Azokatik sukalderako bidea egitea izaten da ohikoena, baina, sukaldaritza jendea azokara erakartzeko amua izan daitekeela sinistuta, Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak Azokatik mahaira sukaldaritza saioak sortu ditu herrialdeko hainbat udalekin batera. Maiatzaren 16an egin zuten lehenengo saioa, Legazpiko azokan, eta Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak herritarrei erakutsi zieten bertako produktuekin plater bat kozinatzen. Saioa amaitutakoan, egindakoa dastatzeko aukera izan zen.
Federazioaren asmoa da halako saio gehiago egitea Gipuzkoako Azoken Sareko kide diren azoketan. Izan ere, tailerron helburua da "kontsumitzaile berriak erakartzea", bertako eta garaiko produktuak kontsumitzera bultzatzea eta ahalik eta gutxiena xahutzea. "Ikusten genuen beharrezkoa zela azoka hauetara kontsumitzaile berriak erakartzea", esan du Olatz Lacomba Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko teknikariak. "Badago korronte bat bertakoa kontsumitzearen alde dagoena, eta zer hoberik gazteak erakartzea baino".
Lacombari iruditzen zaio "ezjakintasuna" izan daitekeela herritarrek bertako produktuak ez kontsumitzeko arrazoietako bat. "Adibidez, azokan betidanik egon da borraja, baina gazteok badakigu nola prestatu? Agian, ezjakintasun horrek beldur puntu bat sortzen digu, eta horregatik ez dugu erosten", dio. Uste du sukaldaritza tailerrak ezezagutza "uxatzeko" bide izan daitezkeela.
Azokan erostea, gainera, ez da soilik kontsumitzailearen mesederako. Urkomeko teknikariak esan du hautu horrek herriko ekonomiari laguntzen diola, eta, aldi berean, balioa ematen diola baserritarrek ingurumena zaintzeko egiten duten lanari. Azokek askotariko onurak ekartzen dituztela dio Lacombak.
Osasuna non hasten den
Aitziber Aizpuru nutrizionistak azaldu duenez, osasuntsu jateko zenbait irizpide ematen dituzte tailerretan. "Herritarrei erakutsi nahi diegu egunerokoan nola jan osasuntsu eta erraz, betiere zero kilometroko osagaiak erabilita. Inguruko baserritarrak eta merkatuak babestu nahiko genituzke". Saioetan, nutrizioari lotutako aholkuak emango ditu Aizpuruk, eta, bien bitartean, Anne Otegik plater bat prestatuko du. Sasoiko osagaiekin egingo dute lan, "otarreak nola bete" daitezkeen ikusarazteko.
Aizpuruk dio azokaren eta sukaldearen arteko joan-etorria, etikoa ez ezik, osasuntsua ere badela. "Azokan eta sukaldean hasten da osasuna". Izan ere, jakinarazi du bertako produktuak beti direla elikagarriagoak. "Atzo baratzean zeuden porruak platerean dituzu gaur. Helduta jaso dira, eta nutrientez beteta daude; ezin ditugu alderatu kanpotik ekartzen dizkiguten produktuekin". Nutrizionistak adierazi du kanpotik ekarritakoak ez direla helduta jasotzen, eta, beraz, ez dituztela bertakoek adina nutriente. "Gainera, kanpotik ekarritakoek nutrienteak eta bitaminak galdu egiten dituzte denboraren poderioz. Beraz, imajinatu zer iristen den gure platerera! Jaten dugun horrek elikatu egin behar gaitu, eta plazera eman".
Aizpuruk uste du, neurri batean, "aitona-amonen jateko ohiturak" egunerokoan txertatu behar direla: "Gure osasunak eskertuko digu, eta planetak ere bai. Elikadura osasuntsua zabaltzea dagokigu, gure ondorengoek hori jasotzeko eskubidea dutenez gero".
Hilaren 31n egingo dute Azokatik mahaira-ren hurrengo saioa, Azkoitian. Gero Gipuzkoako beste herri batzuetan ere izango da, hala nola Mutrikun (ekainak 14), Azpeitian (uztailak 11), Tolosan (irailak 6), Zumarragan (irailak 20), Hondarribian (urriak 4), Eibarren (azaroak 22) eta Ordizian (abenduak 7).