori dela denok dugun inpresioa, baina topiko bat izan daiteke. Aurrekoan, Larrun hilabetekarian Galtzagorri Elkartean (Haur eta Gazte literatura elkartea) aritzen diren hainbat laguni egindako elkarrizketa irakurri nuen. Ziotenez, haurrek eta gazteek gehiago irakurtzen dute helduek baino. Suposatzen da haurrek eta gazteek ereduei jarraitzen dietela, baina helduok ere sakelako telefonoari lehenago heltzen diogu liburu bati baino; beraz, agian aldaketa guregandik hasi beharko genuke.
Zer ematen dizu idazteak? Eta literaturak?
Bai idazteak eta bai literaturak gozamena ematen didate, egunerokotasunetik irteteko eta bestela ezagutuko edo biziko ez nituzkeen errealitate batzuk ezagutzeko aukera, pertsonaia askorekin identifikatuta sentitzea, enpatia… Azken batean, ongi pasatzeko eta norbera hobeto ezagutzeko bidea dira.