Maiatzaren amaiera da, eta sare sozialek oroitzapenez betetzen dizkidate sakelako telefonoaren jakinarazpenak. "Duela X urte..." dioten argazkietan ikusten naiz, eta aste hauetan kolore beltza eta gorria dira nagusi. Urteak dira festa batzordean egon nintzela, eta nostalgia ez baduzu atsegin, utziozu lerrook irakurtzeari. Izan ere, garai ederrak izan zirela sentitu izan dut beti.
Helburu komun bat genuen gazte talde bat besterik ez ginen, eta kanpotik, soilik festaren aldarria egitea ere uler zitekeen orduan, baina hori baino gehiago izan zela sinetsita iritsi naiz 2025era ere. Umeen Egunak zorakeria bat zirudien, eta horretarako Pirritx, Porrotx eta Marimototsez janzteak kultur apropiazioa. Karpa bat muntatzea bideak ixtea bezala irakur zitekeen, eta txosna bat jartzea tabernekiko lehiakortasun desegokitzat hartu. Hala ere, ez zen erraza erabaki haietako bakoitza hartzea.
Gogoratzen dut kontu horiek guztiak hilabeteak lehenago egoten zirela mahai gainean eta meloi asko ireki izan zirela urtetik urtera, baita beste batzuk dastatu eta ireki gabe utzi ere. Eztabaida haiei esker uztartu ziren sevillanak eta trikitia kartel berean, DJek girotu zituzten hego haize gauak, haurrak bihurtu ziren protagonista egun batez, mantendu zen eta zuen balioa ematen jarraitu zitzaion areto dantzen emanaldiari, euskara hutsean egin ziren banketxe batek eskaintzen zituen eskuorriak edo Gozategi ekarri zen Goseren ordez modernoegiak izango ginelakoan (nire bataila galdua eta oraindik gordetzen dudan arantzatxoa, esaterako). Erabakien zerrenda amaigabea eta askotarikoa izan daiteke, izan ere, halaxe zen taldea eta halaxe uste dut dela auzoa. Lagunkoia eta anitza, mantangorrien orbanen itxuraren moduan.
"Erabakien zerrenda amaigabea eta askotarikoa izan daiteke, izan ere, halaxe zen taldea eta halaxe uste dut dela auzoa"
Gogoan dut behin irakurri nuela mantangorria izaki harrapakaria zela, baina biodibertsitatea zaintzeko baliagarria, horri esker oreka mantentzen laguntzen duelako. Irribarretxo bat atera zitzaidan hori irakurtzean, urtero, garaiotan, horietako animaliatxo bat esku ahurrera gerturatzen zaidan aldiro pizten zaidan moduan. Askok esan izan didatenaren kontrara, ez dut uste dibertsitate hori guk asmatu genuenik. Urte osoko dinamika bat asteburu bateko postal bihurtzearen aukerarekin amestu genuen, agian. Hori da eta el barrio: sinergia desberdinak elkartzeko gai den espazioa eta, osotasun bat sortzeko, bakoitzak beretik ipintzeko beharra sentitzen duen lekua. Mantangorriren orbanen antzera.
Aitortuko dizuet aspaldian galdu samar daukadala auzoarekin harreman zuzena. Eguneko zentrora joan ohi naiz, ordea, musika saioak egitera, eta bertako egoiliar batek ematen dit hango berri: Baigera II irekitzekotan direla, tabernaren bat eskualdatu dela, obrak egiten ari direla espaloi batzuetan, autotxokeak iritsi direla... Auzoko kontuak ditu eguneroko kontu, eta horiek zehazten dute bere egunerokotasuna. Sanjuandegi beti izan den moduan. Ekaineko lehen asteburuan islatzen direnek jarrai dezatela izaten egunerokoaren elikagai.
Ongi etorri Mantangorri beste urte batez, eta ondo pasatu Sanjuandegiko festak! Eskerrik asko ilusioari eusten diozuen auzotarrei eta XJ Auzolanean taldeari!