Zeinek esango luke Elosiagan...

Nerea Uranga 2025ko mai. 17a, 11:14

Jose Agustin Huizi. (Nerea Uranga)

Elosiagako Kanpaskoa baserrian jaiotakoa da Jose Agustin Huizi, baina Okzitaniako Landetan egin du bizimoduaren zatirik handiena. Sindikalgintzan CGTn eta politikan alderdi komunistarekin jardundakoa da. Bera kide den Okzitaniako Music'O Choeur abesbatzak kontzertua eskainiko du bihar, maiatzak 18, Elosiagako baselizan. Maiatzeko Azpeitia Guka aldizkariko erreportajea da honako hau.

Elosiagako Kanpaskoako bere familiaren eta bere historia kontatzen hasiko balitz, 500 orrialdeko liburu potoloa idatziko lukeela dio Jose Agustin Huizik (Azpeitia, 1952). Bere bizitzako gertaera eta pasarteekin ere hamaika kapitulu osatuko lituzke, bizitza mugitua izan duelako eta bera ere ez delako geldirik egotekoa. Hala, bihar, maiatzaren 18an kide den Music'O Choeur abesbatzarekin itzuliko da jaioterrira. Izan ere, egun horretan Elosiagako Santa Luzia baselizan kontzertua eskainiko du Okzitaniako ahots multzo mistoak; kantu frantsesak eta gospela entzun ahal izango dira. 

Huizik bere bizitzaren kontakizunaren lehen orrialdeak Elosiagan eta Bilbon kokatuko lituzke. "Aita [Jose Joaquin Huizi] Donostialdekoa genuen, eta ama [Pakita Aramendi] Elosiagako Garagartzatxo baserrikoa. 36ko gerra bukatu zenean, ezkondu eta Bilbora joan ziren bizitzera. Aita errepublikarra eta komunista zen. Bilbon lantegi batean jardun zuen lanean, eta bi anaia zaharrenak han jaio ziren", kontatu du Huizik. Handik, ordea, Elosiagako Kanpaskoa baserrira itzuli ziren, amaren ahizpa hara ezkonduta zegoelako, "tio Patxirekin". Kanpaskoan bizi ziren artean jaio zen Jose Agustin, baina ez ziren bertan denbora askoan bizi izan; huizitarren patuak beste bide bat hartu zuen.


Elosiagako Kanpaskoa baserrian Pakita Aramendi (Jose Agustin Huiziren ama), Francisco Urrestilla (Kanpasko Patxi), Josefa Aramendi eta Jose Joakin Huizi (Jose Agustinen aita).

Jose Agustinen-eta aita auzipetu egin zuten estraperloan aritzea leporatuta, baina epaiketa garaian ihes egitea lortu zuen mugaz bestaldera. "Ordurako Zarauzko baserri batean bizi ginen, eta inguru haietan bazen estraperloan ibiltzen zen jendea. Epaiketaren egunean Donostiako auzitegi batetik ihes egitea lortu zuen gure aitak, Larrañaga abizeneko lagun batekin; antza, aurrez dena antolatuta zuten". 

Aita ihesean joandakoan lau urte besterik ez zituen Huizik, baina xehetasun askorekin azaltzen du aitarekin elkartzeko amarekin egindako bidaia. 1956ko uztailaren 6a zen. "Taxian Kanpaskotik abiatu ginen ama eta lau ume. Denak negarrez ziren gu agurtzeko garaian, eta hala esan nien: 'Ez egin negarrik, berriz etorriko naiz astoekin eta'. Zugarramurdiko [Nafarroa] baserri batera joan ginen gaua pasatzera. Hurrengo goizean Sarara [Lapurdi] joan ginen; mugaz bestaldean geunden han, paperik gabe, baina salbu. Izugarrizko harrera egin ziguten Sarako alkateak eta herritarrek, baina handik berehala Landetako Lesperon [Okzitania, Frantzia] herrira joan ginen aitarekin elkartzera. Herri txikia izan arren, Euskal Herritik poltikagatik, estraperloagatik eta abar ihes egindako asko bizi ziren han garai hartan".

Itzulerako lehen saiakera

Huizitarrak Azpeitira itzultzen saiatu ziren 1959an, baina ez zuten lortu aduana pasatzea. "Pasaporteak lortu genituenean, aita eta hiru seme Kanpaskora joateko asmoz abiatu ginen doscaballos batean, Mitxelena oiartzuarra gidari zela. Behobian [Irun, Gipuzkoa] aduanan geldiarazi gintuzten, eta mugako poliziek beraiekin eraman zuten aita; gu, berriz, haren zain gelditu ginen autoan. Halako batean, Mitxelenak aitagatik galdetuta, atxilotuta zutela esan zioten, hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua zutelako. Poliziek ezikusiarena eginda libre utzi zuten aita, baina muga pasatzen ez ziguten utzi. Ondorioz, taxia hartu eta Lesperonera itzuli behar izan genuen guk, eta Mitxelena bere etxera joan zen".


Huizi-Aramendi senar-emazteak eta haien zazpi seme-alabak: ezkerretik hasita, Julian, Pakita (ama), Xabier, Jose Joakin (aita), Mikel, Antontxo, Jose Agustin, Miren Nekane eta Arantxa.

Gerora, Azpeitira etortzea lortu zutenean, udako oporrak Kanpaskoan igarotzen zituzten, eta oraindik, urtean behin behintzat, Azpeitira bisita egiten dute. "Kanpaskoa baserria saldu zuten, baina hango familiarekin harremana dugu. Festetan etortzen gara, zezenzaleak gara eta. Azpeitiko mendiak ere asko ezagutzen ditugu".

Jaioterriarekiko maitasuna erraietan du Huizik, baita ama hizkuntza ere. "Euskara etxeko hizkuntza izan dugu eta euskara mantendu dugu. Gaztelania irratia entzunez ikasi nuen: Francoren garaian, etxean gauero La Pirenaica irratia entzuten genuen". Eguneroko bizitza, berriz, frantsesez egiten du.

1970 hamarkadaren hasieran, Jose Joakin Huizi (Jose Agustinen aita; zutik ezkerretik hasita laugarrena) eta Mikel Huizi (zutik, eskuinetik aurrena) Azpeitiko lagunekin.

Frantziako euskaldun komunista

Harro dago azpeitiarra izateaz Huizi: "Nire aberastasuna da. Munduan zehar asko ibili naiz, eta Azpeitia bezalakorik ez dago inon". Erretiroa hartu arte, egur tailer bateko langilea izan zen Huizi. Bitartean, "lan asko" egin zituen politikan eta sindikalgintzan, bai CGT Lanaren Konfederazio Orokorra Frantziako sindikatuan eta bai Frantziako alderdi komunistan. Landetako CGTko ordezkaria izandakoa da, eta sindikatu horren ordezkari gisa nazioartean hainbat jardunalditan parte hartutakoa. Alderdi komunistarekin Landetako diputaziorako hiruzpalau kanpainatan parte hartu du, eta azkena, bere burua aurkeztu zuen udal bozetara bere herrian. "Eskuin muturrari aurre egiteko botoa eskatu nuen", dio.


Jose Agustin Huizi, Parisen manifestazio batean.

Marcial Ucin enpresak Tarnosen [Landak] lantegia ireki zuenean, CGTko ordezkari gisa parte hartu zueneko bilerak ere gogoratu ditu. "Herri industrializatua izan da Tarnose, langilea; gaur egun ere, komunistak daude agintean. Marcial Ucin han inbertitzekoa zela jakin genuenean, Azpeitiko lantegiko langile ordezkariekin biltzea erabaki genuen. Hala, CGTkoak ELA sindikatuko ordezkariekin bildu ginen Donostian. Oso bilera hotza izan zen hura".

Tarnosen Ucinek lantegia martxan jarri eta urtebetera, greba deitu zuten hango langileek. "Fabrika ixtea lortu zuten langileek, baina Azpeitiko lantegiko hainbat behargin autobusean joan ziren Tarnosera lanera. Harremanak zailak izan ziren...", kontatu du Huizik.

CGT sindikatuarekin "nolabait lotuta" segitzen du, baina duela hiru urte bere bizitzako beste kapitulu bat hasi zuen Huizik. Izan ere, bestelako borroka bati heldu behar izan zion, emazteari minbizia atzeman ziotelako. "Hiru urtez minbiziaren kontra borrokatu ostean, iazko urtarrilaren 13an hil zen emaztea. Muturreko ederra hartuta gelditu nintzen ni, 60 kilotik behera nituela eta ahotsa galduta", esan du penatan Huizik.

Patua zer den, baina. Ahotsik gabe zegoela, Audrey Droniourekin egin zuen topo Huizik. Hark abesbatza bat sortu berri zutela kontatu zion, baita haiekin kantatzera animatzeko eta ahotsa berreskuratzen lagunduko ziola esan ere. "Ahotsa lantzeko ikastaroak egin, eta hilabetera abesteko lain jarri nintzen".

Efemeridea aitzakia

Music'O Choeur da Huizi kide den abesbatza, maiatzaren 18an Elosiagako Santa Luzia baselizan kantatuko duen bera. "Aurtengo maiatzean 490 urte beteko dira Loiolako Inaziok sermoia egin zuela Elosiagako baselizan, eta zeinen aitzakia ona bertan kontzertua egiteko! Azpeitiarra naiz, zoroa".

Maitasuna, bakea eta arrazakeriaren aurkako borroka gai dituzten kantuak abestuko dituzte Elosiagan, frantsesez, ingelesez eta "afrikarrez", baina baita euskaraz ere. Huizik berak egin du kantu bat gospel doinuan. "Kantu hori behin bakarrik abestuko dut, eta hori Elosiagan izango da. Gustatuko litzaidake kontzertura doazen herritarrek ere kantuan laguntzea".

Zeinek esango luke Okzitaniako abesbatza batek Elosiagan kontzertua eskainiko lukeela... "Ni Elosiagan jaiotakoa naizelako, bestela ez ginateke etorriko...", dio pozik Huizik. Libururik ez du idatzita oraingoz, baina bai bere bizitzaren arrastoak jasotzen dituen kantu bat, bere sorlekuan abestuko duena.

Music'O Choeur abesbatza; Jose Agustin Huizi, azken lerroan eskuinetik hirugarrena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide