Azpeitia da biztanleko suhiltzaileen irteera gehien dituen udalerrietako bat

Nerea Uranga 2025ko mai. 29a, 11:57

Azpeitiko suhiltzaileak irteera batean. (Julene Frantzesena)

Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzuaren iazko jardueraren nondik norakoak azaldu dituzte gaur zerbitzuaren arduradunek. Orokorrean esku hartzeak gehitu egin dira, baina haien arrisku maila txikiagoa izan da.

Gipuzkoako suhiltzaileen iazko jardueraren balantzea aurkeztu dute gaur Irune Berasaluze Gobernantza diputatuak, Josu Idigoras Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko zuzendariak eta Josu Mañarikua suhiltzaule ofizialak. 2024ko ekitaldia aurreko urtekoa baino %10 esku hartze gehiagorekin itxi zuten suhiltzaileek; hain zuzen ere, iaz Gipuzkoan 3.370 esku hartze egin zituzten. "Eskakizun operatibo handiko urtea izan da zerbitzuarentzat", esan du Berasaluzek. 

Irteerei dagokienez, gehien egin dituen suhiltzaile etxea Bidasoakoa (897) izan da. Baina biztanleko irteera gehien izan dituen bigarren udalerria da Azpeitia, Legazpiren atzetik; mila biztanleko 10,85 irteera izan zituen Legazpik eta 9,33 irteera Azpeitiak.

Suhiltzaileek irteera gehiago egin arren, larritasun gutxiagokoak izan direla ere azaldu du Gipuzkoako zerbitzuaren zuzendariak. Haren arabera, zerbitzuak hiri inguruneetako 311 sutetan esku hartu du, landaguneetako 36 sutetan, industria instalazietako edota biltegietako 60 sutetan eta garraio azpiegituretako 119 sutetan.

Esku hartze tipologia kontuan hartuta, hazkundea orokorra izan da. hala adierazi dute zerbitzuaren arduradunek: "Laguntza teknikoek gora egin dute, batez ere fenomeno meteorologikoen edo liztorren habien ondorioz, eta 1.099 jarduketara iritsi dira. Salbamenduek (1.126) eta suteek (869) ere gora egin dute, eta salbamendua da talderik ugariena, irteera guztien % 33,4rekin. Zerbitzuak 2024an egindako esku hartzeen tipologiari dagokionez, % 26 suteei zegozkien, % 34 salbamenduei, % 32 laguntza teknikoei eta % 8 alarma faltsuei". Suhiltzaileek egindako esku hartzeetan 744 pertsona artatu zituzten denera.

Suhiltzaileen zerbitzua indartzeko egindako urratsak ere nabarmendu ditu Gobernantza diputatuak, eta hark adierazi du suhiltzaile etxe bakoitzeko dotazioa handitu egin dutela: "Suhiltzaile kabu bat eta lau suhiltzaile izatetik, kabu bat eta bost suhiltzaile izatera igaro da, eta horrek nabarmen hobetzen du edozein larrialdi motaren aurrean erantzun operatiboa emateko gaitasuna". Pertsonala gehitzeaz gainera, ekipamendu teknikoan ere hobekuntza garrantzitsuak egin dituztela esan dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide