Oier Alkorta: "Palak azken urtean izugarrizko booma eduki du"

Nerea Uranga 2025ko eka. 29a, 09:00

Oier Alkorta, Izarraitz pilotalekuko kantxan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Hiru urte daramatza profesionaletan palista azpeitiarrak. Gipuzkoan ez da pilotako modalitate ezagunena, baina Bizkaian palako txapelketak entzutetsuak dira. Martxoaren bukaeratik, ordea, lan hitzarmena eskatuz greban daude palistak. Maiatzeko Azpeitia Guka aldizkarirako egindako elkarrizketa da honako hau.

Palari lotuta egiten du bizimodua Oier Alkortak (Azpeitia, 2000); palista profesionala da, Gipuzkoako Pilota Federazioan palista gazteen txapelketak eta teknifikazio eskolak antolatzen jarduten du, eta Ilunpe pilota elkartearen erreminta saileko teknikarietako bat da. Elkarrizketa editatzerako orduan, apirilaren bukaeran, egoera petrala zuten profesionaletan; izan ere, lan baldintza duinak eta kontratuak berritzeko eskatuz palak jaitsita zituzten, greban zeuden.

Orain dela hiru urte debutatu zenuen profesionaletan. Nolakoak izan dira hiru urte hauek?

Ikasketako hiru urte garrantzitsu izan dira. Iruditzen zait palarako goiz debutatu nuela, baina urteotan ikaragarri ikasi dut, bai profesionalki eta baita pertsonalki ere. Nahiz eta asko ikasi, sufritzea ere egokitu zait, baina, orokorrean, asko disfrutatutako hiru urte izan dira.

Orain greban zaudete. Otsailaren 28an Innpalako arduradunek azaldu zuten pala profesionala kudeatzeari utziko ziotela, eta zuek grebari ekin zenioten, lan baldintza duinak eskatzeko, palista profesionalen prekarizazioa salatzeko eta kontratuak berritzeko eskatzeko. Gero jakin zen Innpala enpresa Dan Necol palistak eta Josu Urkijo enpresaren kirol zuzendariak erosi zutela. Nola dago auzia? 

Palista profesionalon lan baldintzak hobetzeko hitzarmen kolektibo bat egiteko eta gure eskubideak hobetzeko eskatzen ari gara martxoaren hasieratik, ELA sindikatuarekin batera. Lan baldintzak hobetzeko eskatzen hasi ginenetik, aurrera egin beharrean atzera egin dugunaren sentipena daukat. Izan ere, astero gauza berri batekin harritu gaituzte nagusiek, onerako izan beharrean okerrerako, gainera. Gu mugitzen hasi eta, egun batetik bestera, Innpalako nagusiak [Jose Ramon Garai] dena lagatzera zihoala esan zigun. Handik laster jakin genuen Necolek [Dan Necol] eta Josuk [Josu Urkijo] hartuko zutela enpresaren ardura; hala ere, gure ustez, horien gainetik Joserra Garai gure lehengo nagusiak jarraitzen du. Necolekin eta Josurekin bildu gara, baina ez dugu ezer adostu. Gainera, Ibai Perez, Iker Gordon eta Esteban Gaubeka –historiako palistarik onenetako bat– palistei kontratuak ez dizkiete berritu. Ibairen [Perez] kasuan arazo pertsonalak tartean daudela iruditzen zaigu, emaitza onak izaten ari zelako: binakakoan txapelduna eta banakakoan txapeldunordea izan da, eta greba hasi genuenean jokatzen ari ginen Urrezko Pala Proko sailkapenean oso ondo zihoan eta finalera sailkatzeko aukerekin.

Zer irtenbide ikusten diozu auziari?

Luzea egiten ari zaigula komentatu genuen atzo (apirilak 8) aldagelan. Mugitzen hasi ginenean ez nuen uste honaino iritsiko ginenik. Koadroan zortzi palista geuden, eta gero eta gutxiago gaude. Lan gatazka nahiko gogorra ari zaigu egiten, oso geldirik dago kontua eta dena nahiko iluna ikusten dugu.

Horrek guztiak palari ere eragingo dio, ezta?

Azken urtean palak maila gorena izan du, eta jendetza batu da partidetara. Iazko irailean, ETBk antolatutako Sopela Pala Pro txapelketak izugarrizko booma eduki zuen. Ligako eta banakako partidetara askoz jende gehiago etortzen hasi zen. Palak oso urte ona eduki du, eta pena da orain egoera honetan egotea. Beldur gara honek guztiak aurrera begira negatiboki eragingo ote digun.

Bizkaian jokatzen dituzue pala txapelketak batik bat; zergatik ez Euskal Herriko beste lurraldeetan?

Profesionaletako hiru urteotan batik bat Bizkaian jokatu dut; Gipuzkoan jaialdiak jokatu izan ditut Azpeitian, Zumaian, Deban eta gutxi gehiago. Bizkaian palarako afizio handiagoa dago, indar gehiago du kirolak, errotuago dago. Dena den, iruditzen zait komertzialki pala hobeto saldu beharra dagoela, gauzak hobeto eginda eta lan pixka bat gehiago eginez. Palaren alde gehiago egitea badago.

Zeintzuk dira pala txapelketa nagusiak?

Irailetik abendura, Kutxabank liga jokatzen dugu, ligarik luzeena da hori. Abendutik urtarrilaren bukaerara arte, banakako txapelketa jokatzen dugu. Gero, otsailetik Aste Santua bitartean, Mungiako txapelketa izaten dugu. Aste Santutik bueltan –orain hasi beharko genuke–, Bizkaiako Open Txapelketa hasten dugu. Profesional mailako txapelketa da azken hori ere, baina nabarmentzen ari diren pare bat afizionatuk ere parte hartzen dute. Txapelketa horren segidan, udako herrietako jaietako jaialdiak jokatzen ditugu.

Palista profesional gisa zer erronka dituzu?

Inoiz ez dut pentsatu horretan. Txapelketa bat jokatzen ari naizenean, erronka gisa beti txapelketa hori jarri izan diot neure buruari, eta txapelketarako ahalik eta ondoen prestatzea izaten dut xede. Beti objetibo txikiak izatera jo dut, epe motzeko lanean zentratuz. Ez dakit hemendik lauzpabost urtera profesionaletan jarraituko dudan, beraz astez asteko erronkak jartzen dizkiot neure buruari. Ikasten segitzen joatea da nire helburua, eta txapelen bat irabaztea lortzen badut, askoz hobeto.

Esku pilotak eta zesta puntak horrelako loraldi bat bizi dute. Erremonteak ere bolada bat eduki zuen. Pala zergatik egon da beti itzalpean?

Bizkaian palak indar hangiagoa du, Gipuzkoan baino loratuago dago. Gipuzkoan, Azpeitian eta, badaude oso txukun jokatzen duten palista afizionatuak, badago palan ibiltzen den jendea, baina ez du Bizkaian daukan arrakasta hori. Hala ere, Gipuzkoan indarra hartzen ari da pixkanaka, eta indar handiagoa hartuko duenaren itxaropena dut. Egia da, ordea, eskuaren aldean-eta itzalpeagoan egon garela, baina ea denborarekin horri ere buelta ematen diogun.

Azpeitian palarako afizioa badagoela esan duzu.

Ilunpe pilota elkarteak erreminta saila ere badu, gauzak oso ondo egiten ari da, eta badaude palista gazteak, seniorrak... Beti itzalpean egon izan gara, baina denborarekin ari gara indarra hartzen; atzetik lantalde txikia baina polita daukagu eta denok oso harreman ona dugu. Fundibide enpresaren babesa eskertu beharra daukagu, baita Azpeitiko Udalak ematen digun laguntza ere. Lanean ari gara Azpeitian pala pixka bat gehiago zabaltzeko eta indartzeko.

Ilunperen erreminta eskolan ere jarraitzen al duzu?

Eneko Martija eta biok gara erreminta eskolako teknikariak. Orain dela bizpahiru urte jarri genuen martxan pala eskola. Gaur egun hamasei gazte dabiltza, eta oso gustura gaude haiekin. Harrituta gaude zenbat jende ari zaigun esaten palaz jokatzen hasi nahi duela, baina ezin diogu horrenbeste jenderi baiezkoa eman. Ahal dugun zerbitzu onena ematea nahi dugu, eta zaila egiten zaigu bion artean horrenbeste laguni entrenamendu zerbitzu on bat eskaintzea. Erreminta eskolan ditugunak ondo mimatzen segitzea nahi dugu, eta aurrera begira erabakiko dugu jende gehiago hartu ala ez, baina egia da uste baino jende gehiago ari zaigula palaz hasi nahi duela esaten. Pena ematen du ezetz esateak, baina orain hori egin beharra daukagu, eta datorren urtera begira baloratuko dugu zer egin. Gainontzean, Azpeitian jende asko ibiltzen da palaz teniseko pilotarekin eta. Gure modalitatea, aldiz, pixka bat exijenteagoa da: kaskoarekin jokatu behar da, konpromiso handia eskatzen du, asko entrenatu behar da... Urtebete edo bi urte behar izaten dira pilotaren bizitasunera ohitzeko, oso kirol zaila eta frustrantea da; horregatik, batzuetan jendeak atzera egiten du, baina, zorionez, aurrera egiten duen jendea ere bada.

Eneko Martija aipatu duzu. Palan bikotekidea izandakoa da hura eta elkarrekin hainbat txapelketa irabazitakoak zarete. Gero, zuk profesionaletan debuta egin aurretik, banatu egin zineten. Nolatan banatu zineten?

Eneko [Martija] eta biok txiki-txikitatik lagunak gara, elkarrekin ikasi genuen, eta gerora, biok toki desberdinetan baina ikasketa berdinak egin genituen. Denean beti elkarrekin ibiltzen ginen, eta palan ere bai. 18 urterekin nik erremintara pasatzeko erabakia hartu nuen, larruzko pilotarekin eta kaskoarekin jokatzera igaroz. Enekok, aldiz, gomazko pilotarekin segitzea erabaki zuen, eta gerora pasatu zen gomatik erremintara. Garai horretan ni profesionaletan debutatzear nengoen, eta hortxe banatu ginen. Enekok palan jokatzen segitzen du, eta ikaragarri jokatzen ari da. Entrenatzako elkarri lagundu egiten diogu, askotan entrenatzen dugu biok batera Izarraitz pilotalekuan.

Nolatan heldu zenioten palari? Zeinek erakutsi zizuen?

10 bat urte genituela, ikastolan banatutako zirkularrean ikusi genuen hainbat kirol txapelketa zeudela: futbola, beste batzuk eta pala. Enekok eta biok palan izena ematea erabaki genuen. Palan jokatutako lehen txapelketan ez ginen batere gustura sentitu, baina segitzea pentsatu genuen, eta hurrengo txapelketan ondo joan zitzaigun. Emaitza onak izan ditugu, biok oso ondo konpondu izan gara, eta gurasoak izan dira beti gure entrenatzaileak. Eduki izan ditugu lagundu gaituzten entrenatzaile batzuk, baina gure entrenatzaile nagusiak gure gurasoak izan dira.

Palak bizitzeko lain ematen al du?

Nik beti diot palista profesionalak garela esan ohi dugula, baina profesionalak ez garela. Ikasketak bukatu berri ditut, eta pala eta ikasketak ondo uztartu ditut. Azken hiru urteetan Gipuzkoako Pilota Federazioan ere banabil hastapenekoen –benjamin, kimu, infantil...– pala txapelketak, teknifikazoak, metodologia antolatzen. Gero, Ilunpeko erreminta eskolan ere ari naiz. Beraz, lan horiekin eta nire Bilboko palista ibilbidearekin bizitzeko ematen dit. Palari lotuta, baina gauza asko egiten, palan jokatuz bakarrik ezinezkoa delako bizitzea. Dena den, zorteko naiz: gustuko gauza baten inguruan nabil denbora osoan eta, alde horretatik, pribilejiatua sentitzen naiz.

Zure ingurutik kanpo inork ba al daki palista profesionala zarela?

Ez dakit. Ez zait gustatzen palista profesionala naizela esaten ibiltzea. Nire ingurukoek badakite, gainontzean ez dut uste jende askok dakienik.

Non entrenatzen duzu?

Astero entrenamendu saio bat Bilboko Miribilla pilotalekuan egiten dut, eta beste bat bakarrik edota Enekorekin-edo Izarraitzen. Horiez gain, alderdi fisikoa lantzen dut, eta partida ere jokatzen dut.

Palan hainbat modalitate daude. Zer alde dago batetik bestera?

Alde batetik, gomazko pilota dago, betaurrekoekin jokatzen da eta pilota gomazkoa da. Era horretan batik bat Gipuzkoan jokatzen dira partidak launaka, binaka edota banaka. Beste aldetik, erreminta dago, eta hor honako joko moldeak daude: larruzko paleta, pala motza eta pala edo pala luzea. Pala edo pala luzea da modalitate exijenteena, zailena eta diziplina gehiena eskatzen duena, eta profesionalok jokatzen duguna. Larruzko paletarekin eta pala motzarekin afizionatuetan jokatzen da batik bat. Larruzko paleta hastapeneko modalitatea da, baina gerora ere jokatu daiteke; pilota arinena erabiltzen dute. Pala motza, berriz, nahiko zaila da.

Pilota batek ona izateko zer ezaugarri izan behar ditu?

Niri tokedun pilotak gustatzen zaizkit, zarata ateratzen dutenak eta beti bote berdina egiten dutenak. Batzuk oso apetatsuak dira pilotekin, baina ni ez naiz horrelakoa.

Eta palak?

Hiru bat pala behintzat eginda edukitzea gustatzen zait niri, bakoitzak bere ezaugarriak izaten baititu. Adibidez, hiru entrenamentu egiten baditut aste batean, hiruretan pala desberdina erabiltzen dut. Inoiz ez dut pala bakar bat erabiltzen beti. Pala bakoitza mundu bat da: zer egurrekin eginda dagoen, pisuak non jarrita dituen, betak nolakoak dituen, heldulekua... Ematen du egur puska bat besterik ez dela pala, baina izugarrizko mundua dago palaren bueltan. Nik Nafarroako Arambillet enpresan egindako palak erabiltzen ditut.

Zerbait ba al dago jokatzera atera aurretik egin behar izaten duzuna?

Bai, gauza asko. Ez nintzen batere superstiziosoa, baina denborarekin gero eta gehiago bihurtzen ari naiz, eta kentzea nahi dudan gauza bat da. Beti gauza berdinak egin behar izaten ditut partida egunetan: gauza bera jan behar izaten dut, kantitate bera, beti toalla bera eraman behar izaten dut, siesta ordu berean egin... txorradak dira asko. Praka txuri batzuekin nire partida onena egiten ez badut, hurrengoan prakak aldatzea nahi izaten dut. Inguruko denak oso superstiziosoak direla ikusten dut, eta neu ere horretan bihurtu naiz. Lehen ez nintzen horrelakoa, baina areagotzen ari naiz kontu horietan, kentzen saiatzen naizen arren.

Motzean

Palaz jokatzeko frontoi bat? Olaberriko [Gipuzkoa] frontoia.

Olaberrikoa zergatik? 18 urtetik 22 urtera, profesionaletan debutatu aurretik, Olaberrian jokatzen nuen Oiangu taldean. Orduko oso oroitzapen onak dauzkat, eta asko gustatzen zait hango pilotalekua.

Ilunpetik kanpora ere jokatu izan duzu orduan? Bai, aurrez esandako urte horietan Oiangun jokatu nuen, garai hartan Ilunpen ez zegoelako erreminta sailik; gero sortu zen. Lotsati-lotsati sartu nintzen Oiangura, eta denek beso zabalik hartu ninduten. Nik ikaragarri dut eskertzeko Oiangu pilota elkartekoei. Haiei ere beti esaten diet hori, eta beti esango dut, hein handi batean, haiei esker ari naizela gaur egun Bilbon jokatzen.

Palarako bikotekide bat? Eneko Martija.

Pala txapelketa bat? Mungiako txapelketa.

Palari lotuta gogoan duzun momentu bat? 20-21 urterekin 22 urtez azpiko eliteko txapelketa bat irabazi nuen momentua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide