Elikaduraren bueltako proposamenak egin dizkiete Agenda 2030 programako ikasleek udal ordezkariei

Maialen Etxaniz 2025ko mai. 23a, 08:30

Agenda 2030 programan parte hartu duten ikasleak eta udal ordezkariak, atzo. (Azpeitiko Udala)

Ikasturtean zehar egindako diagnosian oinarrituta datorren urteko ekintza planerako proposamenak egin dizkiete udaleko eta Ekoetxeko ordezkariei. Elikadurari eta osasunari lotutako gaiak landu dituzte ikasturtean zehar. 

Beste urte batez Eskolako Agenda 2030 programaren barruan landu dutena azaltzeko bisita egin dute Azpeitiko lau ikastetxeetako ikasleek udaletxera. Atzo, ostegunez, egin zuten aurkezpena. Aurtengo ikasturtean zehar egindako diagnosian oinarrituta datorren urteko ekintza planerako proposamenak egin dizkiete udaleko eta Ekoetxeko ordezkariei. 

Azken hilabeteotan elikaduraren eta osasunaren bueltan aritu dira lanean herriko ikastetxeetako ikasleak, eta hainbat gai aztertu dituzte diagnosia egiteko: hamaiketakoaren azterketa, bertako eta kanpoko jatekoa, etiketen azterketa, janari soberakinen etxean egiten den kudeaketa, jangelan eta ostalaritzan egiten den soberakin-kudeaketa, baserritarren oraina eta etorkizuna nahiz elikaduraren aztarna ekologikoa, ekoizpen, prozesamendu eta garraiatze faseetan.

Aurtengo ikasturtean egindako diagnosian oinarrituta, datorren urtean Azpeitiko Udalak egingo duen ekintza planerako proposamenak aurkeztu dituzte ikasleen ordezkariek. Joanes Amenabar eta Mikel Odriozola zinegotziek, udaleko ingurumen teknikariak eta Ekoetxeko ordezkariek entzun dituzte ikasleen azalpenak.

2003-2004 ikasturtetik dago martxan Eskolako Agenda 2030 proiektua herriko ikastetxeetan. Urtero gai zehatz baten inguruko diagnosia egiten dute ikastetxeetan, eta, ondoren, ateratako ondorioetan oinarritutako proposamenak egiten dizkiete udal ordezkariei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide