Herri kirolak zainetan

Mailo Oiarzabal 2025ko mai. 25a, 08:30

Jose Mari Aranburu bere etxeko beheko solairuko txokoan, bere zein attitte Keixetaren oroigarriz inguratuta. (Mailo Oiarzabal)

Ofizioz elektrizista, Jose Mari Aranburu nuarbetarrak bizi osoa egin du era batera edo bestera herri kiroletan murgilduta. "Lehengo ilusio hura" zapuztuko zitzaion, baina alferrik esango du Aldagoiti baserrikoak herri kirolak maite ez dituenik. Apirileko aldizkarirako hitz egin du Gukak harekin.

"Izugarrizko afizioa nuen, baina plazan ikusi ditudanak ikusita, gogoak alde egin dit. Lehengo ilusio hura ez, azkenean". Ofizioz elektrizista, Jose Mari Aranburuk (Nuarbe, 1945) bizi osoa egin du era batera edo bestera herri kiroletan murgilduta. "Lehengo ilusio hura" zapuztuko zitzaion, baina alferrik esango du Aldagoiti baserrikoak herri kirolak maite ez dituenik. Haren etxeko beheko solairuko hormak eta apalak argazkiz, agiriz, garaikurrez eta tresnaz beteta daude. Bere ibilbidearekin lotutako lekukotzak ez ezik, attitte Joxe Aranburu Keixeta-ren presentzia nabarmena da bilobaren etxean, baita haren gogoan ere.

"5 urterako hasi nintzen ni aizkora hartu eta mendira joaten, egurra ebakitzera. Aitak ikusten ninduen, eta laineza ematen zidan; ama, berriz, kontrakoa zen. 14 urterekin, Zumarragan, santaisabeletan, Urretxuko baten kontra, bi enbor ebaki nituen. Erraz irabazi nuen, gainera, eta ez nintzen, ez, txikia etorri etxera. Bueno! Garai hartan, attitte zena bi aldiz etorri zitzaidan erakustera. 17 urte neuzkan hura hil zenean". Egurrak jartzeko eskatu zion attittek bietan, aizkoran saioa egiteko eta haren irakaspenak jaso ahal izateko. "Orduan ez zen orain bezala. Orain egur dena kamioietan ekartzen dute, baina orduan basotik ekarri behar izaten genuen. Orain bezala kamioian ekarri izan baligute... Gipuzkoako denak txikituko genituzkeen, genuen afizioarekin", dio Aranburuk, halakoxea baitzen aizkorarako zuen grina. "Jardundako txarrak asko izaten dira, baina jardun gabeko onik, ez", esaten zion attitte Keixetak, eta horrekin bat dator guztiz Aranburu.

Attittek esaten zizkionengatik galdetuta, "ene, makina bat kontu bai", hasi da. Kontu haietako asko gogoan iltzatuta gelditu zitzaizkion bilobari. "Behin, akordatzen naiz nola esan zidan: 'Segitzen badiozu, irtengo duzu, baina hortik dirurik ez duzu egingo, e? Jokoa fin jokatzen baduzu, hortik ez da dirurik egoten. Nik jokatutako denak irabazi ditut, 32 joko jokatu eta denak irabazi ditut, baina dirurik ez dut egin. Nire lagunek, bai, nirekin ibiltzen zirenek dirua egin dute'". Esanak ez ezik, haren aitzindaritza ere aipagarria iruditzen zaio Aranbururi. Bereziki, Keixetak garai hartako herri kirolarien ohiko dieta alboratu eta oso bestelako hautua egitearekin asmatu zuela azpimarratu du bilobak: "Jokoa lotzen ziotenean, lanean ari zen basoa utzi eta azkenengo hamabost egunak etxean pasatzen omen zituen. Eta etxera etortzen zenean, jakinekoa, txuleta eta haragia jateko. Eta esaten omen zien: 'Ez, ez, niri ez ekarri horrenbeste txuleta eta zera. Basoko janarekin askoz ere marka hobeak egiten ditut'. Horretan asko asmatu zuela iruditzen zait".

Attitteren esanak zenbaterainoko egia ziren ezagutzeko aukera izango zuen gerora Nuarbekoak, jokoari eta apustuei lotuta. Aizkoran ibili zen urteetan izan zituen Aranburuk apustu pare bat jokatzeko eskaintzak, baina ez zen iritsi jokorik egitera: galtzera irteteko eskaini zioten, eta aurrera ez egitea erabaki zuen. 18 urterekin izan zuen lehen desengainua: "Bi gizon etorri zitzaizkidan etxera. Nirekin apustua egin nahi zutela esan zidaten, zeinen kontra izango zen ere esanda. 'Baina apustu hori galdu egin behar duzu', esan zidaten. 'Zer?', erantzun nien. Eta haiek, baietz: 'Apustu hori hari irabazita, dirurik ez dago. Galdu egin behar duzu'. Nirekin ez kontatzeko esan nien, jakinaren gainean apustua galtzera ez nintzela joango ni plazara. 'Nire aittittek 32 jokatu eta 32 irabazi, eta ni aurreneko jokoa galtzera plazara? Ez, ez, horretarako ez noa ni plazara', esan nien". Horrela "moztu" zien ahalegina Aranburu gazteak apustu tranpatia proposatzera joandakoei. Soldaduskatik itzuli zenean gertatu zitzaion berriro antzeko zerbait. Arruizko Txikiarekin apustua jokatzea proposatu zioten, baita "dirua ondo agindu" ere, "baina haiek ere gauza bera": galtzera irtetea, alegia.

Nuarbetik mundura

Apusturik jokatu gabe, baina erakustaldi "mordoa" eginez, aizkoran jarraitu zuen Aranburuk 30 urte ingurura arte. Sokatiran hasi zen arte, gutxi gorabehera. Nuarberen izena Euskal Herrian zein atzerrian barreiatuko zuen sokatira talde indartsuan aritu gabeko mutil eta gizon nuarbetar gutxi izan ziren garai hartan. Taldearen sorreran eta urte askoan, hain ibili zen Aranburu ere.

Aranburu, eskubian, aizkora erakustaldi batean, kideekin. (Utzitakoa)

108 kilo pisatzen zituen sokatiran hasi zenean. "Zenbat eta gizon handiagoak, sokari gehiago tiratuko geniola uste genuen hasieran, baina oker geunden", dio. Maila gorenean lehiatzen hasi zirenean konturatu ziren "jende iharra" zela sokatiran aritzen zena; eta atzerrira irteten hasi zirenean, zer esanik ez, "zimeldutako jendea" nonahi. Ibilian ikasiak ondo baliatu zituzten, ordea, Nuarbekoek, baita prestaketa fisikoari lotutakoak ere: 42 urterekin laga zion tiratzeari Aranburuk, hasierako 108 kiloetatik 79ra jaitsita.

Sokatiran goi mailan ibiltzeko une "gogorrak" pasatu behar izaten zituztela dio, pisuari begira beti, baina baita "oso gustura" ibili zirela ere.

Bizi erdia epaile

Gaztetan aizkolari, gero sokatiralari ere bai, baina urte gehien epaile gisa bete ditu Aranburuk. Ia 40 urtez aritu zen nuarbetarra eginkizun horretan, duela pare bat urte hortik ere erretiroa hartu arte.

Jesus Mari Unanue Goenatxo I.a harri jasotzaileari hil ondoren Azpeitian eskainitako omenaldian aritu zen Nuarbekoa estreinakoz epaile. "Epaileak falta zituztela eta, lan horretan arituko al nintzatekeen galdezka etorri zitzaidan Gipuzkoako federazioaren presidentea. Eta horrelaxe hasi nintzen", kontatu du. Zegokion lizentzia aterata, harrezkero lau hamarkadatan eta ia etenik gabe ibili zen Aranburu plazaz plaza Euskal Herri osoan. "Ez dut esango joko denetan izan naizenik, baina gehienetan han izan naiz", dio. Txapelketetan zein apustuetan, aizkora, harri jasotze nahiz beste hainbat herri kirol jardueratan epaile aritutakoa da Aldagoitikoa; eta gehienetan Azkoitiko Kortarekin bikotea osatuta. Sokatiran ere bai, baina oso gutxitan: "Ez nuen nahi izaten sokatiran epaile aritzea, urduri jartzen nintzen eta".

Aizkoran gozatu du Aranburuk gehien, baita epaile ere. "Aizkoran, batik bat, epaileak ofiziokoa izandakoa behar du izan", nuarbetarraren aburuz. "Ez dut esaten nik ez nuenik hutsik egingo, baina... Epaileak joan behar izaten zuen jokoaren bezperan egurra ipintzeko. Jokora zertara doazen arabera, batzuek egur oso txarrak ekartzen dituzte, beste batzuek onak. Neuk askotan bota izan ditut atzera jokora aurkeztutako egurrak, gutxieneko baldintzarik ez zutelako betetzen. Izan ere, apustuak ixten direnean, agirian jasota gelditzen da egurrak nolakoa behar duen izan", azaldu du Aranburuk epaile lanaren betekizunetako bat. Egurrari igartzeko izan behar du epaileak, besteak beste, aizkoraren munduan ibilitakoa, eta hori galtzen ari dela iruditzen zaio epaile ohiari. "Gaurko gazte askok egurrari ez diote igartzen pagoa den, haltza den...".

Epaile lanaren alderik zailena argi dauka Nuarbekoak: "Jokoan dirua egoten da tartean, eta horrek ardura handia eransten dizu. Batere intentziorik gabe akats bat egiten baduzu, jendea gainera etortzen zaizu. Dirua jokatzen duenak presioa izaten du". Tentsio une bat baino gehiago bizitzea tokatu izan zaiola aitortu du, adibide eta guzti: "Azkeneko altxaldia baliogabe uztea tokatu zitzaidan, baita kaltetuak eskandalu galanta montatu ere. 'Hots egingo dizut nik hori ikustera, grabatuta dago eta', esan zidan. 'Nahi duzunean hots egin', erantzun nion. Ez zidan hots egin. Gero ikusi izango zuen ez zebilela ondo".

Epaile gisa parte hartu duen joko bat aukeratzekotan, berriz, Arria II.ak eta Mendizabalek hogei kanaerdikotara Tolosan jokatutako apustua aukeratu du Aranburuk. "Hura bai izan zela fina", bota du, "biak irabaztera" joan eta "marka oso ona" egin zutela gaineratuta. "Kolpe bakarragatik irabazi zion Arriari Mendizabalek, eta ni nintzen Arriaren epaile. Behin baino gehiagotan esan izan dit hark: 'Txistua jo egin behar hidan hik han, hankarekin jota ere partituko nian eta!'", kontatu du Aranburuk, irribarrez.

Izan ere, berari gaztetan egindako eskaintzen ildokoak epaitzea ere "mordoa" tokatu zitzaion; nahita galtzera irtendakoak eta, alegia. "Antzeman? Bai horixe. Baina ez daukazu ezer egiterik, ez daukazu frogatzerik. 'Zu, ebaki ala utzi' esan ere egin nion behin bati. 'Nik horrelaxe ebakitzen dut', erantzun zidan. Hari zer esan behar diozu?".

2002ko Nuarbetarren Egunean ere aizkoran, plazan. (Utzitakoa)

Mendian gora

80 urte betetzear, sasoi onari eusten dio Aranburuk. Besaulkian eserita ez du denbora asko egiten. Alderantziz, asko ibiltzen da. Astegunetan, "baratzean pixka bat egin" ondoren, Ibai Eder urtegira igotzen da ostera bat egitera, "egunero egiten dut buelta". Baina gehien-gehiena "mendian ibiltzea" gustatzen zaio, "izugarri", eta igande goizak baliatzen ditu normalean horretarako. "Hiru-lau bat orduko buelta" egin ohi du igandero samar. "Matxinbentan kotxea laga, eta handik kaminoz, Mandubitik Kizkitzara. Kizkitzatik askotan jaisten naiz Itsasora; eta Itsasotik, Ezkiotik buelta", kontatu du igandetan ohiko irteeretakoa izan ohi duena.

52 urtez jarraian joan izan da Aranburu Nuarbetik Arantzazura (Gipuzkoa) mendiz mendi oinez; iaz, gainera, bi aldiz egin zuen ibilaldi hori. Bere sasoiko askori entzuten die belauneko minaz hizketan, baina berak "zorte handia" du alde horretatik: belauneko minik "inoiz ez" duela izan dio, "eta gainera, esango nuke aldapa behera errazago ibiltzen naizela".

Herri kirolak ere ez ditu erabat alboratu. Inguruan jokoren bat edo txapelketaren bat denean "gustura" joaten da. "Izaten da ba, lagun zaharrekin hitz egin eta... Denekin ez dut hitz egiten, baina", bota du, bizi eta barrez, hankak ez ezik burua ere sasoiko duela argi utzita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide