Hantxe bertan

Asier Iturrikastillo: "2020-2021 urteak nire bizitzako onenak izan dira"

Ihintza Elustondo 2025ko uzt. 15a, 12:49

Asier Iturrikastillo, kanguro batekin. (Utzitakoa)

Bost urte eta erdi daramatza Asier Iturrikastillok (Azpeitia, 1993) Australian. Gaur egun, beste azpeitiar batekin bizi da, Gold Coasten. Ekaineko Azpeitia Guka aldizkariko Hantxe bertan ataleko elkarrizketa da hau.

Noiz eta nolatan joan zinen Australiara?

2019ko irailean etorri nintzen. Aurrez bidaiatzen egona nintzen, eta banekien itzultzea nahi nuela. Work and holiday [lana eta oporrak] izeneko bisa batekin, urtebetez Australian lan egiteko aukera ematen dizute, eta horixe egitea erabaki nuen. Hasiera batean, urtebeterako etorri nintzen, baina lehen urtean hiru hilabetez baserri batean lan egiten baduzu, bigarren urtez hemen gelditzeko aukera ematen dizute. 

Baserriko lanak egiten aritu zinen?

Bai, platanoak biltzen aritu nintzen. 2020an izan zen hori, pandemia garaian. Orduan, ni Sydneyn bizi nintzen, eta COVID-19a zabaltzen hasi zenean, hiri handia denez, handik alde egitea erabaki nuen. Autoa hartu, eta agian 35 ordu gidatuko nituen iparraldera, Cairnsera iritsi arte. Han COVID-19 kasurik ez zegoen, eta horregatik joan nintzen hara. Oso gune tropikala da, eta bost hilabete pasatu nituen han platanoak biltzen. 

Platano mordoa jango zenuen orduan, ezta?

Bai, gehiegi. Nazkatu eta dena egin nintzen azkenerako [barreak]. Mundu osoko jendea elkartu ginen baserrian; 80 bat pertsona izango ginen, denak ni bezala hirietatik ihesi joandakoak. Han lan egin genuen bost hilabeteetan ez zen COVID-19 kasu bakar bat ere izan, eta bizitza normala egiten genuen. Baserriko egonaldia amaitzean, han ezagututako lagunek bidaia bat egin genuen Australian barrena. Gero, Australia iparralde-iparraldera joan ginen, eta zonalde horretan, eraikuntzan eta beste arlo batzuetan sei hilabetez lan egiten baduzu, hirugarren urtez Australian gelditzeko baimena ematen dizute. 

Beraz, trikimailu denak ikasi dituzu...

Bai; izan ere, garai hartan, izurria tarteko, ikusten nuen nola bizi zineten Euskal Herrian, eta ahal bezala, hemen gelditzea nahi nuen. 2020-2021 urteak nire bizitzako onenak izan dira. Egoera horretan, erabaki nuen momentuz hemen bizitzea nahi nuela, gustura nengoelako, eta zerbait ikastea pentsatu nuen. Euskal Herrian mekanizazioko goi mailako zikloa ikasi nuen, baina hemen ez nuen nahi arlo horretan lan egitea. Orduan, arotz ikasketak egin nituen, eta hiru urte pasatxo daramatzat horretan lanean. 

Gaur egun, non bizi zara?

Ikastea erabaki nuenean, Gold Coastera etorri nintzen bizitzera, nire kuadrillako azpeitiar bat hemen bizi delako: Txubel [Aitor Zubeldia]. Kuriosoa da bi kuadrillako hemen elkartu izana. 

Australiara joatean, espero al zenuen hainbeste urtean hor geldituko zinela?

Nahiko al nukeen izan balitz galdera, agian baietz erantzungo nuke, baina jakinda hemengo migrazio arauak zeinen zorrotzak diren, zaila iruditzen zitzaidan. 

Zergatik nahi zenuen? Zerk erakartzen zintuen?

Beti erakarri izan naute hemen lanerako dauden aukerek, baita klimak ere, ia negurik ez dugulako. Horrez gain, gertu ditugun herrialdeak ere erakargarriak egiten zaizkit bidaiatzeko. 

Asko bidaiatu al duzu?

Azkenaldian gutxi, baina lehen asko. Lau aldiz izan naiz Indonesian, Filipinetan hiru aldiz, Japonian, Thailandian, Sri Lankan, Zeelanda Berrian... 

Ba al da hortik gustatzen ez zaizun zerbait?

Gauza batzuk kuriosoak dira. Bertakoek, agian, 17:30ean afaltzen dute. Nire lankide asko 20:30erako lo egoten dira, eta 04:00etan jaikitzen dira. Niri, berriz, horko ordutegian ibiltzea gustatzen zait. Normalean, 06:00etatik 15:30ak arte egiten dut lana, eta arratsaldean hondartzara edo gimnasiora joaten naiz, tenisean ibiltzera...

Orain, zein da zure egoera hor?

Bisan pauso bat bakarrik falta zait erresidentzia lortzeko. Gustatuko litzaidakeena da hori lortu eta hemen bizitzen jarraitzea, baina Euskal Herrira gehiago bidaiatzea. Ia bi urte dira azkenekoz Azpeitian izan nintzela, eta familiaren eta lagunen falta sumatzen dut. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide