Josu Iztueta: "Dokumentalean paisaiek baino garrantzi handiagoa dute bidaiak utzitako sentipenek eta bizipenek"

Maialen Etxaniz 2025ko mai. 21a, 09:00

2023ko Joxe Takolo beka jaso zuen Isiltasunetik dokumentala eskainiko dute gaur Soreasu antzokian (19:00), Lagun Onak MBk antolatutako Mendi Astearen barruan. Josu Iztueta bidaiari eta abentura zalea da ikus-entzunezkoaren sustatzaileetako bat. Marokon zehar egindako bidaian sortutako dokumentala da gaur eskainiko dutena eta Itziar Agirrebarrena eta Enrike Zeberio dira protagonistak. Proiektuaren inguruko zenbait zertzelada aurreratu ditu Iztuetak. 

Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako Mendi Astearen barruan, Isiltasunetik dokumentala eskainiko dute gaur Soreasu antzokian (19:00). 2023ko Joxe Takolo beka jaso zuen proiektuak, eta, orain, herritarrek emaitza ikusteko aukera izango dute  pantaila handian. Dokumentalaren protagonistak Itziar Agirrebarrena eta Enrike Zeberio, jaiotzez gorrak diren bi kide, eta haiek Josu Iztuetarekin eta haren taldearekin Marokora egindako bidaian bizitakoak kontatzen zein erakusten ditu ikus-entzunezkoak, testuz nahiz irudiz.

2023an jaso zenuten Joxe Takolo beka Isiltasunetik munduari begira proiektuagatik. Zer kontatzen du dokumentalak?

Dokumentaleko protagonistak Itziar Agirrebarrena eta Enrike Zeberio dira, eta haiekin egindako bidaia kontatzen da dokumentalean. Itziar nahiz Enrike gorrak dira jaiotzez. Duela zenbait hamarkada, haiek haurrak zirela, beraien soinketako irakaslea izan nintzen, eta ordutik ezagutzen ditut. Zerbait berezia egin nahi nuen haiekin, eta zer hobeto bidaia bat baino. Hortik abiatu zen proiektua.

Zergatik ikus-entzunezkoa egitearen idea eta zergatik Maroko?

Dokumentalean erakutsi nahi dugu badaudela gureak ez diren bestelako errealitate batzuk. Hau da, badaudela egoera desberdinean dauden pertsonak, guretzako hain ohikoak diren zentzumenak edo gaitasunak ez dituztenak. Haien lekuan jartzea eta haiei ikusgarritasuna ematea zen helburuetako bat, hau da, entzuleak gorren lekuan jartzea eta haiek sentitzen dutena sentiaraztea, nolabait. Izan ere, gorrak guk esandakoa ulertu ezin duten bezala sentitzen gara gu interprete baten beharra daukagunean.

Maroko gertu dago, nolabait, eta oso helmuga turistiko ezaguna da inguru hauetako bidaiarientzat. Jende asko ibili da hango mendietan eta hirietan, eta leku aproposa iruditzen zitzaigun esperientzia bizitzeko. Gainera, kontraste handiko lekuak ditu. Momentu batez basamortuaren erdian zaude, isil eta bare, eta denbora gutxira Marrakexeko hirigunean, askotariko soinuen artean.

Zer nolako arrastoa utzi du esperientzi honek zuengan?

Ederra izan da, baina zaila ere bai aldi berean. Komunikazioa ez da erraza izan, interpreteen lana ezinbestekoa izan da, eta dokumentalaren postprodukzioa uste baino gehiago zaildu zitzaigun. Esan daiteke, errazena ideia bera pentsatzea izan zela. Dena den, oso pozik gaude emaitzarekin eta bidaian bizitakoarekin. Saiatu gara unerik ederrenak bideoan biltzen. 

Zuen herrian, Tolosan, estreinatu zenuten dokumentala. Nolako harrera izan du?

Oraingoz ez dugu apenas emanaldirik eskaini, baina aurreneko proiekzioa gure eskualdean, Tolosan, eskaini genuen eta berezia izan zen. Azpeitiko Soreasu handia bada, Tolosako Leidor are handiagoa, eta jende ezagun asko bertaratu zen emanaldira: lagunak, senideak, hainbat txokotako mendizaleak… Polita izan zen. Izan ere, proiekzioa ez ezik, solasaldia ere egon zen, eta potagonistek haien bizipenak kontatzeko parada izan zuten, interpreteen bidez; horrek are bereziago egin zuen hitzordua. Gu gustura gaude emaitzarekin. Azpeitikoa izango da hurrengo geltokia, eta aurreragorako beste emanaldi batzuk ditugu programatuta. Dena den, emanaldi bira moduko bat egin nahiko genuke, jasotako istorioa ahal beste zabal dadin. Ikusteko dago, era berean, plataformetara zabalduko dugun. Pixkanaka ari gara, eta, oraingoz, pozik gaude Urola aldera gatozelako, beti baita pozgarria ondoko bailarara bertaratzea.

Zer topatuko dute gaur Soreasura joaten direnek?

Mendi Astearen barruan antolatu dute emanaldia Lagun Onak mendi bazkunako lagunek, baina gure dokumentalean protagonistak ez dira mendiak. Izan ere, Joxe Takolo Bekan ere dena ez da goi-mendizaletasuna. Isiltasunetik  dokumentalean paisaiek baino garrantzi handiagoa dute bidaiak utzitako sentipenek eta bizipenek. Noski, Marokoko irudi zoragarriak ere ikusiko ditugu, baina ez goi mendietakoen parekoak. Dena den, dokumental hunkigarria da, besteen azalean jartzeko parada eskaintzen duena. Nahi duen oro gonbidatuta dago gure proiektuak utzi zituen abenturak ezagutzera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide