Arnasguneen gaineko nazioarteko konferentzia egingo dute urrian Azpeitian

Mailo Oiarzabal 2025ko mai. 19a, 10:20

Soreasu antzokia.

UEMAk, Soziolinguistika Klusterrak, UEUk eta Coppieters fundazioak sustatuta egingo dute Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean topaketa, urriaren 16an eta 17an, Soreasu antzokian. Parte hartu nahi dutenentzako izen ematea ireki dute dagoeneko.

Arnasguneek hizkuntzen biziberritzean duten garrantzia hizpide izango dute Azpeitian nazioarteko adituek datorren udazkenean. Izan ere, Soreasu antzokian egingo dute Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean izeneko nazioarteko konferentzia, urriaren 16an eta 17an.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA), Soziolinguistika Klusterra, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) eta Coppieters fundazioa dira egitasmoaren sustatzaile nagusiak. Bi helburu nagusi ezarri dituzte Azpeitian egingo duten bi eguneko topaketaren antolatzaileek: hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan arnasguneek duten garrantzia aztertzea eta gogoeta piztea, batetik; eta hizkuntza gutxituen egoera soziolinguistikoa sendotzeko proposamen zehatzak eta neurriak partekatzea eta zabaltzea, bestetik.

Xede horrekin egingo dituzte beren ekarpenak, Euskal Herriko adituek ez ezik, Eskozia, Gales, Kanada, Katalunia eta Hego Tirolekoek. "Hizlari esanguratsuek" aurkezpenak, eztabaidak eta mahai inguruak egingo dituzte bi egunetan Soreasun, "arnasguneen inguruko ikuspegiak eta esperientziak elkarbanatuz". Gaiari "ikuspegi askotatik helduko" diotela azaldu dute konferentziaren sustatzaileek; horrela, besteak beste, dinamika soziolinguistikoa, demografia, hizkuntza politika, garapen sozioekonomikoa, kulturgintza, lege babesa eta hiztunen ahalduntzea aztertuko dituzte.

Azpeitia aukeratu dute arnasguneen gaineko jardunaldiok egiteko, "euskararen erabileragatik eta hizkuntzaren indar sozialagatik", Azpeitia bera euskararen arnasguneetako bat delako.

Izen ematea, zabalik

Antolatzaileen esanetan, Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean nazioarteko bilkurak "aukera bikaina eskainiko du hizkuntza komunitate desberdinetako errealitateak eta esperientziak gertutik ezagutzeko, hizkuntza gutxituen etorkizunari begira ekarpen praktikoak eginez".

Urriko hitzorduan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, UEUren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide